Jon Levy Otheguy: "Ur-satorra espezie arraroa eta oso iheskorra da; hain da berezia, ezen askotan gure ornitorrinkoa dela esaten baitugu"
2026ko urtarrilaren 21a

Ur-satorra du ikergai doktorego-tesian Jon Levy Otheguyk (Baiona,1998). UEUk ikertzaile gazteei ahotsa emateko IkerGazte kongresuan ikusi genuen, baita ikerl(h)ari bideopodcastean ere. Orain bere ikerketaz gehiago jakiteko izan gara berarekin. Organismoen biologiari buruzko lizentziadu (UPPA) eta masterrak ditu Ur geza kontinentalaren ekosistemen funtzionamendu eta berreskurapenean (FREMAC, Frantzia) eta Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioan (EHU). Doktoregaia da eta EHU/UPPAko kotutelako beka du Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia Sailari (EHU) eta Paueko Matematikako eta haien Aplikazioen Laborategiari (UPPA) lotuta.
Biologiako ikasketak egin eta ikerketaren mundurako jauzia eman zenuen gero. Zergatik Biologia? Zergatik ikerketa?
Txikitatik naturarekiko izan dudan zaletasunak eta atxikimenduak eraman ninduen Biologia ikastera. Hasiera batean ez nuen ikerketa-mundua baztertzen, baina ez zen nire lehentasun nagusia ere. Hala ere, master-amaierako laneko zuzendarien bitartez murgildu nintzen esparru horretan. Elkarrekin lan egitea oso aberasgarria izan zen, eta hasitako lankidetzari jarraipena eman nahi izan genion. Azkenean, lan hura doktoretza-tesi proiektu bihurtu zen, eta horrela egin nuen jauzia ikerketaren mundura.
Ur-satorra duzu ikergai. Animalia berezia da bera... Zeintzuk dira haren ezaugarriak?
Ur-satorra espezie arraroa eta oso iheskorra da; hain da berezia, ezen askotan gure ornitorrinkoa dela esaten baitugu. Morfologikoki ere oso bitxia da: tronpa moduko muturra du, sator baten antzeko hankak eta arratoi baten tankerako buztana. Ur bizietara egokitutako ugaztun erdi-urtarra da.
Tamainari dagokionez, gorputzak 12–15 zentimetro inguru ditu, eta buztana gehituta, guztira 30 zentimetro ingurura irits daiteke. Gorputz osoa dago egokituta erreketan murgildu eta bertan azkar mugitzeko; lehorrean, ordea, ez da hain trebea. Elikaduraz, intsektujale urtarra da. Beltza izateak eta batez ere gauez ibiltzeak ia ikusezin bihurtzen dute, eta errekan argi-foku bat sartzen bada, berehala ihes egiten du.
Ikusmena eta entzumena eskasak baditu ere, usaimena eta dastamena oso garatuak ditu. Tronparen inguruko iletxoak oso sentikorrak dira, eta oztopoak zein harrapakinak atzemateko erabiltzen ditu; iletxo horiei bibrisak deitzen zaie. Oso ondo kontserbatutako eremuetan baino ez da agertzen, eta erreken kalitatea ezinbestean oso ona izan behar da. Bereziki gustuko ditu erreka bizi eta maldatsuak, ur-korronteetan aurkitzen baititu harrapakinak.
Egia esan, ur-sator bat ikustea ia ezinezkoa da. Ideia bat egiteko, 2022az geroztik lan honetan nabilenetik, doktoretza-tesiko harrapaketa-saioetatik kanpo, bitan baino ez ditut ikusi; oso azkar mugitzen dira erreka barruan.
Zein da ikerketaren helburua? Non jarri duzu fokua?
Ur-satorra bezalako espezie arraro eta iheskorren kasuan, kudeaketa eta kontserbazioa ezinezkoak dira informazio fidagarririk gabe. Espeziea zuzenean ikustea ia ezinezkoa denez, ezinbestekoa da jarraipen-metodologia egokiak izatea populazioaren egoera eta banaketa ezagutzeko.
Gure ikerketaren helburua, hain zuzen ere, hori da: kudeatzaileei tresna eraginkor eta ondo kalibratuak eskaintzea, erabakiak datuetan oinarrituta hartu ahal izan ditzaten. Horretarako, kakatoki artifizialen metodologia garatzen ari gara, espeziearen presentzia eta erreka-sare batean duen okupazio-maila modu ez-inbaditzailean ezagutzeko aukera ematen duen metodoa. Gure kasuan, Artikutzako erreka-sarean jarri dugu fokua.
Animalia iheskorra izanik haren kakatokiak aztertu dituzu. Zein izan da erabili duzun metodologia?
Kakatokiekin batera, txipak —edo transponderrak— eta RFID antenak erabiltzen ditugu markatutako aleei jarraipena egiteko. Ur-satorra errekan ikustea oso zaila denez, eta animalia ahalik eta gutxien molestatu nahi dugunez, metodologia ez-inbaditzaileen alde egiten dugu; harrapaketa benetan beharrezkoa denean bakarrik erabiltzen dugu.
Sistema horri esker, animalia bakoitzaren jokabidea ezagutu dezakegu: urtean zehar nola mugitzen den, bere bizi-eremua nola erabiltzen duen eta kakatoki artifizialak nola baliatzen dituen. Informazio hori funtsezkoa da zenbat ale dauden jakiteko eta populazioa nola aldatzen den ulertzeko; izan ere, jokabidea ezagutu gabe, ezin da populazio baten egoera behar bezala interpretatu.
Zer erakutsi dute emaitzek?
Orain arte lortutako emaitzek informazio oso baliotsua eman digute. Jarraipen luzeko datuek erakutsi digute, bai kakatokien bidez bai RFID teknologiaren bidez, ur-satorrek ez dutela hibernatzen: urte osoan aktibo daude.
Bestalde, ikusi dugu kakatokien erabilera ez dela “kutsakorra”; alegia, ale batek kakatoki bat erabiltzeak ez duela besteek gehiago erabiltzea eragiten. Gainera, errekaren emarian izaten diren igoera handiek ere ez dute kakatokien erabilera baldintzatzen.
RFID antenei esker, beste ondorio garrantzitsu bat ere atera dugu: markatutako aleen bisiten ia erdietan ez dute gorotzik uzten kakatokietan, eta badira bisitatuak izan arren inoiz gorotzik agertu ez duten kakatokiak ere. Horrek erakutsi digu argi eta garbi arrastoen faltak ez duela esan nahi espeziea bertan ez dagoenik; hau da, absentzia faltsuak gertatzen direla. Fenomeno horren probabilitatea kalkulatzen hasi gara, nahiz eta oraindik sakontzen jarraitu behar dugun.
Azkenik, RFID antena-hesiek —peaje modura funtzionatzen dutenek— oso eraginkorrak direla frogatu dute txiparekin markatutako aleak detektatzeko, baita erreka-emari handietan dagoenean ere. Horrek metodologiaren fidagarritasuna indartzen du, etorkizuneko jarraipen eta kudeaketa-lanetarako tresna sendoa dela erakutsiz.
Zein da ikerketako hurrengo urratsa?
Ikerketaren hurrengo urratsak argi ditugu. Lehenik eta behin, kakatoki artifizialen kalibrazioa hobetzeko, haien ikuskapen-denbora optimizatu nahi dugu. Horretarako, eredu matematiko berri bat garatu dugu, eta orain testatu egin behar dugu.
Bestalde, kakatokien eta bertan ezarritako RFID antenen bidez, kakatoki baten inguruan —eta, ondorioz, erreka-tarte batean— zenbateko ur-sator populazioa dagoen estimatzea dugu helburu. Gaur egun ez dago erreka batean zenbat ur-sator dauden zehaztasunez jakiteko aukera ematen duen metodologiarik, eta hutsune hori betetzea da gure erronka nagusietako bat.
Azkenik, orain arte egindako jarraipen luzeei esker, kakatokien erabilera eta RFID antena-hesiak konbinatuta, populazio batek eta markatutako aleek espazioa nola okupatzen duten ulertu ahal izango dugu. Informazio horrek aukera emango digu espeziearen ekologia hobeto ezagutzeko eta etorkizuneko kudeaketa- eta kontserbazio-neurriak hobeto bideratzeko.
IkerGazte kongresuan entzun zintugun, baita ikerl(h)ari bideopodcastean... ikertzen den hori dibulgatzea garrantzitsua dela uste duzu?
Gaur egun, dibulgazioa ezinbestekoa da. Jendeak ulertu behar du zer egiten dugun ikertzaileok, zergatik egiten dugun eta zein helbururekin. Nire inguruko pertsonek ni eta nire lana ezagutzea garrantzitsua da, horrek errespetua sortzen duelako. Azken finean, elkarrekiko errespetua da gizarte-harremanen oinarria, baina errespetu hori ez da berez sortzen: lanaren zentzua eta balioa partekatu egin behar dira.
Dibulgazioak aukera ematen digu zientzia gizartera hurbiltzeko, zubiak eraikitzeko eta ikerketa-lanek zertarako balio duten azaltzeko. Horrek ikerketarekiko konfiantza sortzen laguntzen du, eta kudeaketa- eta kontserbazio-erabakiek oinarri sendoagoa izatea ahalbidetzen du.
Hala ere, nire arloan dabiltzan pertsona askok —ikertzaileek, kudeatzaileek eta kazetariek— informazioa eskura izan arren, ez dute beti sakontzeko astirik hartzen. Ez da informazio falta, baizik eta denbora falta: bilaketa bibliografikoek denbora asko eskatzen dute, eta gaur egungo testuinguruan denbora diruarekin parekatzen da. Horrek askotan azaleko irakurketak eta iritzi azkarrak ekartzen ditu.
Kazetaritzaren kasuan, dibulgazioak potentzial handia du, baina arreta handiz landu behar da. Adituak maiz olatu mediatiko batean sartzen dira, eta olatu hori baliagarria izan daiteke kultura zientifikoa zabaltzeko. Baina, aldi berean, oreka bilatu behar da: ikerketa sakona egiteko behar den denbora errespetatzea, eta mezuak gehiegi ez sinplifikatzea, errealitate zientifikoa desitxuratzeko arriskua baitago.
Horregatik, nire ustez, erronka nagusia ez da dibulgazioa saihestea, baizik eta ondo egitea: zorroztasuna galdu gabe, mezu argiak eta ulergarriak eskaintzea, eta ikertzaileen, kazetarien eta gizartearen arteko konfiantzan oinarritutako harremanak eraikitzea.
Zeintzuk dira eskuartean dituzun erronkak?
Une honetan dudan erronka nagusia doktorego-tesia ondo amaitzea da, baina helburua ez da titulu bat lortzea bakarrik. Lortzen dugun informazioak benetako erabilgarritasuna izan behar du: lehentasunezko eremuak identifikatzeko, kontserbazio-neurriak hobeto bideratzeko eta baliabideak modu arduratsuagoan erabiltzeko. Izan ere, jarraipen egokirik gabe ez dago kudeaketa egokirik, eta kudeaketarik gabe, espezie hauen etorkizuna kolokan dago.
Aurrera begira, ikerketa-munduan sendotu nahi dut nire burua, eta bereziki gutxitan ikusten diren baina ekosistementzat funtsezkoak diren espezieekin lan egin. Animalia arraroak eta galzorian daudenak ikertzea ez da soilik erronka zientifikoa: ardura bat da, eta aukera bat, zientziaren bidez naturaren etorkizunean eragin positiboa izateko.