"Pentsamendu garaikide aurreratua euskal gizartearen egungo eta biharko beharrizanei begira jartzeko topaketa da"
2025eko uztailaren 11

"Eraldaketarako teoriak zorrozten: Pentsamenduaren bidez praktikak berritzen" jardunaldia egiten ari dira gaur Errenteriako Torrekua teknologia libre eta ekonomia sozial eraldatzaileen lanketarako dorretxean. Xabier Landabidea Urresti (Bilbo, 1981) eta Gorka Julio Hurtado (Andoain, 1982) dira jardunaldiko koordinatzaileak eta egunak emango duenaz hitz egiteko izan gara haiekin. Landabidea Aisia eta Giza Potentzialean da doktorea, ikertzailea eta irakaslea da, HDGuneko koordinatzailea eta UEUkidea. Julio kooperatibista, teknologoa, garatzailea, irakaslea eta komunikatzailea da. TEKS elkarteko kidea da eta UEUkidea.
Teknologia-ikasketak zergatik dira hain garrantzitsuak?
Txabi: UEUren Humanitate Digitalen Ikerketa Gunetik hasieratik argi izan dugu “teknologiaz” hitz egiten dugunean tolesdura asko agertzen direla, eta ez dagoela definitiboki argi zer den eta zer ez den teknologia. Hizkuntzatik bertatik hasi eta elkarrizketa hau idazteko erabiltzen ari naizen teklatu, pantaila, prozesadore, sistema eragile, argindar-sare, telekomunikazio-sare eta abarretaraino, teknologikoki saturatuta eta eratuta dauden gizarteetan bizi gara. Zentzu horretan Udako Ikastaroak leku perfektua dira normalean behatzen edo asko problematizatzen ez ditugun auziak mahai gainera ekarri eta ikuspegi ezohikoetatik begiratzeko. Teknologiaren auzia, nolabait esatearren (eta barkatuko dit Gorkak, bera ingeniaria baita) garrantzitsuegia da ingeniarien esku bakarrik uzteko ;). Saio honetan ez dugu zehazki gailu edo tresna teknologikoez jardungo, baina etengabe arituko gara errealitate teknologiko saturatu hauetaz.
Gorka: Yasnaya Elena Aguilar Gilek ohartarazten digu gaur egun teknologiaren ulermena kapitalismoaren logikak bahituta duela. Haren esanetan, ez da teknologia oro kapitalista izan beti, baina egun hala da: berrikuntza eta sormen teknologikoa kapitalismoak bereganatu ditu, eta natura, merkantzia bihurtuz, metaketaren zerbitzura jarri da, produktuak salgai bilakatzeko. Horren aurrean, tequiologia kontzeptua proposatzen du. Tequio-an oinarritzen dena, Mexikoko jatorrizko komunitateetan ohikoa den lan kolektibo eta solidarioan —auzolanaren parekoa—. Ikuspegi hori lotu daiteke Yuk Hui filosofoaren kosmoteknia kontzeptuarekin ere. Haren arabera, kultura bakoitzak bere teknologia propioak garatzen ditu bere kosmobisio eta balioetan oinarrituta. Hortaz, teknologiak ez dira unibertsalak ezta neutroak ere, baizik eta komunitateek eta haien inguruneek dituzten harreman espezifikoak islatzen dituzte. Saio hauetan teknologiaz ez ezik, pentsamenduaz ere aritu nahi dugu eta horretarako teoria akademiatik atera eta pentsamendu garaikidetik praktika berriak irudikatzeko espazio bat sortu, plurala, baina lurreratua. Leku ezberdinetatik pentsatzeko aukera emango diguna.
Eraldaketarako tresna izan daitezkeen hainbat kontzeptu eta proposamen gerturatzea edo modu errazean aurkeztea da ikastaroaren helburua. Adibidez, Objektuei Zuzendutako Ontologiaz hitz egingo duzue. Zertan datza?
Txabi: Labur esanda, perspektiba filosofiko ez gizazentriko bat litzateke, Heideggerren fenomenologian oinarriak dituena. Bereziki interesgarria iruditzen zaigu perspektiba humanista ez gizazentriko bat planteatzea eta “gizakirik gabeko” errealitateari buruzko espekulazio-ariketa bat egitea. Leire Lison digitalizazio eta gizarte-zientzietako ikertzailea izango dugu gurekin proposamena aurkezteko. Egia esan ez daukat ideiarik ere nondik helduko dion gaiari, baina interes handiko proposamena iruditzen zait.
Gorka: Informatikako Objektuei Zuzendutako Programaziotik hartzen du izena pentsamendu-hari honek; niri horregatik interesatu zitzaidan hasieran. Txabik esan duen bezala, bere perspektiba ez-antropozentrikoak beste leku batera eramateko daukan gaitasuna azpimarratuko nuke nik. Ez gizakia ez bere esperientzia ez dira errealitatearen neurritzat hartzen. OZOren arabera, objektuek —izan harriak, izaki bizidunak, izarrak edo softwarea— beren existentzia eta autonomia propioa dute, gizakiaren pertzepzio eta erabileratik at ere bai. Hau da, objektuak ez dira soilik guretzat existitzen, eta ez dira gure beharrak asetzeko edo gure zentzumenen bidez ulertzeko diren entitate hutsak; objektuek beren baitan eta elkarrekiko harremanetan duten izaera propioa azpimarratzen da. Tarte horietan, harreman-truke horretan nabigatzen lagunduko digu Lisonek.
Eta zer da ezagutza kokatua?
Gorka: Biharamunean lantegiko taldearekin elkarrizketa interesgarri batean, haien ikerketa beste era batera egiteko grinatik ateratzen da ezagutza kokatuaz hitz egiteko aukera. Ikerketa parte-hartzailean eta erreflexiboan diharduen talde honen erreferente dira beste batzuen artean Bruno Latourren azken teoriak, baina baita ezagutza kokatuari lotutakoak ere, bereziki Donna Harawayren pentsamendua. Harawayrentzat, ezagutza eta ulermena ez dira unibertsalki neutroak edo testuingurutik kanpokoak, baizik eta beti leku, egoera, gorputz eta harreman sozial jakin batzuetan errotuta daude. Hau da, ezagutza beti sortzen eta ulertzen da kokapen historiko, kultural, sozial eta material batean, eta ez dago subjektutik bereizita. Iparraldeko talde horrek teoria hauek praktikara nola eramaten dituen ezagutzeko aukera polita izango dugu.
Postmaterialismoaz edota Queer teoriaz ere jardungo duzue...
Gorka: Bi pentsamendu-korronte (horrela deitu badaitezke) Euskal Herrian jasoketa handia izaten ari dira. Queer teoriak eremu militante askotan eragina du gurean. Teoria horrek dio identitateak ez direla naturalak edo esentzialak, baizik eta sozialki eraikiak eta etengabe eraldatzen ari direla, botere-harremanek eta diskurtsoek baldintzatuta. Bide, bidexka eta bidezidor asko ditu teoriak, baina Danele Sarriugartek kultur ikasketen perspektibatik helduko dio.
Bigarrena, postmaterialismoa, ausartuko naiz esatera gurean jasoketaz gain sorkuntza oparoa duela Jule Goikoetxea bezalako pentsatzaileen eskutik. Postmaterialismoak aukera ematen du balio materialisten nagusitasuna zalantzan jartzeko, eta bestelako balioak azpimarratzeko: autonomia kolektiboa, zaintza, justizia soziala eta erabaki politikoetan parte-hartze demokratikoa, adibidez. Zapalkuntza materialak, hala nola klase-zapalkuntza, emakumeen esplotazioa edo lurraldeen mendekotasuna… bigarren mailako gai gisa uzteko arriskuari aurre egiteko ere balio dezake. Mijo Lizarburuk pentsamendu interesgarri honetan nabigatzen lagunduko digu.
Zein da ikastaroaren azken helburua?
Txabi: Esango nuke Badalab, TEKS eta Humanitate Digitalen Ikerketa Gunearen artean Errenteria inguruan sortu dugun Bermudako triangeluaren isla fidela dela ikastaroa: arraroa, inprobablea eta urruna dena hurbil eta egingarri egiteko saiakera bat. Pentsamendu garaikide aurreratua euskal gizartearen egungo eta biharko beharrizanei begira jartzeko eta pertsonen bizitzetan lurreratzeko planteatutako topaketa bat. Nahiko genuke saio pixka bat alienigena balitz, gure ohiko esperientzia eta diskurtsoetatik pixka bat urruna, baina ulertua eta eguneroko praktiketan integratua izateko modukoa aldi berean. Arrotza denarekin lagun egiteko saio bezala planteatzen dugu, eta horretarako lehen mailako hizlari eta pentsalariekin kontatzeko zorte handia izango dugu.
Gorka: Ez nuke askoz gehiago gehituko, ez bada, errizomatik asko duela ikastaroak. Leku oso ezberdin, arraro, inprobable, ertzeko hauetatik pentsamendu berria hazten da. Ibai Atutxak gidatutako arratsaldeko Badalabeko tailerrean, goizekoan entzundakoak eta bakoitzak dakarzkienak harilkatzeko aukera esplizitua izango dugu gainera.
Amaitzeko gehituko nuke uztailaren hasieran Joxe Azurmendi euskal pentsalari, idazle eta intelektual garrantzitsuenetako bat joan zaigula. Berak etengabe nahastu zituen filosofia, politika eta euskal kultura. Ikastaro honek izpiritu hori jaso nahi du; gugan bego.
Txabi: Gugan dago. Tresnak zorrozten jarraituko dugu, maisu.