DE004 - Prozedura feministak ikerketan. Ezagutza eta komunitatea

Hasiera - Bukaera data: 2023ko maiatzaren 31a - 2023ko ekainaren 20a
Tokia: Ikasgela Birtuala
Izaera: Online
Ordu kopurua: 15
Matrikula-epearen hasiera: 2023ko otsailaren 27a
Matrikula-epearen bukaera: 2023ko maiatzaren 15a

Aurkezpena

Ikastaro hau UEU-GOIk UPV/EHUko Doktorego Eskolarako (DOKe) 2022-2023 ikasturtean eskaintzeko prestatu duenikastaro sortan sartzen da. Ikastaro sorta honen helburua, UPV/EHUn matrikulaturik dauden doktoregai euskaldunei prestakuntza osagarria eskaintzea da eta beraz ikastaro hauek UPV/EHUko Doktorego Eskolan matrikulaturik dauden ikasleentzat da soilik.

Ikastaroa BETE DA, baina ITXARON ZERRENDA ZABALIK DUGU.

 

Prozedura feministak ikerketan. Ezagutza eta komunitatea

Ikerketa-esparruetan eta ikerketa-prozesuetan askotarikoak dira genero-desorekak eta genero-gatazkak, gaur egungo beste edozein gizarte-testuingurutan gertatu bezala.
Horrenbestez, genero-bereizkeriak desagerrarazteko bidean, ezinbestekoa da ikuspegi feminista lantzea ezagutza sortzeko eremuetan ere (besteak beste, ikerketa akademikoetan). Doktoregai eta ikertzaile gisa orain arteko geure jardunak, geure praktikak eta geure prozedurak feminismotik birpentsatzeko gogoeta-bideak, kontzeptuak eta jardunbideak eskainiko dira ikastaroan, hiru alderdi hauetan arreta jarriz:

  1.  ikertzailearen genero-posizioan zein genero-kontzientzian;
  2.  ikerketa-komunitatearen genero-praktiketan, eta
  3.  ikerketa-prozesuan zein -ekoizpenean eraikitako genero-logiketan.

Izan ere, ikerketa-ibilbidean eta ikerketa-prozesuan zehar askotariko ikerketa-harremanak abiatzen ditugu (beste doktoregai edo ikertzaile batzuekin, geure ikerketa-taldeko kideekin, aztergai izan ditzakegun subjektu edo herritarrekin, eta abar). Sarritan gizarte- komunitate txiki batzuetarako sarbidea egiten dugu lehen aldiz.

Irakasleak

Helburuak

Ikastaro honen helburu nagusiak hauek dira, ikertzaileen ahalduntze feministan eragitea
ipar izanda:

  • Ikertzaileengan kontzientzia feminista sustatzea, nork bere ikerketa-jardunaren genero-logikak identifikatzeko, baita ikerketa-esparruko genero-bereizkeriak identifikatzeko ere.
  • Ikerketa-harremanetan eta -komunitateetan botere-harremanak identifikatzeko eta dinamika feministak eraikitzen joateko lehen oinarri batzuk ezartzea.
  • Genero Ikerketen eta Ikerketa Feministen inguruko oinarrizko kontzeptu eta oinarri zenbait ezagutzea.
  • Gogoetarako gune bat sortzea, ikertzaile feministok kezkak, esperientziak, diskurtsoak eta praktikak partekatzeko.

Edukiak

1. IKERTZAILE EZ DA JAIOTZEN, EGIN EGITEN DA
1.1. Pertsonala politikoa da
1.2. Zaintza bat norberarena
1.3. Ikerketaren ikuspegi normatiboaz beste

2. IKERKETA-KOMUNITATEAREN TOLESAK
2.1. Botere-harremanak eta genero-logikak ikerketa-eremuetan
2.2. Elkarlana eta ahizpatasuna
2.3. Autoritatea feminismotik birpentsatzen

3. IKERKETA-PROZEDURAK AUZITAN
3.1. Epistemologia feministak: hurbilketa bat
3.2. Ikerketa-metodologiak: birkokatze feministak
3.3. Ikerketa-dokumentua: interpretazio, gorpuzte eta idazketa ez-sexistak

Metodologia

Ikastaroa online modalitean izango da, UEUren Ikasgela Birtualaren bidez. UEUren online irakaskuntzarako eredu pedagogikoa izango du oinarri eta ikasleak era autonomoan antolatuko den arren, taldea izango du erreferentzia, ikasle guztiek gaiak aldi berean landuz.

Nori zuzenduta

Ikastaro hau UPV/EHUko Doktorego Eskolan matrikulaturik daden doktoregaiei zuzenduta dago bere prestakuntza aldiaren osagarri gisa.

Jakintza-arloak