Pembrolizumab: melanoma metastasikorako aukera terapeutikoa Barrualde-Galdakao Erakunde Sanitario Integratuan

Autorea(k): Edurne Alonso Arana, Andrea González Aldazabal, Francisco Javier Goikolea Ugarte
Jakintza-arloak: Medikuntza
Orrialdeak: 7-20

Sarrera: Pembrolizumab melanomaren tratamendurako immunoterapia estandar bihurtu da. Melanoma metastasikorako farmako horren erabilera orokortzen ari da, saiakuntza klinikoetan emaitza onuragarriak erakutsi dituelarik.

Helburuak: Barrualde-Galdakao ESIko melanoma metastasikodun pazienteen pembrolizumab-aren eraginkortasun- eta segurtasun-emaitzak aztertu eta KEYNOTE-006 saiakuntza klinikoarekin konparatzea.

Metodoak: Azterketa obserbazionala, deskribatzailea eta erretrospektiboa egin da, Barrualde-Galdakao ESIko eguneko ospitalean 2017tik 2023ra bitartean pembrolizumab farmakoarekin tratatutako melanoma metastasikoa duten pazienteen historia klinikoen berrikuspenaren bidez osatua. Pazienteen jarraipena heriotzara arte edo azterlana itxi arte egin da, hainbat aldagairen analisi estatistikoa eginez. Ondoren, aldagaiei buruzko datuak KEYNOTE-006 saiakuntza klinikoarekin konparatu dira.

Emaitzak: 32 paziente ebaluatu dira. Progresiorik gabeko biziraupena 6 hilabetera % 68,8koa izan zen azterlanerako eta % 46,4koa KEYNOTE-006 saiakuntza klinikorako eta biziraupen-tasak 12 hilabetera % 71,9 eta % 68,4, hurrenez hurren. Azterlanean pazienteen % 15,6k erantzun osoa izan zuen eta % 28,1ek erantzun partziala 14 hilabeteko jarraipen-medianaren ondoren. Saikuntza klinikoaren kasuan % 6k erantzun osoa eta % 27k erantzun partziala izan zuen 7,9 hilabeteko jarraipen-medianaren ondoren. Tratamenduarekin erlazionatutako eragin desiragaitz larrien tasak eta eraginkortasuna antzekoak izan ziren bi taldeetan, nahiz eta azterlanean edozein gradutako eragin desiragaitz gehiago izan ziren. Desberdintasunak laginaren tamaina txikiagatik dira neurri handi batean.

Ondorioak: Datuek berresten dute melanoma metastasikodun pazienteetan pembrolizumab farmakoa aukera terapeutiko eraginkorra eta egokia izan daitekeela. Farmakoak emaitza onuragarriak dituela erakutsi du, kimioterapia erabat ordezkatuz eta estandar bihurtuz.

Aldizkari honetako artikuluak deskargatzeko webgunean login egin behar da:

Sartu
Jaitsi
9.1 alea