Eñaut Aiartzaguena Bravo: "Akuarelekin aire zabalean aritzeak gure inguruaz eta naturaz gozatzeko aukera ematen digu"

2024ko otsailaren 14a

Eñaut Aiartzaguena Bravo: "Akuarelekin aire zabalean aritzeak gure inguruaz eta naturaz gozatzeko aukera ematen digu"

"Aire zabaleko akuarela ikastaroa" emango du Eñaut Aiartzaguena Bravok (Iurreta, 1988) UEUren udaberriko eskaintzaren barruan. Arte Ederretan lizentziatua (UPV/EHU), irudigilea da bera eta komikigintza, proiektu pedagogikoak eta akuarela-ilustrazioak lantzen ditu. Hainbat argitalpenetan egin izan ditu kolaborazioak, hala nola Argia (Xapoketan, 2019; Hizki Pizti, 2023), Hik hasi (2017-2023), Aizu (2020-2023) edo Txikipedia (2021-2023). 2021. urtetik, akuarela-margoetan espezializatuta, marrazketa- eta pintura-tailerrak ematen ere jardun du, haur, gazte nahiz helduentzat. 2023. urtearen amaieran Akuarelak aire zabalean liburua argitaratu berri du UEUrekin eta, gainera, denbora librean naturaz gozatuz, Urluma proiektua ere elikatzen jarraitzen du. Berarekin izan gara Iruñean apirilean emango duen ikastaroaz hitz egiteko.

Akuarela-pinturaren teknikan trebatzeko oinarrizko ezagutzak landuko dituzu. Zergatik akuarelak?

Akuarelek badute teknika zaila izatearen halako fama bat, baina hori ez da, nire ustetan, beren “konfort” gunetik atera nahi ez duten egileen aurreiritzi bat baino. Akuarela teknikak ehundura eta ñabardura pila bat eskaintzen ditu gure lanetarako, lana azkar egiteko aukera eskaintzen du eta ez du material asko eskatzen. Akuarela teknikak, baina, beti mantentzen du inprobisaziotik, ezustekotik eta akatsetik zerbait, eta horrek norbere frustrazio eta nahiak kudeatzen ere irakasten du nolabait. Akuarela terapia ona ere izan litekeela iruditzen zait eta horregatik akuarelak!

Goizean oinarri teorikoak jasotzea da asmoa.

Aurrez esan bezala, akuarela teknikak beti mantentzen du inprobisaziorako parte bat, baina horrek ez du esan nahi teknika ikasterik ez dagoenik. Teknika honetan ura erabiltzen dugu pigmentua nahasteko elementu moduan eta ura kontrolatzea ez da erraza; ulertu egin dezakegu, ordea. Goizeko zati teorikoan akuarela teknikaren oinarriak barneratuko ditugu, materiala ezagutu eta egin ohi ditugun ohiko akatsen inguruan jardungo dugu, behin kalera ateratakoan akats horiek ekidin ahal izateko.

Arratsaldean, berriz, aire zabalean margotzeko tartea hartuko duzue. Zer eskaintzen du aire zabalean aritzeak?

Aire zabalean aritzeak gure inguruaz eta naturaz gozatzeko aukera ematen digu. Kalera atera eta geuretzako denbora-tarte bat hartuta margotzen jardutea plazera da. Gure egunerokoan ez dugu ingurua lasai behatzeko denborarik hartu ohi, baina ikastaro honetan, kanpora margotzera aterata geure burua behartuko dugu nolabait, ingurua behatzera. Ekintza xume honek gure bizi-erritmoa erlaxatu eta arnasa lasai hartzen lagunduko digu.

Akuareletan trebatua izan behar da ikastaroan parte hartzeko? Nori dago zuzenduta ikastaroa?

Ikastaroa akuarelekin gozatu nahi duen norbanako orori zuzenduta dago eta ez da inolako aurre ezagutzarik behar. Teknika ezagutzen duen ikasleak gehiago sakontzeko eta trebatzeko aukera izango du eta hasiberriek lehenengo urratsak emango dituzte mundu kitzikagarri honetan. Taldean, denon artean ezagutzak partekatuz elkarrengandik ikasi eta elkarri irakastea da helburua.

Ikastaroetarako erabili dituzun apunteak txukuntzen hasi eta Akuarelak aire zabalean liburua argitaratu berri duzu. Zer eman dizute akuarelek?

Liburuarena sekula imajinatuko ez nukeen sorpresa izan da. Ikastaroetarako prestaketetan informazioa bildu eta antolatzen nenbilela ohartu nintzen egindako lan horrek bazuela presentzia nahikoa, baina liburu gisa atera ahal izatea zoragarria izan da. Hala akuareletara gerturatu nahi duen orok badu euskarazko gidaliburu hau eskuratzea ere eta horrekin bidea egiten hastea. Liburua eskuratu duten batzuek sare sozialetatik idatzi izan didate, beren irudiak bidali eta aholku eske eta gustura erantzuten diet. Halakoetan, liburuak, erreferentzia gisa balio izaten digu eta kapitulu bat eta beste berrirakurtzeko gomendatzen diet edo bestelako aholkuak eman. Akuarelek jendea ezagutzeko ere balio izan dute azkenean.

Zerbait nabarmentzerik nahi?

Azaldu nahi nuke ikastarorako beharrezko material guztia guk geuk jarriko dugula eta ikasleek ez dutela ezer eraman behar izango. Hala ere, inork, bere lanetan erabiltzen duen materiala eraman nahiko balu bertan erakutsi eta elkarrekin komentatzeko ere polita izan liteke. Horrela guztion arteko esperientzia-truke hori aberastuko genuke.

Jakintza-arloak