Samara Velte: "Behar baino gutxiago erreparatzen diogu gure hitz egiteko edo komunikatzeko moduari"
2025eko abenduaren 16a

Diskurtsoaren Analisia Gizarte Zientzietan: oinarrizko kontzeptu eta tresnak argitaratu berri du UEUrekin eta EHUrekin koedizioan Samara Veltek (1991, Zarautz). Ikus-entzunezko Komunikazioan graduatua da (EHU), Diskurtso Ikasketetan du masterra (Universitat Pompeu Fabra) eta Gizartea, Politika eta Kulturan da doktorea (EHU). Harekin izan gara.
Zertarako ikertu diskurtsoak?
‘Diskurtsoa’ diogunean, osagai sozial garrantzitsu bat duten hitz egiteko moduei buruz ari gara. Ez gara soilik ari jendaurreko diskurtso edo hitzaldiez: esan nahi duguna da erabiltzen dugun lengoaiaren eta gizartearen artean aldebiko eragina dagoela. Erabiltzen dugun lengoaiak asko esaten du daukagun gizarteari eta bertan betetzen ditugun posizio eta rolei buruz; eta, alderantziz, lengoaiak berak forma ematen dio errealitate sozial horri. Eta hori lengoaia mota guztiez esan daiteke; hitzezkoaz, ikusi-entzunezkoaz, keinuzkoaz, eta abar.
Zerk egiten du konplexua diskurtsoen azterketa?
Diskurtsoaren analista batek bi ezagutza mota bateratu behar ditu, hasiera batean bateraezinak diruditenak: soziologoaren ezagutza sozial zabala behar du, eta, aldi berean, gai izan behar du lengoaiaren osagai txikienek duten esanahia egokiro interpretatzeko. Gainera, hizkuntza erreala, gure hitz egiteko eta komunikatzeko moduak, aldakorrak dira; ez dira eskematikoak, ezin dira aurreikusi eta sarritan badirudi erabat kaotikoak ere badirela. Horren azpian indarrean dauden arau sozialak identifikatzea, eta haiek instantziazio edo gorpuzte linguistiko konkretuetan nola materializatzen diren behatzea, ez da lan erraza.
Diskurtsoaren Analisiak lagun dezake horretan. Zertan datza?
Diskurtsoaren Analisia ez da teoria bat, ezta metodologia zehatz bat ere; hori bainoago, hurbilketa filosofiko bat da, hau da, lengoaiaren azterketa perspektiba sozial batetik egin behar dela planteatzen du. Zentzu horretan, ez zaizkio hainbeste interesatzen hizkuntzaren alderdi formalak edo arau gramatikalak, baizik eta gizakiok nola erabiltzen dugun lengoaia gure helburu komunikatiboak betetzeko. Adibidez, gizarte xenofobo batean nola erabiltzen diren metaforak, adjektibazioak edota deskribapen zehatzak talde sozial batzuk —migratzaileak, adibidez— deslegitimatzeko eta demonizatzeko; edota nola justifikatzen diren haien aurkako neurri administratiboak lengoaia legalaren bidez. Horiek izan daitezke Diskurtsoaren Analisiaren interesgune klasiko batzuk.
Zeintzuk dira erabiltzen diren tresnak eta metodologiak?
Teoria aldetik, normalean hainbat mailatako teoriak bateratu ohi dira. Izan ere, gizartearen eta lengoaiaren arteko harreman interaktiboa dagoela aintzat hartzen badugu, alde batetik teoria soziologiko edo antropologiko “handiak” erabili beharko ditugu, eta bestetik, hizkuntzaren funtzionamendu zehatza deskribatzen duten teoria linguistiko “mikro”-ak. Metodologikoki ere aniztasun handia topatuko dugu; ikerketa askok nolabaiteko testu-analisia edo analisi etnografikoa bateratzen dituzte, izan artxiboetatik ateratako materiala aztertuz edo ikerketarako propio sortutakoaren bidez (elkarrizketa edo focus taldeetan, adibidez). Hurbilketa kuantitatiboak ere existitzen dira, baina hauek normalean irakurketa kualitatiboen osagarri gisara erabili ohi dira.
Zer da liburuarekin lortu nahi duzuna?
Liburu honek eskuliburu-funtzioa betetzeko bokazioa dauka. Leioako Gizarte eta Komunikazio Fakultateko hainbat gradutan ikusten genuen bazela diskurtsoak ikertzeko interes bat ikasle eta ikertzaileen partetik, baina jende gehienak bere burua tresnarik gabe ikusten zuela, edo ez zuelako diskurtsoaren kontzeptua aski ezagutzen, edo ez zuelako bere burua hizkuntzalari izatera jolasten irudikatzen. Liburu honekin, Diskurtsoaren Analisira lehenbiziko hurbilketa bat erraztu nahi izan diet horri buruzko interesa dutenei.
Nori dago zuzenduta?
Nagusiki ikasle eta ikertzaileei, baina uste dut komunikazioaren esparruko hainbat profesionalek ere asko ikas dezaketela bertatik. Bestalde, jartzen ditudan adibide askok gatazka sozialekin eta haiei lotutako lengoaiarekin dute zerikusia, adibidez, feminismo intersekzionalak landu izan dituen gaiekin: diskriminazio soziala, biolentzia matxista, migrazioa eta abar. Arlo horietan dihardutenek edo interesa dutenek ere topatuko dute hausnarketarako materiala liburuan.
Nabarmentzeko zerbait?
Behar baino gutxiago erreparatzen diogu gure hitz egiteko edo komunikatzeko moduari. Naturaltzat jotzen dugu erabiltzen dugun lengoaia, eta ez gara ohartzen zein neurritaraino dagoen sozialki baldintzatua. Diskurtsoaren Analisiak naturalizazio horren “deslilura” bat bilatzen du: irakurlea jabetu dadila bere komunikatzeko moduek inplikazio sozial handiak izan ditzaketela. Kuestionamendu horretatik, praktika linguistiko diskriminatzaileenak aldatzen hastea litzateke horren ondoren helburua.
