Javier Monzon Gonzalez: "Tutoreek eta irakasle-laguntzaileek elkarrekin kudeatu beharko lituzkete ikaslearen banakako prozesuak talde osoan"
2025eko irailaren 12a

"Tutore eta laguntza-irakasleen arteko elkarlana erdigunean" ikastaroa antolatu du Iruñean UEUk Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean. Javier Monzon Gonzalez (Basaurin, 1968) izango da irakaslea. Monzonek Pedagogia ikasketak ditu (EHU) eta doktore-tesia Berritzeguneetako aholkularien profilaren inguruan egin zuen. Aholkularitzan eta prestakuntzan egin du lan Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan, bai eta laguntza-zerbitzuetako aholkulari- eta orientatzaile-taldeekin ere. Haren ikerketa-ildoa hezkuntza-eraldaketarako eta gizarte-hobekuntzarako ikerketa inklusiboari buruzkoa da eta nagusiki EHUko INKLUNI ikerketa-taldean garatu du. EHUko irakaslea izan da 25 urtetan eta 2021eko irailetik Nafarroako Unibertsitate Publikoan ari da.
Nolakoa izan beharko luke tutoreen eta irakasle-laguntzaileen arteko harremanak?
Harreman ona izan behako lukeela esango nuke, egokia zentzu guztietan, baina kontuan hartu beharko genuke abiapuntua ikaslea dela, ikaslearen premiak eta haren ongizatea. Horregatik, ikasle horrekin edo horiekin lan egiten duten irakasle eta profesional guztiek lan- eta harreman-sistema solidarioa adostu eta garatu beharko lukete. Hau da, elkarrekin kudeatu beharko lituzkete ikaslearen banakako prozesuak talde osoan. Hau da, nire ustez, inklusio-prozesuetan gaur egongo korapilo nagusia.
Harreman honetan irakasle bakoitzak bere prozesu pertsonala zaindu behar du eta, batera, beste profesionalak ere zaindu behar ditu.
Zeintzuk dira erronka nagusiak?
Nire ustez erronka nagusiak bi ardatzetan oinarritzen dira. Esan bezala, alde batetik harreman-sistema egoki bat sortu behar da, non bakoitzak norberaren “ego”-a alde batera utziz, ekarpenak egiteko eta ikasteko prest egon behar duen. Hemen irakasle-taldean profesionalen artean sortzen diren gatazkak mahai-gainean jarri behar dira bai eta heldutasunetik kudeatu. Batzuetan gatazka horiek pertsonalak dira, beste batzuetan ideologiakoak dira, non desadostasunak adierazten diren: bakoitzaren lanaren inguruan, ikaslearen arduraduna nor den, inklusioaren inguruan orokorrean….
Bestetik, bigarren ardatza, inklusioaren inguruan oinarritzen da. Ikaslearen garapen egokia non kokatzen den, zeintzuk diren lehentasunak, ikasketak funtzionalak zeintzuk diren, nolakoa den ikaslearen parte-hartzea taldean, klaseetan, patio-orduan…
Zer ekarriko luke elkarlan horrek?
Hasteko, elkarlan horrek gogoeta bat ekarri behako lioke irakas-taldeari. Gogoeta honetan taldeak adostu beharko lituzke, besteak beste, bi gai. Lehenengoan, zein den laguntza-irakaslearen papera (eta horren ondorioz zein den tutorerena ere), hau da, laguntza-irakaslea ikasleen premietan aditua den profesional bat da edo irakaskuntza-prozesuan zehar irakasleei laguntzeko profesional bat. Eta bigarrenean, zein den laguntza emateko helburua edo galdegaia, ikaslea edo curriculuma.
Elkarlan honek irakaskuntzaren inguruan ditugun usteak pentsatzeko aukera paregabea ere izan beharko luke.
Nori dago zuzenduta?
Irakaskuntzan ari diren profesional guztiei zuzenduta dago: laguntza-irakasleak (EH eta PT irakasleak), orientatzaileak, aholkulariak, tutoreak, zuzendaritza-taldeetan dauden irakasleak….
Nabarmentzeko zerbait?
Ikastaroaren zehar goian aipatutako erronkak mahai-gainean jarriko dira eta egia borobiletik urrun egongo gara, hau da, ikastaroan solasaldia eta gogoeta izango da ardatza. Honek eskatuko dio bakoitzari parte-hartze aktiboa eta konpromiso bat. Izan ere, bilerak edota eskoletan sortzen diren egoeretan oinarritutako eztabaidak eta role-playing-ak egingo dira, bai edukiak emateko baita norbere ikasketak egiteko ere.