Maddi Juanikorena Diaz: "Arnasguneak ez dira soilik mapa bateko puntu batzuk; pertsonak dira, harremanak, plazak eta elkarguneak"
2025eko ekainaren 12a

"Arnasguneei arnasa ematen. Egungo gizarte aldaketen aurrean zer behar dute arnasguneek euskarari arnasa ematen segitzeko?" jardunaldia egingo da gaur Tolosan Euskalgintzaren Kontseiluak eta UEUk antolatuta. Maddi Juanikorena Diaz (1991) Euskalgintzaren Kontseiluko Proiektu Garatzailea jardunaldiaren antolaketa lanetan aritu da. Juanikorenaren esanetan "egungo gizarte-aldaketen testuinguruan arnasguneen egoeraren inguruko hausnarketa kolektiboa sustatzea da helburua". Harekin izan gara.
Zein izan da arnasguneen bilakaera?
Arnasguneak euskararen transmisioan eta erabileran oinarrizko eremuak dira eta hizkuntzaren biziberritze-prozesuan zeregin estrategikoa dute. Hiztun berriak sozializatzeko eta erabileran murgiltzeko gune aproposak dira, eta hizkuntzaren prestigioa eta erabilera aktiboa sustatzen dute. Hala ere, azken hamarkadetan hizkuntza-ohiturak aldatu egin dira eta, horrekin batera, arnasguneen egonkortasuna ere zalantzan jarri da.
Gizartea eta mundua abiadura bizian aldatzen ari diren garai hauetan, aldaketa horien eragina bizitzako esparru ezberdinetan suma dezakegu. Joera berriak hedatzen ari dira harremanak izateko moduetan, bizimoduaren pantailaratzean, ekonomiaren garapenean, kontsumo-ohituretan, kultur eraginetan, aldaketa demografikoetan eta gure bizimoduaren beste hainbat arlotan.
Arnasguneetako bilakaera soziolinguistikoa mundu-mailako aldaketa teknologiko eta kulturalek eraginda eta joera demografiko, ekonomiko eta urbanistikoen menpe gertatu da azken hamarkadotan.
Teknologia berriak, kulturartekotasuna, turismo-ereduak... alde desberdinetatik begiratuko diozue gaiari.
Bai, ezinbestean. Gaur egungo gizarte-aldaketek dimentsio askotako eragina dute arnasguneetan. Teknologia berriek aukera berriak zabaltzen dituzte euskarazko edukiak sortu eta partekatzeko, baina arriskua ere nabarmena da, hizkuntza hegemonikoen nagusitasuna handia da sarean. Kulturartekotasunak, berriz, hizkuntzaren inguruko diskurtso eta praktikak berrikustera behartzen gaitu; nola egin euskara kohesiorako hizkuntza izan dadin? Euskara harrera-hizkuntza izan dadin, herriek harreragune izan behar dute. Eta turismoak, bereziki zenbait eskualdetan, masifikazioa eta euskararen ikusezintasuna dakar. Eredu jasangarriak beharko genituzke, bertako hizkuntza eta kultura errespetatuko dutenak.
Zeintzuk dira aurrera begirako erronka nagusiak?
Etorkizunera begira, erronka nagusietako bat da euskararen transmisioa eta erabilera bermatzea, erabilerarako espazio erosoak bermatzea, sarean zein kalean.
Bestalde, euskaldunen arteko hizkuntza-leialtasuna indartzea premiazkoa da. Arnasguneetan ere, askotan gaztelaniara jotzen da automatikoki, beraz, harremanetan euskal hiztunen ahalduntzea premiazkoa da.
Etxebizitza eta lurralde-antolamendua ere arnasguneen etorkizunarekin estuki lotuta daude. Herri txikietako biztanleria eta euskararen nagusitasuna mantendu nahi badira, bertako herritarrei bertan bizitzeko aukera erreala eman behar zaie. Bestela, herriak hutsik gelditzen dira eta, haiekin batera, euskararen erabilera ere ahultzen da.
Azkenik, ezinbestekoa da eragileen arteko elkarlana: herritarrek, erakundeek eta euskalgintzak ikuspegi estrategiko eta bateratu batekin jardun behar dute, komunitate bizia eta bizigarria eraikitzeko.
Zein da jardunaldiaren helburua?
Jardunaldiaren helburua da egungo gizarte-aldaketen testuinguruan arnasguneen egoeraren inguruko hausnarketa kolektiboa sustatzea. Erronkak eta aukerak identifikatzeaz gain, elkarrekin pentsatzeko gune bat sortu nahi dugu: zer behar dute arnasguneek euskarari arnasa ematen jarrai dezaten? Eta zein da gure erantzukizuna horretan? Ikuspegi praktikoa eta estrategikoa uztartu nahi ditugu.
Zerbait nabarmentzeko?
Komunitate bizien indarra. Arnasguneak ez dira soilik mapa bateko puntu batzuk; pertsonak dira, harremanak, plazak eta elkarguneak. Eta horietan, euskara bizi dagoenean, komunitatea ere bizigarria da. Horregatik, plaza bizi eta bizigarriak eraikitzea ez da metafora bat soilik: hizkuntzaren aldeko hautu kolektiboa da, eta horrek eskatzen du denon parte-hartzea.