Arnasguneei arnasa ematen. Egungo gizarte aldaketen aurrean zer behar dute arnasguneek euskarari arnasa ematen segitzeko?

Aurkezpena
Gizartea eta mundua abiadura bizian aldatzen ari diren garai hauetan, aldaketa horien eragina bizitzako esparru ezberdinetan suma dezakegu. Joera berriak hedatzen ari dira harremanak izateko moduetan, bizimoduaren pantailaratzean, ekonomiaren garapenean, kontsumo-ohituretan, kultur eraginetan, aldaketa demografikoetan eta gure bizimoduaren beste hainbat arlotan.
Arnasguneetako bilakaera soziolinguistikoa mundu-mailako aldaketa teknologiko eta kulturalek eraginda eta joera demografiko, ekonomiko eta urbanistikoen menpe gertatu da azken hamarkadotan.
Hala, arnasguneek bizirik jarraituko badute, zer behar dute euskarari arnasa ematen segitzeko? Bizimoduaren pantailaratzearen aurrean zer egin? Nola ekarri euskarara herrikide berriak? Egungo testuinguruan nola eutsi ehun komunitario eta plaza bizi bati? Zein da egungo eredu urbanistikoen eragina hizkuntzaren garapenean? Posible da euskararentzat ere jasangarria den turismo-eredu bat? Edota, zer behar dute arnasguneek guztiontzako arnasgune izateko?
Jardunaldi hau UEUk eta Euskalgintzaren Kontseiluak elkarlanean antolatu dute.
Helburuak
- Arnasguneen bilakaerari eta euren errealitate soziolinguistikoari zuzenean eragiten dieten faktore demografiko, soziokultural, ekonomiko eta urbanistikoen konplexutasunaz jabetzea.
- Estrategia, diskurtso eta lan-ildo berriak elkarrekin pentsatzea.
Nori zuzenduta
- Euskararen normalizazioaren alde lanean diharduten gizarte-eragileetako kideak.
- Euskara-teknikariak.
- Hizkuntza-politikan eta gizarte-eraldaketa prozesuetan interesa duen edonor.