Analitika digitala euskarazko hedabideetan: erronka handi bat.

Aurkezpena
Jardunaldi honetan urrats bat egin nahi da euskarazko hedabideek digitalizazioaren bidean daramaten dinamikan. Zehazki, trafiko digitalaren analitikan eta analitika horrek haien jardueran izan ditzakeen onuren inguruan.
Azken lau urteetan, datuen kultura euskarazko hedabideetan txertatzen jardun da Euskal Hedabideen Behategia (www.behategia.eus). Besteak beste, Euroeskualdeak lagundutako BEHA ildoa garatu du. Horri esker honezkero 70 hedabidek trafiko digitala behatzeko panelak dituzte, elkarlanean besteekiko informazioa partekatzen dute, eta hasiak dira (lehendik hasita ez zeudenak) datu horietan oinarrituta estrategiak garatzen.
Orain, ikastaro honetan, egindako ibilbidea baloratu, ibilbide horretatik ikasi, eta aurrera begirako urratsak definitu nahi dira, erronkak eta aukerak identifikatuz.
Jardunaldiaren koordinatzailea: Josu Amezaga (EHUko NOR Ikerketa Taldeko kidea, Behategiko kidea)
Helburuak
- 4 urteko ibilbidea eta egindako aldaketak ebaluatzea; analitika digitalari buruzko gogoeta egitea.
- Euskarazko hedabideen trafiko digitalaren datuek erakusten duten panorama aurkeztea.
- Eremu digitalaren etorkizun hurbileko erronkak identifikatzea.
- Behategiak eta hedabideek aurrerantzean egin beharreko urratsak definitzea.
Nori zuzenduta
Ikastaroa, lehenik, euskara darabilten hedabideetako langile eta kolaboratzaileei zuzentzen zaie. Haiekin batera, euskarazko komunikazioan, audientzien ikerketan zein eremu digitalean interesa duten pertsonek ere aurkituko dute zer gogoetatua eta zer ikasia.