LGTBI+ gorroto- delituak nerabezaroan: pertzepzioak, ondorioak eta neurriak

Aurkezpena
Kurtso honen xede nagusi da etorkizuneko irakasleei, jardunean diharduten irakasleei zein hezkuntzako bestelako eragileei nerabezaroan ematen diren LGTBI+ diskriminazio egoeren gaineko informazio eguneratu eta zientzian oinarritutakoa eskaintzea. Kurtsoan zehar, parte hartzaileek diskriminazio ezberdinen iturriak, jatorria eta eraginak aztertzeaz gain, egoera hauei aurre egiteko tresna aproposak emango zaizkie. Egun, nerabezaroan ematen diren LGTBI+ diskriminazio egoerek kezka sorrarazten dute hezitzaile zein hezkuntza eragileengan eta gai honetan sakontzeko interes berezia dago. Izan ere, azken hamarkadan igoera nabaria egon da diskriminazio mota hauetan, eta gure eskolen egunerokotasunean honakoa argiki islatzen da. Ezarritako arau sozialetatik era batean ala bestean aldentzen diren nerabeek LGTBI+ diskriminazioa pairatzeko arriskua dute eta hau jasateak osasun mental zein fisikoan ondorio larriak izan ditzake (Adelson et al., 2016; Pickles, 2021; Prairie et al., 2022; Ybarra et al., 2015).
Helburuak
- Etorkizuneko irakasleei, jardunean diharduten irakasleei zein hezkuntzako bestelako eragile garrantzitsuei nerabezaroan gauzatu daitezkeen LGTBI+ gorroto-delituen gaineko informazio teoriko zein praktikoa eskaintzea.
- Etorkizuneko irakasleei, jardunean diharduten irakasleei zein hezkuntzako bestelako eragileei LGTBI+ gorroto-delituek nerabeengan izan ditzaketen eragin kaltegarriak azaltzea eta hauen inguruko sentsibilizazioa bultzatzea.
- LGTBI+ gorroto-delituen testuinguraketa teoriko eta formala burutzea egungo marko eguneratutik.
- Etorkizuneko irakasle, jardunean diharduten irakasle zein hezkuntzako bestelako eragileak nerabezaroan eman daitezkeen LGTBI+ gorroto-delituen aurrean erantzun egokiak izateko trebatu.
Edukiak
- LGTBI+ gorroto-delituak eta diskriminazio gertaerak nerabezaroan: definizioa, egungo legedia eta indarkeria mota nagusiak (bullying-a, senitartekoan emandako indarkeria…).
- Gorroto-delitu eta diskriminazioaren marko teoriko eguneratuaren lanketa: Meyer-en (1995) “Minority Stress Model” teoria.
- Diskriminazio gertaerak jasatearen ondorioak nerabeengan: osasun mentaleko arriskuak (autoestima gutxitua; suizidio-arriskua; depresio- eta antsietate-sintomatologia; drogen kontsumoa, eta bestelako osasun mentalaren arazoen prebalentzia).
- Irakaskuntza jardunean diskriminazioa hautemateko eta honakoari irtenbide aproposa emateko gakoen lanketa.
- Gai hauen egungo egoera Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan: ikerketa eguneratua, kasu praktikoak, ekintza eta plan zehatzak.
Metodologia
Ikastaroaren modalitatea aurrez-aurrekoa izango da, baina aurretik, etxeko lan txiki bat egongo da eta amaieran, onlineko zatia UEUren Ikasgela Birtualaren baitan emango da.
Ikastaroa hasi aurretik parte hartzaile bakoitzari eskatuko zaio nerabezaroan ematen diren gorroto delituak jorratzen dituzten albisteak biltzea. Esaterako, egunkarietan, telebistako berrietan, sare sozialetan edota eguneroko jardun profesionalean azaleratzen diren kasuak bilduko dituzte parte-hartzaileek.
Aurrez-aurreko saioan, gaiari loturiko ariketa teoriko-praktikoak burutuko dira. Sarrera moduan parte hartzaileei baliagarri suertatuko zaizkien teoria aktualizatu zein terminologia aurkeztuko dira modu erakargarrian. Era berean, eskura dauden baliabide, agente eta erreferentziazko kasuak ere aurkeztuko dira sarrera honetan. Ondoren, ikasleek etxetik ekarritako albisteak partekatu, landu eta analizatuko dira. Kasu praktikoak lantzeko, talde bakoitzak ikuspegi ezberdin batetik lan egingo du (hala nola hezitzaile, irakasle, zuzendaritza, erakunde… moduan egingo da lanketa eta analisia). Honetarako, talde txikitan eta irakasleen gidaritzapean egingo dugu lan lehenik eta ondoren talde handian partekatuko du talde bakoitzak landutakoa.
Nori zuzenduta
Etorkizuneko irakasleei, jardunean diharduten irakasleei zein hezkuntzako bestelako eragile garrantzitsuei.