Unai Fernandez de Betoño Saenz de Lacuesta: "Orain arteko politika immobiliarioa gauzatzen jarraitzen badugu, gizartean arrakala handiegi bat sortuko da"
2025eko irailaren 11

Etxearen korapiloa nola askatu. Etxebizitza-politika justurako gakoak liburua argitaratu du Unai Fernandez de Betoño Saenz de Lacuestak (Gasteiz, 1977) koedizioan UEUrekin eta Ipar Hegoa Fundazioarekin. Fernandez de Betoño arkitekto doktorea da eta EHUko Hirigintza eta Lurralde-antolamenduko irakaslea. UEUkidea ere bada. Harekin izan gara liburuaz hitz egiteko.
Askatu daiteke etxearen korapiloa?
Bai. Etxebizitzaren arazoa, guztiok etxe duin baterako sarbiderik ez edukitzea, erabaki politiko zehatzen ondorio da, eta, beraz, bestelako erabaki politikoek ere arazoari buelta eman diezaiokete. Liburuan azaltzen ditut etxearen korapiloa askatzeko gako politiko, ekonomiko eta sozialak: hogeita hamar neurritan bildu ditudanak, ia aldi berean hartu beharko liratekeenak, baita modu iraunkorrean ere, hau da, denbora luzez mantenduz. Ez dira ezezagunak, baina gaur-gaurkoz, Hego Euskal Herrian gutxienez, ez dago borondate politiko handirik neurriok gauzatzeko eta etxebizitzaren arazoa benetan konpontzeko. Zergatik? Bada, etxearen korapiloa askatzeko merkatuaren logikatik aldendu beharra dagoelako, etxe merkeak eta iraunkorrak eskainiz, eta ez dago interes politiko handirik hori modu eraginkorrean egiteko, etxebizitzaren prezioa etengabe igo dadila bilatzen delako. Etxebizitza negozio handia da boterea dutenentzat, erabakiguneetan edo erabakiguneetatik gertu dauden pertsona askorentzat, baita bozkatzaile ugarirentzat ere. Horregatik, batzuen negozioa askoren eskubidearen gainetik jartzen da. Liburuan jokamolde horren adibide zehatzak ematen ditut.
Konponbiderako gakoak emateaz gain arazoa nondik datorren ere azaldu nahi izan duzu.
Bai, arazoaren jatorrian erabaki zehatzak egon direlako. Esaterako, etxebizitzaren alorrean gu baino hobeto dagoen Vienak aspalditik bultzatu zuen merkatuaren logikatik kanpo dagoen alokairu soziala; Hego Euskal Herrian, ordea, apenas bultzatu da. EAEko Etxebideren zerrendan, hain zuzen ere, 85.000 eskatzaile daude gaur egun alokairu sozialeko etxebizitza bat aldarrikatuz, ezin dutelako alokairu libre bat ordaindu, baina eskaintza alokairu sozialeko 28.000 etxebizitzakoa da soilik: ez da egon eskariaren aurreikuspenik, Jaurlaritzaren etxebizitza-politika ofizialak bereziki salerosketako etxebizitza bultzatu duelako orain arte. Eta, harrigarria bada ere, akats berdina egiten jarraitzen du, oraindik ere, etxea erostearen trukeko desgrabazio fiskalak eginez, urtean 340 milioi euroko kostua dutenak, edota etxeak erosteko abal publikoak emanez, horretarako 144 milioi euro bideratuz. Erabaki horiek, arazoa konpontzetik urrun, etxearen korapiloa sendoago bihurtzen dute. Ez dutelako kolokan jartzen merkatu librearen logika espekulatiboa. Horri buelta eman behar zaio. Lehenbailehen.
Bizitza eta etxebizitza benetako sinonimo izan daitezen zeintzuk dira erronka nagusiak?
Polita da nola euskarak sinonimotzat dituen bizitza eta etxebizitza. Helburua litzateke terminologiatik errealitate ukigarrira salto egitea, eta denok edukitzea gure bizitza garatzeko etxebizitza bat. Etxebizitzaren eskaintza dibertsifikatu behar badugu, eta badirudi ideia horrekin bat datozela aditu gehienak, begiratu beharko genuke ea Hego Euskal Herrian zer etxe mota dugun gutxien, bereziki Europako herrialde aurreratuenekin alderatuta: hemengo alokairu sozialeko etxeen kopurua Danimarkako, Herbehereetako edo Austriako eskaintza baino bederatzi aldiz urriagoa da. Eta Europar Batasuneko batez bestekoa baino ia lau aldiz txikiagoa. Hortaz, erronka nagusia hori litzateke: alokairu sozialeko etxebizitza gehiago lortzea lehenbailehen, hamar urtetan Europako batez bestekora ailegatzeko adina. Helburu horrekin batera, beste bi neurri osagarri azpimarratuko nituzke: esandako herrialdeetan eta beste askotan aspalditik dagoen alokairu-prezioen kontrol-sistema bat ezartzea, eta espekulazio immobiliario, urbanistiko eta finantzarioari aurre egiteko tresna eraginkorrak martxan jartzea, besteak beste fiskalitatearen bidez.
Argi diozu: "Liburua ez da neutrala, eta ez du izan nahi"
Interes immobiliario zehatzak dituzten politikari, sustatzaile eta kazetari batzuk alokairu-prezioen kontrolen aurka eta pisu turistikoen alde aritzea neutraltzat jotzen da. Alokairu sozialeko parke publiko eta iraunkorra zabaldu ordez etxeak erosteko desgrabazioak eta abalak emateak ere neutrala dirudi. Aspalditik indarrean dauden etxebizitza-politika eta jokamolde ugari normaltzat jotzen ditugu. Normalizatu ditugu. Neutraltzat jotzen dugu, esaterako, sustatzaileek kontrolatzea gure herri eta hiriak inguratzen dituzten lurzoruen jabegoa eta prezioa, eta Administrazio Publikoek horren kontra ezer ez egitea. Edo, baita behin hirigintza-plan bat onetsita ere, sustatzaileek ez betetzea urbanizatzeko eta eraikitzeko epeak, haien interesen kontrakoak badira. Ustez neutralak diren jardun horiek zein agintariek haien aurrean erakusten duten gelditasunak etxebizitzaren eskaintzan eta azken prezioan eragin handia dute. Liburuan jardun horiek seinalatu ditut, adibide zehatzekin. Egoera oso desorekatu batean neutrala mantentzeak boteretsuenei egiten dielako mesede, behar gehien dutenen kalterako. Horregatik, liburua ez da neutrala, eta ez du izan nahi.
Nori dago zuzenduta?
Bereziki etxebizitza-politikaz jakin-mina dutenentzat dago idatzita, eta haien interesekoa izatea espero dut. Teknikariak izan daitezke (arkitektoak, hirigileak, soziologoak...) edota etxebizitzaren bueltan gertatu diren eta oraindik gertatzen diren milaka arazoekiko (prezio-gorakadak, etxegabetzeak, pribatizazioak, gelakako alokairu prekarioak, sustatzaileen mesederako politikak...) kezka duten bestelako pertsonak ere. Arazo horien jatorria aurkitzeaz gain, liburuan soluzio egingarriak ere topatuko dituzte. Behintzat helburu horrekin idatzita dago. Kritikatik baina baita proposamenetik. Eta, jakina, Euskal Herriko begiradatik: esaterako, liburuan azaltzen dut nola Bidasoatik gorako gure gazteak bospasei urte lehenago emantzipatzen diren Bidasoatik beherakoak baino, besteak beste Ipar Euskal Herrian hiru aldiz alokairu sozial gehiago dagoelako Hego Euskal Herrian baino. Ildo berean, liburuak azaltzen du nola etxebizitzaren arazoa konpondu behar dugun bestelako arazoak sortu gabe, adibidez, urbanistikoak edota linguistikoak: arnasguneen edo udalerri euskaldunen berezitasunak ere kontuan eduki behar ditugu. Euskal begirada hori bilatzen duenari ere zuzentzen zaio liburua.
Nabarmentzeko zerbait?
Etxebizitzaren arazoa ez dela fenomeno meteorologiko bat: batzuek erabaki dute etxea negozio azkarra egiteko merkantzia hutsa dela, baina logika hori iraul daiteke. Egoera okerrera jotzen ari da nabarmen, gainera: azken zazpi urteotan soldatak % 17 igo dira Hego Euskal Herrian, baina alokairuak % 27: alokairuan bizi diren herritarrak % 10 pobretu dira. Eta sindikatu batzuk dagoeneko konturatu dira lan-esparruan borrokatuz irabazitako soldata duina ez dela nahikoa langileek haien lansariaren erdia edo gehiago etxebizitza ordaintzera bideratu behar badute. Norabide horretan, aipagarria da LAB sindikatua etxebizitzaren alorrean ere egiten ari den lana, eta, ildo berean, Ipar Hegoa Fundazioak liburuaren koedizioa egin izana, Udako Euskal Unibertsitatearekin batera. Laburbilduz, orain arteko politika immobiliarioa gauzatzen jarraitzen badugu, benetako etxebizitza-politika egin ordez, gizartean arrakala handiegi bat sortuko da etxe bat dutenen eta etxerik gabe daudenen artean. Liburuan egoera horri buelta emateko bide-orri gauzagarri bat proposatu dut.
