Oihane Oliveri Korta: "Liburutegiak, artxiboak eta dokumentazio-zentroak komunitate baten kultura-nortasunaren eraikuntzan ezinbestekoak dira"

2025eko uztailaren 3a

Oihane Oliveri Korta: "Liburutegiak, artxiboak eta dokumentazio-zentroak komunitate baten kultura-nortasunaren eraikuntzan ezinbestekoak dira"

"Informazio eta Dokumentazio Kudeatzaileen XI. Bilkura: Euskal liburutegi nazionala: iragana, oraina eta geroa" jardunaldia egiten ari da gaur Eibarren ALDEEk eta UEUk elkarlanean antolatuta. Bertan partehartuko du Oihane Oliveri Kortak (Errenteria, 1971). Geografia eta Historiako ikasketak egin zituen (Deustuko Unibertsitatea) eta Historian doktorea da (EHU). Liburuzaina da.

Zein da liburutegiek, artxiboek, museoek eta dokumentazio-zentroek hartzen duten espazio emozionala? Arlo emozionalera itzultzeko proposamena egingo da jardunaldian.

Liburutegiak, artxiboak eta dokumentazio-zentroak komunitate baten kultura-nortasunaren eraikuntzan ezinbestekoak dira. Gizarte batek, kultura-komunitate batek, bere buruari buruz duen irudia eta berari buruzko diskurtsoa eraikitzen laguntzen dute; biltzen eta gordetzen dituzten era guztietako dokumentuek komunitate horren izate partikularra jasotzen dute eta izate partikular horrek mundu globalari egiten dion ekarpen bereizgarria. Etengabe sortzen dugun memoria kolektiboarekin lotzen gaituzte.

Espazio fisiko bezala, topaketarako lekuak dira, bereziki liburutegi publikoak. Guztioi irekiak daude eta komunitatea ehuntzen laguntzen dute bertan eskaintzen diren askotariko baliabideen eta bertan gauzatzen diren ekintza ezberdinen bidez. Balio sinbolikoa ere badute, komunitate horren ikur bezala.

Gurea bezalako kultura txiki batentzat alderdi emozional eta sinboliko hori lantzea ezinbestekoa da gizarte bezala ditugun erronkei aurre egiteko eta iruditzen zait liburutegiek, artxiboek eta dokumentazio-zentroek paper garrantzitsua dugula jokatzeko.

Euskal Liburutegi Nazionala izango duzue hizpide. Zergatik?

Euskal liburutegi baten aldarrikapena zaharra da, XIX. mendeko bibliografoetatik hasi eta gaurdaino iritsi dena. 1914-1923 urteen inguruan egon zen momentu bat, Eusko Ikaskuntza eta Euskaltzaindia sortu zirenean, zeinean ematen zuen egitasmoa gauzatzeko bidean zela, baina ez zuen aurrera egin. Joan Mari Torrealdaik ederki bildu zuen prozesu horren historia. Diktadura ondoren aldarrikapen-momentu ezberdinak egon dira, Joana Albret Bibliotekonomia Mintegiaren egitekoa azpimarratuko nuke bereziki, baina azken urteotan, salbuespenak salbuespen, ez da gaia gehiago aipatu eta oraindik liburutegirik gabe gaude.

2024ko Euskadi Literatur Sarien banaketa-ekitaldian Harkaitz Canok liburutegiak izan zituen hizpide eta gurean falta dugun euskal liburutegi nazionalaren aldarria egin zuen. Agendatik kanpo dagoela esan zuen. Berriz ere agendara ekartzeko abagunea dela esango nuke jardunaldi haueta guztien artean hausnartzekoa zer-nolako liburutegia nahi dugun eta nahi dugun horretara iristeko eman behar diren pausoak zeintzuk diren.

Etorkizunera begira jarriko zara emango duzun hitzaldian... Etorkizunean zer?

Nik batez ere galderak ditut mahai gainean jartzeko. Hainbeste urteren buruan, batetik, Euskadin liburutegirik gabe jarraitzen dugu eta, bestetik, euskararen lurraldean gure alorrean indarrak batzeko ekimenik ez da ageri, erakundeen aldetik behintzat. Zergatik? Uste dut hausnartu behar dugula zer behar dugun, zer den egingarri eta zeintzuk diren hori lortzeko eman daitezkeen pausoak.

Zeintzuk dira erronka nagusiak?

2007koa den liburutegien lege bat dugu Euskadin. Legearen garapena lortzea da erronka nagusia. Lege horrek Euskadiko Liburutegia sortzen du. Ia 20 urte pasatu diren honetan, liburutegi hori nola gauzatu pentsatu behar dugu.

Bestetik, erronka handia da hiru administrazioen artean, Euskadi, Nafarroa eta Iparraldea, elkarlanerako marko bat eraikitzea liburutegien esparruan elkarrekin lanean aritzeko: euskal bibliografiaren katalogo kolektiboa, euskaraz lan egiteko tresna eta baliabide profesionalak, euskal autoritateen lanketa. Etorkizunean zerbait ezberdina lortzeko lehen pausoa izan daiteke hori.

Zerbait nabarmentzeko?

Azken urteotan gaia ez dela aipatu esan dut gorago, baina jardunaldi honek interesa piztu du profesionalon artean. Nire iduriko, interes horrek adierazten du behar bat badagoela eta profesionalok behar horri erantzun nahi diogula.

Jakintza-arloak