Nerea Mendizabal Etxeberria: "Autoestimua zaintzea ezinbestekoa da, bai haur eta nerabeena, baita helduona ere"
2025eko maiatzaren 8a

"Haur eta gazteen autoestimua indartzeko proposamenak" ikastaroa emango du Iruñean Nerea Mendizabal Etxebarriak (Zestoa, 1976). Gizarte-hezitzailea eta psikopedagogoa da eta Komunikazio Ez Bortitzeko hezitzailea. UEUk Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin antolatuko ikastaroa da eta ekainaren 25ean eta 26an emango da Iruñeko Ezpeleta Jauregian. Berarekin egon gara ikastaroaz hitz egiteko.
Haur eta nerabeen autoestimuan jarriko duzu fokua. Zergatik?
Autoestimua pertsona bakoitzak bere buruaz duen irudia da; norbera den bezala izatearekin gustura egotea, onartua eta maitatua sentitzea. Baina nola jakin nor naizen eta gustatzen zaidan naizen hori? Autoestimuak eragin zuzena izango du bizitzako hainbat arlotan: ikaskuntza-prozesuan, erabakiak hartzean eta eguneroko erronkei aurre egitean. Eta, noski, zoriontasunean ere eragin zuzena du.
Haurtzaroan bereziki, haur batek bera nor den ulertuko du inguruko helduek berarekiko duten begiradaren arabera. Gero, lagunek emandako mezuen bidez eraikitzen jarraituko du bere buruaren irudia.
Hori guztia kontuan hartuta, autoestimua zaintzea ezinbestekoa da, bai haur eta nerabeena, baita helduona ere. Gure ardura da haur eta gazteei beren benetako izatearekin bat datorren autoestimua eraikitzen laguntzea, nor diren deskubritzeko bidean bidelagun izatea.
Helduok eragin handia dugu prozesuan...
Haurrek ez dute jaiotzean beren balioa sentitzeko gaitasunik. Haien autoestimua ingurukoekin, bereziki guraso eta hezitzaileekin, duten harremanaren bidez eraikitzen da. Gurasook, kontzienteki edo inkontzienteki, geure burua nola tratatzen dugun eta haurrei nola erantzuten diegun, horrekin, baldintzatzen dugu haiek beren burua nola ikusten duten.
Askotan, jasotzen duten onespena haien portaeren edo lorpenen araberakoa izaten da. Hau da, portaera "egokia" edo lorpen nabarmenak erakusten dituztenean, mezua positiboa da; baina kontrako kasuetan, ez horrenbeste.
Hala ere, haurrek ez dute hezitzaile perfekturik behar, baizik eta beren burua onartzen duten eta bakean bizi diren helduak. Gure mugak aitortu eta haiekin ikasteko prestasunak indar handia du heziketan. Autoestimua elikatzeko gakoa ez da perfekzioa, baizik eta egiazko harremanak eta konfiantzazko giroa eskaintzea.
Nola lagundu dezakegu?
Haur bat jaiotzen denetik, bere inguruko helduek ematen diote berari buruzko informazioa, bai hitzen, bai keinu, jarrera eta portaeren bidez. Horregatik, helduen mezu horiek eragin zuzena dute haurraren autoestimuan eta bere burua nola ikusten duen eraikitzen dute.
Autoestimua modu osasuntsuan garatzeko oinarri batzuk kontuan hartu ditzakegu. Lehenik eta behin, jaiotza aurretik eta ondoren sortzen den atxikimendu seguruak oinarri emozional sendo bat eraikitzen laguntzen du. Horrek segurtasun afektiboa ematen dio haurrari eta munduarekin konfiantzaz konektatzeko aukera.
Bestalde, garrantzitsua da haur bakoitzaren erritmoak eta beharrak errespetatzea. Haur eta gazteentzat garrantzitsua da ulertua dela sentitzea, nahiz eta une batzuetan bere jokaera gustukoa ez izan. Horrek ez du esan nahi dena onartu behar denik, baina bai bere emozioek tokia dutela eta ulermena merezi dutela. Bere balioa ez dago soilik bere portaeraren edo arrakasten menpe, baizik eta nor den horretan. Hori da autoestimu sendo eta osasuntsu baten oinarria.
Nori dago zuzenduta?
Ikastaro hau, gurasoei eta hezitzaileei zuzendua dago, baina baita haur eta gazteen garapenean eragin zuzena duten beste edozein pertsonari ere. Autoestimua ez da soilik etxean lantzen den zerbait; eskolan, eskolaz kanpoko jardueretan eta bestelako inguruneetan ere elikatzen eta eraikitzen da.
Nabarmentzeko zerbait?
Jokaera edo jarrera bakoitzean ezkutatuta dago altxor bat, haur edo gazte horren nortasuna adierazten duen harribitxi bat. Gure lana da diamante horiek aurkitzea eta distira egiten laguntzea. Gure begirada, arreta jartzen dugun hori, haien autoestimua eraikitzeko oinarri sendoa izan daiteke.