UEUren Udako Ikastaroak gogoeta eta hausnarketarako gune izango dira

2025eko maiatzaren 21a

UEUren Udako Ikastaroak gogoeta eta hausnarketarako gune izango dira
Ezkerretik hasita: Edurne Koch Elizegi, Aitor Bengoetxea Alkorta eta Irati Iciar Madinabeitia

UEUren 53. Udako Ikastaroak ekainaren 11tik uztailaren 11ra egingo dira Baionan, Eibarren, Iruñean, Tolosan, Usurbilen, Bilbon, Gasteizen eta Errenterian. Azken hiru urteetako hariari jarraituz, 20 jardunaldi eta topaketa antolatu ditugu hainbat eragilerekin elkarlanean, euskal gizartearentzat garrantzitsuak diren gaien inguruan hausnartzeko helburuarekin. Ahalik eta jende gehienak parte har dezan, 10 euro balioko dute matrikula guztiek.

Irati Iciar Madinabeitia Udako Ikastaroen arduradunaren esanetan, Udako Ikastaro hauek lankidetzan oinarritzen dira, eta hainbat eragilerekin batera antolatu ditugu: "Kontseilua, JAKIN, GEZKI ikerketa taldea, Iratzar Fundazioa, ALDEE... Eta jende multzo zabalak izena eman dezake bertan: alorreko profesionalak eta adituak, gaian interesa duenak eta azken finean, euskaldun guztiek”. Horrekin batera, udakoetan aurrez aurrekotasuna ezinbestekoa dela aipatu du, jendeak hausnarketa egiteaz gain, elkar ezagutu eta komunitatea trinkotzea baitute helburu: "udakoak arnasgune akademikoa dira bertara hurbiltzen direnentzat eta baita euskaldunen topagunea ere".

Hasiera-ekitaldia Bilbon egingo dute ekainaren 11n, Euskaltzaindiaren egoitza nagusian, UEUrentzat estrategikoa den gai bat lantzeko helburuarekin: Inguma, 25 urtez euskal komunitate zientifikoaren ispilu”. Orain dela 25 urte, UEUk Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz, Inguma datu-basea abiatu zuen. Urte hauetan, unibertsitate mailako zientzia eta jakintza-alor bakoitzean euskaraz ahoz eta idatziz ekoitzi denari buruzko oinarrizko informazioa dokumentatu du, hau da, euskaraz zer egin den eta nork egin duen jaso du. Urteurrena aproposa da UEUrentzat hain garrantzitsua den lanabes honi buruzko jardunaldi hau antolatzeko eta 53. Udako Ikastaroei hasiera emateko. Euskal komunitate zientifikoarekin batera, Ingumak egin duen ekarpena aztertuko da bertan, beste hizkuntza gutxitu batzuek egindako lana ezagutu eta aurrera begira jarri.

Ikusi ikastaro guztiak.