Josu Amezaga Albizu: "Azken bost urteetan, esfortzu handia egin dute hedabideek, Hekimenek eta Behategiak analitika digitalerako jauzia egiteko"
2025eko irailaren 11

"Analitika digitala euskarazko hedabideetan: erronka handi bat" jardunaldia hartuko du Eibarko Markeskoa Jauregiak gaur eta bihar. UEUren Udako ikastaroen barruan antolatutako jardunaldia da, eta Josu Amezaga Albizu (Caracas, 1960) aritu da haren antolaketa-lanetan. Amezaga doktorea da Soziologia Politikoan, eta irakasle-ikertzailea EHUko Ikus-entzunezko Komunikazio eta Publizitate Sailean. NOR Ikerketa Taldeko koordinatzailea da, eta UEUkidea, besteak beste. Harekin izan gara.
Datuak dira gaur egungo urrea...
Hala esaten dute. Hala ere, ez dira mitifikatu behar, eta bereziki argi eduki behar da datuak zertarako nahi ditugun. Audientzien arloan, bederen, publizitate-merkatuari oso lotuta daude datuak; hala egon dira beti, are eta gehiago komunikazioa negozio bilakatzen joan den heinean. Baina euskarazko hedabideek ez dute negozioa bilatzen, helburu etikoagoa dute. Orduan, irizpide propioetatik heldu behar zaie datuei. Modu kritikoan, baina eraginkorrean aldi berean. Euskarari bizitasuna emateko baliagarriak badira, balia ditzagun datuak.
Baina datu artean galduta gabiltza...
Egun dagoen datuen ugaritasunak ezagutza espezifikoak eskatzen ditu, esan bezala modu kritiko eta eraginkorrean baliatu ahal izateko. Ezagutza espezifikoez gain, datuen kultura oso bat behar da, oro har. Alegia, behin datuak zertarako nahi ditugun erabakita, garrantzitsua da behar diren datuak zehaztu eta biltzea (zehaztu ezean, ito egingo gara datuen ozeanoetan). Ondoren, datuak analizatu egin behar dira, segidan analisi horietan oinarritutako estrategiak definitu eta ekintzetara pasatzeko. Gero, egindakoaren ebaluazioa burutu behar da, eta horrek datu berrien beharra ekarriko du.
Analitika digitala euskarazko hedabideetan zergatik da erronka handi bat?
Euskarazko hedabide gehienek nahikoa lan dute orain arteko eguneroko lanekin: informazioa bildu, argitaratu, baliabideak lortu, aurrekontuak kudeatu, eta abar. Dena baldintza zailetan, esan bezala aukeratu duten egitekoa ez baita negozioa; gehiago du euskararen aldeko militantziatik. Baldintza zail horiekin eremu berri honetan ere sartu beharra, horixe da erronka handia.
Hala ere, Euskal Hedabideen Behategitik 70 hedabidek trafiko digitala behatzeko panelak dituzte, elkarlanean besteekiko informazioa partekatzen dute. Hor bildutako datuek zer erakusten dute?
Erakusten duten lehen gauza da hedabide horien arteko lankidetza eta konplizitatea. Datua urre gisa hartzen duten hedabideak ez dira datuak partekatu zale; nork bere altxorra gordetzeko joera du. Euskara hutsezko hedabide askok, ordea, lankidetzaren bidea aukeratu dute, erronka handiegia baita bakarka heltzeko. Eta hor Hekimenen eta Behategiaren laguntza dute, besteak beste.
Trafiko digitalari dagokionez, bestalde, zera erakusten dute datuek, Behategiaren azken Urtekarian azaltzen den moduan: Hekimeneko hedabideetako webguneek 40 milioi bisita pasa izan zituztela azken urtean, eta haietako hamarretik zazpi sakelako telefonotik egin zirela. Halaber, hedabide-mota ezberdinek elkar osatzen dutela ikusten da: tokiko hedabideek, adibidez, saio-kopuru ugari lortzen dituzte, eta hedabide nazional zein tematikoek, aldiz, erabiltzaile-kopuru handiagoa eta erabileraren sakontasuna gehitzen dituzte. Ikusten da, halaber, erabiltzaileak euskarazko hedabideetara nola iristen diren: mundu mailako joerekin alderatuta, gurean, sare sozialen bideratze-ahalmena ez da hain handia (horrek askeago bihurtzen ditu algoritmoetatik), eta markarekiko atxikimendua nabarmenagoa da.
Beste gauza asko ere erakusten dute datuek, baita hedabide bakoitzari berari dagokion informazioa ere.
Zer da jardunaldian batez ere landuko duzuena?
Azken bost urteetan, esfortzu handia egin dute hedabideek, Hekimenek eta Behategiak analitika digitalerako jauzia egiteko. Horretarako, Administrazioaren laguntza ere izan da (Euroeskualdearena eta HPSrena batez ere). Horri esker, bide berri hau abiatzea lortu da. Orain, ziklo baten amaiera ikusten dugu Behategitik, eta hurrengo urteetarako ibilbidea definitu beharra, nagusiki honako galderari erantzunez: zein izan behar du Behategiaren egitekoak hurrengo urteetan?
Helburu orokor horrekin prestatu den egitarauan, atzera begiratuko dugu, egindako bidearen perspektiba hartzeko; baina, bereziki, aurrera begira jarriko gara, datozen erronkei aurrea hartzeko. Halaber, helburu hori ezin da modu magistralean burutu: horregatik, etorriko diren guztien arteko solasa bultzatuko da, mahai-inguruak egongo dira, eta denontzako tailer bat ere aurreikusi dugu.