Trantsizio ekosoziala Euskal Herrian: sektore-arteko burujabetza-proiektu estrategikoen azterketa


Euskal Herrian garatzen ari diren lurralde burujabetza-prozesuek zenbait ezaugarri komun erakusten dituzte, nahiz eta aniztasun handia egon formetan eta intentsitatean. Lehenik, prozesu horiek trantsizio ekosozialaren erronkari modu esplizituan heldu diote, baliabide naturalen muga biofisikoak errespetatuko dituen bizitza-eredu baterantz aurrera eginez, eta aldi berean, justizia soziala eta zaintza erdigunean jarriko dituen eraldaketa bultzatuz. Bigarrenik, prozesu horien erdigunean daude bizitzarako funtsezkoak diren sektore ekonomikoak. Helburua da sektore horietan (energia, elikadura, zaintza, besteak beste) demokratizazio sakona sustatzea, hau da, ekoizpen-bitartekoen kontrol soziala handitzea. Hirugarrenik, esperientzia horiek tokiko eskalan errotuta daude, baina aldi berean dute errepikatzeko eta eskalatzeko bokazioa. Euskal Herria bera agertzen da sarritan horizonte komun gisa, eta horrek bultzatzen du logika konfederal baterako joera: esperientziak konektatzea, sareak ehuntzea eta eskala handiagoetan eragina bilatzea. Azkenik, prozesu horiek ez dira sektorialak soilik, baizik eta artikulazio edo mihiztadura prozesuak ere badira.

Azken urteotan, trantsizio ekosozialaren eta Euskal Herriaren burujabetzaren inguruko gogoeta estrategikoek aukera eman dute udalgintza, kooperatibismoa eta herrigintza ekosoziala orube komun batean topo egiteko. Martxan jarri diren esperientzia askok emaitza interesgarriak eman dituzte, baina emaitzak ez dira homogeneoak: batzuk arrakastatsuak izan dira, beste batzuk zailtasun handiekin doaz aurrera, eta badira erori direnak ere. Gainera, badira lurraldeak non antzeko prozesurik ia ez dagoen. Horrek galdera teoriko-praktiko garrantzitsuak ekartzen ditu lehen planora: Zeintzuk dira lurralde batean halako prozesuak abiatzeko eta garatzeko behar diren baldintzak? Zertan datza egitasmo horien arrakasta? Zeintzuk dira indarguneak eta ahulguneak? Nola artikulatu mihiztadura-burujabeak oinarri-oinarritik?Galdera hauei erantzutea da proiektu honen helburu nagusia. Horretarako, lan-mintegi bat antolatu da eta esperientzia bakoitzaren diagnostiko laburra egiteaz gain, burujabetzaren ardatz ezberdinak gurutzatzeko aukerak ere aztertu dira. Lan-mintegi honetatik lantalde iraunkor bat osatzea dugu xede, gaiari jarraipena emateko.

Gaiaren inguruko esperientziak partekatzeko jardunaldia ere antolatu zen urriaren 9an Eibarren: «Trantsizio ekosoziala Euskal Herrian: sektore-arteko burujabetza-proiektu estrategikoen azterketa». Han aipatu ziren esperientzietako batzuk jaso ditugu.

Arantza Aldezabal Roteta. «Trantsizio ekosoziala Euskal Herrian» ikerketa proiektuko koordinatzailea.

Biziola. Irabazi asmorik gabeko eta gizarte ekimeneko kooperatiba da. Goierri eskualdeko herritarrak, ekonomia sozial eraldatzaileko eragileak eta bestelako erakundeak saretu nahi dituena.

Hernani Burujabe. Hernani Burujabe herri proiektu bat da, herriko ehun ekonomiko, sozial eta administratiboa barnebiltzen dituen trantsizio ekosozialerako alternatiba praktiko bat.

Hernani Burujabe. Hernani Burujabe herri proiektu bat da, herriko ehun ekonomiko, sozial eta administratiboa barnebiltzen dituen trantsizio ekosozialerako alternatiba praktiko bat.