Eraldaketa soziala Euskal Herriko Unibertsitateko Pedagogiako Graduan. Ikasleen iritzia
Lan honek Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Pedagogiako Graduko ikasleen iritzia jaso du «eraldaketa sozialak» graduan duen presentziari buruz. Emaitzek adierazten dutena da ikasleen iritziz eraldaketa soziala gutxi lantzen dela Pedagogiako Graduan, eta lantzen denean, azaletik bakarrik lantzen dela; bigarren emaitza da, gradua aurrera doan heinean, eraldaketaren lanketak pisua galtzen duela. Graduko lehenengo bi urteetan eraldaketa sozialaren beharra aipatzen den arren, ezer gutxi egiten da eraldaketa horrek zer forma izan dezakeen eztabaidatzeko. Pedagogoen rol eta funtzioei buruz ere ez da hausnartzen kritikoki. Horretaz gain, graduan ez da analisi politikorik egiten, ez da gizarteko arazo zehatzekin loturarik egiten, ikuspegi kritiko eta erradikalak gutxi lantzen dira eta pedagogia kritikoetako klabeak ere gutxiegi aplikatzen dira: hausnarketa kritikoa, sormena, eztabaidak, ikasleen parte-hartzea eta jarrera aktiboa, irakasleak aldaketarako erreferente izatea, ikuspegi kolektiboa indartzea… Ez dira lantzen eraldaketarako beharrezkoak liratekeen balioak, eta graduak aurrera egin ahala, gizartean nagusi diren balioak nagusitzen dira, indibidualismoa eta lehiakortasuna.
Aldizkari honetako artikuluak deskargatzeko webgunean login egin behar da:
Sartu