Martxel Aizpurua Agirre: "Erle-produktu bakoitzak bere konposizioa eta erabilera propioa ditu"
2025eko irailaren 2a

"Erle-produktuak: osasun-iturri" liburua argitaratu berri du UEUrekin Martxel Aizpurua Agirrek (Alegia, 1949). Langatu kale-baserrian jaioa, bederatzi urtez ikasi zuen Donostiako apaizgaitegian. Bartzelonan Biologia eta Palinologian espezializatu zen eta urtebetez aritu zen Donostiako Santo Tomas lizeoan irakasle. Zazpi urtez UZEIko Natura Zientzietako hiztegien arduraduna izan zen Biologiako terminologia lantzen, eta, aldi berean UEUn Natur Zientzietako Sailaren arduraduna izan zen. Donostiako Aranzadi Zientzia Elkartean ikerketan aritu zen Paleopalinologian 1984tik 2014ra. Azken 35 urteotan, profesionalki ari da erlezaintzan. Zarauzko Arkamurka Natura Elkarteko partaide da azken 30 urteetan, bertan bizi denetik. Hainbat argitalpen egin ditu, bakarka eta lankidetzan, eta erleen gaiaren inguruan UEUrekin argitaratzen duen hirugarren liburua da hau. 2020an Erleekin solasean liburua argitaratu zuen eta 2023an Erletxo, erletxo, nagusia hil da. Harekin izan gara.
Duela lau hamarkada erle-mundua marjinala zela diozu, mundu magikoari loturikoa.
Nik batik bat Gipuzkoako egoera ezagutu dut, hor hasi nintzelako profesionalki, duela 40 urte inguru. Erleak baziren han eta hemen, baina, oro har, horien zaintza nahikoa utzia zegoen. Baziren, noski, erle-kopuru polit batekin ari zirenak ere. Sozialki, ordea, erabat marjinala zen. Erosten zen eztia kanpokoa zen. Alcarriatik (Espainia) etortzen ziren kalez kale eztia saltzera. Eztiak bazuen estimua, eta oso preziatua zen; etxe gehienetan egoten zen eztia, katarro aldirako edo, baina ez zen eguneroko kontsumo-gai.
Aldundira profesionalki sartu zen lehen erlezaintzako espedientea nirea izan zen (1983). Halaber, nire eztitegia izan zen Gipuzkoan osasun-erregistroa lortu zuen lehena (1988). Gipuzkoako Erlezain Elkartea (GEE) sortu genuen 1986an; izugarrizko harrera ona izan zuen. Barroa akaro suntsitzailea heldu zen 1988an eta, GFA lagun, GEEk botikak banatu zituen, ikastaroak herriz herri eman, erlauntz modernoak banatu…
Eztiaren Eusko Labela sortu zen 1993an, eta bide horretan sartu ginen erlezain batzuk. Ezti ekologikoaren araudia ere onartu zen Europan (2008) eta bide horretatik ere sartu ziren beste batzuk. Bertako erlearen hobekuntza genetikoa ere abiatu zen ondoren. Hamarkada garrantzizkoak izan dira azken hauek Gipuzkoako erlezaintzarako.
Erle-produktuetan jakin-min handiagoa dago gaur egun?
Nire ustez, erle-produktu desberdinen erabilera da handitu dena. Duela 40 urte ez ziren erabiltzen, adibidez, polena, propolia, erregina-jelea edo pozoia. Orain botiketan, ferietan, naturisten kontsultetan, eta abar ikusten direnez, jendeak informazioa nahi du horiei buruz.
Osasunarekin lotzen dira...
Bai, erle-produktu klasikoak (eztia, polena, propolia, erregina-jelea eta pozoia) osasunarekin lotzen dira. Liburuaren muina horretan datza; alegia, produktu horiek osasunean ba al duten eraginik, eta, baldin badute, zergatik duten.
Nire liburuan zuzenean gorputzeko osasunarekin zerikusirik ez duen produktu bat ere sartu dut, polinizazioa, alegia. Intsektu polinizatzaileek ematen diguten ondasun bat da polinizazioa; batetik, intsektu polinizatzaileek gure nekazaritzako landareen emaitzak asko handitzen dituztelako, eta, bestetik, biodibertsitatea bermatzen dutelako. Intsektuen galerarekin ingurumena suntsitzeko dugun arriskuaz ere aritu naiz.
Zeintzuk dira horien erabilera nagusiak?
Erle-produktu bakoitzak bere konposizioa eta erabilera propioa ditu. Adibidez, propoliaren erabilerak ez du zerikusirik argizariaren edo eztiaren erabilerarekin. Modu orokorrean esan daiteke osasuna mantentzeko produktuak direla. Ez dira larrialdian erabiltzekoak. Erle-produktu batzuek larruazalean dute eragina, besteek sistema digestiboan edo zirkulatorioan.
Liburua adituetatik, ikerketetatik, zure esperientziatik... batutako informazioaren dibulgazio-lana dela diozu. Zer aurkituko du bertan irakurleak?
Liburuko erle-produktu bakoitzaren eskema orokorra hau da: produktu bakoitza nondik sortzen den; produktuaren konposizio kimikoa; eta, azkenik, osasunerako dituen onurak.
Garrantzizkoa da jakitea erle-produktuek zer konposizio kimiko duten, zeren askotan fedez soilik gidatzen baikara. Komeni da jakitea zer osagai dituzten eztiak, propoliak edo pozoiak; osagai horiengatik dituzte, izatekotan, osasunerako onurak.
Era berean, erle-produktuak kaltegarri ere izan daitezke zenbaitentzat. Hor ere komeni da horren zergatia jakitea; zergatia, noski, bere osaketan edo erabileran egongo da. Uste dut kezka horietako batzuk argitzeko balioko duela liburuak.
Kimikaz ez dakien irakurleak salta ditzake kimikako atal horiek, saiatu bainaiz, bestela ere, irakurlea mundu horretara xeheki hurbiltzen. Liburuan badago kontzeptu asko argitzeko kapitulu bat.
Nori dago zuzenduta?
Sarreran diot: Edukiari begiratuz gero, lau irakurle-mota behintzat ikusten ditut: erlezainak (jakina), osasun-langileak (mediku, erizain, naturista, dietista…), osasuntsu bizi nahi duen oro eta biologoak. Jakin-min hutsez inguratuko diren batzuk ere izango dira agian. Bejondeiela!
Zer da liburuarekin lortu nahi duzuna?
Produktu natural askorekin gertatzen den bezala, erlezainoi esan zaigu denetarako ona bezala eskaintzen ditugula erle-produktuak, Lourdeseko ura balitz bezala. Medikuek ere, medikamentuen konposizioan heziak, sarritan ez dituzte erle-produktuak aintzat hartzen, nire irudiko, benetan ezagutzen ez dituztelako. Jakin nahi duenarentzat, bada, liburu honetan erle-produktuen muina eta osaketa azaltzen dira xeheki. Garrantzizkoa da norbere iritzia informazioan oinarritua izatea.
Erlea intsektua izanik, eta maitatua gainera, ez dut aukera galdu intsektu guztiek gure ingurumenean duten garrantzia azpimarratzeko.
Erleen inguruan UEUrekin argitaratu duzun hirugarren liburua da. Zer eman dizute erleek?
Erlezaintzan lan egiteak nire aurreko belaunaldien bizibidea zen lehen sektorearekin bat egiteko aukera eman dit. Buru-belarri lan egin dut sektorearen alde, modu konprometituan eta koherentean. Irribarre sano batez begiratzen diot erleen bidaide egindako bideari.
