"Naturalizatu egin dugu hezkuntzan etengabe berritu egin behar dela, eta ez da egia"

2025eko uztailaren 1a

"Naturalizatu egin dugu hezkuntzan etengabe berritu egin behar dela, eta ez da egia"
Iñigo Martinez Peña eta Tere Maldonado Barahona

Gaur hasi eta uztailaren 3ra "Berrikuntza pedagogikoari buruzko hausnarketa kritikoa" jardunaldia egiten ari da Eibarren. Tere Maldonado Barahona (Bilbo, 1966) eta Iñigo Martinez Peña (Gasteiz, 1975) dira antolatzaileak eta haiekin izan gara jardunaldiaren inguruan hitz egiteko. Maldonado Filosofian lizentziaduna da (EHU), Ikasketa Aurreratuen Diploma lortu zuen laikotasunari buruzko lan batekin (UNED, 2008) eta Filosofiako irakaslea da UHEIn. Martinez Filosofian lizentziaduna da (EHU) eta Batxilergoko Filosofia eta Psikologiako irakaslea da Loiuko Lauro ikastolan.

Zertaz ari gara berrikuntza pedagogikoaz ari garenean?

TMB: Adibidez, Javier Echeverría filosofo nafarrak Stanford Center for Social Innovation-en definizioa hartzen du bere gain: berritzailea izango litzateke balio soziala sortzen duen hura. Hau da, berrikuntza ez litzateke besterik gabe berria dena, berriaren barne “ona” edo “sozialki onuragarria” dena baizik. Tamalez, hori ez da hezkuntza-arloan "berrikuntza pedagogikoa" etiketapean topatzen duguna. Berrikuntza pedagogikoa "novolatria" izenekoaren adibidea besterik ez da, berriarekiko gurtza akritikoa, berria izate hutsagatik (turbo-kapitalismoarekin estuki lotuta doana). Gaur gamifikazioarekin datozkigu, bihar eremuka lan egitearekin eta etzi "zirkulazio libre" delakoarekin. Metodologien etengabeko aldaketarekin tematuta, berritzaile amorratuek moda aldakorren pean kokatzen dute zer eta irakaskuntza! Oso kalte handia ari dira egiten.

IMP: Egun, berria den orok berezko distira omen dauka. Kontua ez da merkantzia hau, hori, edo beste hura nahi izatea, baizik eta berriena. Izenondo horrek erakargarritasun berezia ematen die objektuei. Merkatuaren lelo bat da, baina hezkuntzara ere hedatu zaigu. Kontua da presio berritzaile hori edukirik gabeko mantra hutsa izaten dela sarritan. Eta egonezina, urduritasuna eta nekezia berezia sortzen du gure egunerokotasun akademikoan. Hori da auzitan jarri nahi duguna.  

Begirada kritikoz aztertu nahi duzue gaia. Zergatik?

IMP: Berrikuntza ekintzailetzarekin ere lotu ohi da: “ekintzaile-berritzailearen” ideologia dugu nagusi, Elon Muskek edo Mark Zuckerbergerrek irudikatuta. Just do it! Paradigma horren barruan ekin eta ekin aritu behar dugu, etengabe, gelditu gabe, hazkunde ekonomiko, pedagogiko zein pertsonalaren izenean. Baina kontua da: egin zer eta zertarako? Zentzu horretan, gure ekintzak galdera kritikoekin lagundu behar ditugu. Hori izango litzateke begirada etikoa, politikoa edo kritikoa zabaltzea, itsu-itsuan ekin eta ekin “hiperaktibo” batean jauzi gabe (garaiak horrela agintzen omen duelako).

TMB: Begirada kritikoa ezinbestekoa da egon ezean oharkabean pasatzen den horretaz konturatzeko. Arrainak uretan doazen bezala, ura ikusi gabe, guk naturalizatu egin dugu hezkuntzan etengabe berritu egin behar dela, eta ez da egia. Hezkuntza arautuan arazo asko daude, eta batzuk oso larriak, baina ez dira konponduko errealitateari ihes eginda. Ikasgelan lanean daudenei entzun behar zaie, eta askotan arinkeriaz aldarrikatzen den pentsamendu kritikoari benetan lekua eman.

Berrikuntzan onurak ikusten dituzten planteamenduei ere lekua egin nahi diezue.

TMB: Uste dut berrikuntza pedagogiko amaigabea ia erlijio berri bihurtu dela lankide askorentzat. Ez da harritzekoa, zeren eta baliabide posible guztiekin, gau eta egun, txertatu egin baitigute berritu ustezko beharra, formakuntzako ikastaro zein publizitate subliminalaren bidez, etengabe eta denbora luzean. Horrek azkenean eragina dauka, eta noski, kontra agertzen garenok atzerakoi eta “zaharrun” moduko agertzen gaituzte, kasurik hoberenean, klaustroetan toxiko gisa ez bagaituzte izendatzen. Baina lankide batzuek fede onez uste dute berrikuntza pedagogikoa onuragarria dela, eta ados, agian kasu batzuetan hala da. Hitz egin dezagun horretaz.

IMP: Kulturalki, egun, berriak zaharra gainditu eta mespretxatu egiten du. Aurreko garai batzuetan kontrakoa ere bultzatzen zen: imitazioa landu, antzinakoa laudatu… Mendebaldean ez baita beti berritasuna gurtu izan. Kontua, dena den, ez da bata bestea baino hobea dela esatea: kontserbadorea ala berritzailea zara? Ikuspegi bakoitzaren ondorioak eta inertziak aztertzeak interesgarriagoa dirudi. Aurreko garaietan “zaharra bada, hobea da” entzungo genukeen; gaur egun, berriz, “hobe berria bada” entzutera pasa gara. Baina kasuan kasu aztertu behar dugu, ezin onartu ez bata ez bestea dogmatikoki. Gogora datozkit Juan de Mairenak erreformistei zuzendutako hitzak, zuhurtasunaren adierazle: “Aldatzea ez da beti hobetzearen sinonimoa”. Berrikuntzaren aldeko mugimendua, gainera, oso tanatikoa izan daiteke: dena zakarrontzira doa gero eta arinago.

Zer da jardunaldiarekin lortu nahi duzuena?

IMP: Intuizio batzuei, kezka batzuei eta bide batzuei forma emateko aukera polita izango da. Elkarrekin gure egunerokotasuna pentsatzeko, saretzeko eta indarrak batzeko aproposa izan daiteke. Badirelako, finean, Silycon Valeyko guruenak baino ahots gehiago egungo pedagogian. Gauzak egiteko, edo agian gauza batzuk egiteari uzteko, modu bat baino gehiago daude.

TMB: Bada, esandako ildotik, lehenengo eta behin, egun hezkuntzan modu zabalduaz bezain akritikoz onartzen diren ikuspegiak kritikoki aztertzea bilatzen dugu. Adibidez, IKTak ikasgelan erabiltzearen alde onak eta txarrak ebaluatu nahi ditugu, edo azken denboraldian emozioek irakaskuntzan hartu berri duten papera berrikusi eta aztertu. Baina akaso helbururik garrantzitsuena irakasleen artean berrikuntza pedagogikoari buruzko eztabaida sortzea eta zabaltzea izango litzateke, masa kritiko bat osatze aldera pauso gisa, hezkuntza-sistema barrutik zaindu, eta jasaten ari den oldarretatik babestuko duena.

Zerbait nabarmentzeko?

TMB: Ez dakigu zer-nolako balantzea egingo dugun ikastaroa bukatzean, baina uste dugu nabarmentzekoa dela zein harrera ona izan duen. Presa, tip arinen eta laburpen bizkorren munduan, ikastaro trinko bat proposatzera atrebitu ginen, edukiarekin, hausnarketa sakonek gutxieneko denbora behar dutelakoan eta plaza-eskaintza handi nahikoa egin genuen. Gainera, ikasturte-amaieran justu izango da, denok oso nekatuta gaudenean... baina plazak oso azkar bete dira, uste baino askoz lehenago! Itxaron-zerrenda ireki behar izan dugu (saiatuko gara zerrenda horretako ahalik eta kide gehien ikastaroan sartzen). Pozik gaude horrekin, seinale ona baita, beharra eta kezka dagoelakoa irakasleen artean.

IMP: Bai, espero gabekoa izan da ikastaroak izan duen harrera. Hasiera batean matrikulazioarekin beldur ginen, egun bateko jardunaldiek hobeto funtzionatzen dutelako: ez omen da hain erraza gure egutegi beteegietan hiru eguneko tarte bat topatzea… Hala ere, ematen du egungo inertzia pedagogiko batzuen inguruan hausnartzeko beharra eta gogoa egon badagoela.

Jakintza-arloak