070 Irakasleok euskaraz zuzen, egoki eta jator idazteko eta mintzatzeko hamaika gomendio, arau eta tresna digital (23/24)
Aurkezpena
Matrikulazio epea: 2023ko irailaren 12tik 29ra, biak barne. HEZIGUNEA atarian
Irakasleok, gure irakasgaia edozein dela ere, hizkuntza dugu lan-tresna nagusi: hizkuntza erabiltzen dugu ikasleekin hitz egiteko, lankideekin bilerak egiteko, ikasmaterialak erabiltzeko edo sortzeko... Ondo komunikatzeko gaitasuna, ordea, ez da edonork berez duen gaitasun bat, etengabe landu eta zaindu beharreko zerbait baizik. Azalpen ulergarriak emango baditugu, gai izan behar dugu aldiro hitz egokiak aukeratzeko, esaldiak ondo josteko, eta esaten edo idazten dugun hori komunikazio-egoerara egokitzeko. Ikastaro honek euskarazko komunikazio-gaitasuna lantzeko abiapuntu bat eskaini nahi die parte hartzen duten irakasleei, sarri egiten ditugun akatsetatik abiatuta eguneroko hizkuntza-arazoei aurre egiten treba daitezen.
Ohiko akats ortografiko eta gramatikalak ez ezik, estilo-kontuak ere landuko dira ikastaroan: kalko okerrak eta egitura traketsak, puntuazioaren oinarrizko gako batzuk... Hori guztia, sarean eskuragarri ditugun euskarazko zenbait tresna eta baliabide oinarritzat hartuta. Hala, ikastaroak aukera emango die parte-hartzaileei euren hizkuntza-jarduna kritikoki aztertzeko eta euren ahulguneak eta indarguneak identifikatzeko, eta, horrez gain, bide baliagarriak eskainiko dizkie egunerokoan sortzen zaizkien hizkuntza-zalantzak modu autonomoan argitzeko.
Irakasleak
Helburuak
Ikastaroaren helburu nagusia:
- Irakasleen euskarazko komunikazio-gaitasuna hobetzea, bai idatzizkoa eta bai ahozkoa
Helburu espezifikoak:
- Zuzen eta egoki komunikatzeak irakaskuntza esanguratsurako duen garrantziaz jabetzea
- Hizkuntza-zalantzak argitzeko eta komunikazio-gaitasuna lantzeko eskuragarri dauden tresna eta baliabide digitalak ezagutzea
- Idatzizko eta ahozko hizkuntza-jardunean sarri egiten ditugun zenbait akats identifikatzea (ortografikoak, gramatikalak, estiloari dagozkionak...)
- Norberak sortutako ikasmaterialak hizkuntzaren ikuspegitik kritikoki aztertzea eta ebaluatzea, aurrera begira hobetu beharrekoak identifikatzeko
Edukiak
1. Irakaskuntzan komunikazioa zaintzearen garrantzia: zuzentasuna eta egokitasuna
2. Irakasleon ohiko ortografia- eta gramatika-akatsak
3. Zuzentzaileak, akatsak saihesteko lagungarri
4. Hiztegi-kontsultak Euskalbar tresnaren bidez
5. Corpusak: hizkuntzaren erabilera erreala aztergai
6. Irakasleon ohiko kalko eta egitura okerrak, estilo-liburuak oinarri
7. Puntuazioaren inguruko zenbait gako
8. Itzultzaile automatikoak: noiz eta nola erabili (eta noiz eta nola ez)
9. Zalantzak argitzeko beste bide batzuk
10. Sintesia eta nork bere kasa ikasten jarraitzeko gomendioak
Metodologia
Ikastaro hau online eskainiko da osorik, oinarrian Moodle plataforma duen UEUren Ikasgela Birtualaren bidez. Eduki teoriko guztiak jarduera praktikoen bidez landuko dira.
1. astea: lehenengo, bigarren eta hirugarren gaiak. Guztira 6 ordu.
2. astea: laugarren, bosgarren eta seigarren gaiak. Guztira 6 ordu.
3. astea: zazpigarren gaia. Guztira 6 ordu.
4. astea: zortzigarren eta bederatzigarren gaiak. Guztira 6 ordu.
5. astea: hamargarren gaia eta proiektu pertsonala. Guztira 6 ordu
Nori zuzenduta
Irakasleak orokorrean