Yolanda Olasagarre Mendinueta: «Marko legalak aniztasunaren trataera bolo-bolo aipatzen du, baina gero hori praktikara eramateko izugarrizko arazoak daude»

2026ko martxoaren 13a

Yolanda Olasagarre Mendinueta: «Marko legalak aniztasunaren trataera bolo-bolo aipatzen du, baina gero hori praktikara eramateko izugarrizko arazoak daude»

Adimen-gaitasun handiko ikasleei eskolan arreta nola eskaini jarriko du erdigunean Yolanda Olasagarre Mendinuetak UEUk Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin antolatutako ikastaroan. Olasagarre aditua da adimen-gaitasun handiko haur eta nerabeen arloan eta irakasleek gaiaren inguruko oinarrizko ezagutzak jasotzea du helburu. Apirilaren 15ean emango zaio hasiera ikastaroari, online. Harekin izan gara.

Badute irakasleek adimen-gaitasun handiko haur eta nerabeen inguruko informaziorik?

Gaur egun esanen nuke informazio gehiago dutela, hala ere, batzuetan informazio hori ez da zuzena eta aurreiritzi eta mitoz josia dago. Informazio nahasia da, batzuetan zerbait egiteko izugarrizko trabak igaro behar dituzte, protokoloak martxan paratu eta azkenean horrekin guztiarekin nekatuta ikasturtearen bukaera iristen da benetan ikaslea artatu gabe. Horrek zaildu egiten du adimen-gaitasun handiko haur eta nerabeen egoera eskolan. Hortaz, halako gurpil-zoro batean gaudela iruditzen zait, beti hasieran, beti protokoloak martxan jartzen, berandu iristen ikasleengana, irakasleen indarra eta energia alferrik xahutzen. Ez dakit nola esan, egoerak aztertuta, kasu zehatzak aztertuta, eskolak zer egin behar duen zehaztea erlatiboki egingarria eta neurri batean erraza da, baina aldi berean beti toki berean gaudela ematen du. Noski, jakin badakit zenbait ikastetxek aurrerapausoak eman dituztela eta ikasle hauek artatzea ohikoa bihurtu dela.

Nola artatu ikasgelan?

Beno, hori da ikastaroak irakatsi nahi duena, edo horren hasiera behintzat eskaini nahi du. Irakasleak gehiegi konplikatu gabe egin dezakeen horretan sakonduko dugu, zer-nolako estrategiak erabil ditzakeen, apika, gauza goitik behera aldatu gabe irakaslea ohartzea aldaketa txikiekin edo moldaketa txikiekin ikasle horiek egoki arta ditzakeela, baina betiere oinarrizko zutabe batzuk argi eta gogoan izanda.

Zeintzuk dira oztopo nagusiak?

Horixe bera jakin nahi nuke nik. Izan ere, marko legalak aniztasunaren trataera eta inklusibotasuna bolo-bolo aipatzen du, baina gero hori praktikara eta egunerokora eramateko izugarrizko arazoak daude. Eta esanen nuke arazo horien identifikazioan ez dela fokua eta arreta paratzen.

Gai honi dagokionez, irakasleekin izan dudan urteetako hartu-emanean, oro har, irakasleen erantzuna ona izan da eta esku-hartzeak martxan paratu dituzte eta ohartzen dira egindako horrek gauzak aldatzen dituela eta emaitza txikiak badira ere horiek ikusteko gaitasuna lortzen dute. Iruditzen zait gai honetan irakasleak akonpainamendu eta laguntza izanez gero, lan txukuna eta ona egin dezaketela eta egiten dutela.

Zer da ikastaroarekin lortu nahi duzuna?

Ba horixe bera, irakasleek gai honi buruzko oinarrizko ezagutzak jasotzea, ikasle hauen ezaugarriak ezagutzea, gaiarekiko mitoak eta aurreiritziak identifikatzea, eta aldi berean, esku-hartze txikietan trebatzea. Ikasleen begirada ere zorroztea.

Nori dago zuzenduta?

Irakasleei.

Jakintza-arloak