Garazi Lopez de Lacalle Larreina: "Hezkidetzak ezinbesteko papera jokatu du hezkuntzan baina saltoa emateko garaia da"

2025eko azaroaren 13a

Garazi Lopez de Lacalle Larreina: "Hezkidetzak ezinbesteko papera jokatu du hezkuntzan baina saltoa emateko garaia da"

"Berdintasunetik ekitatera: ikastetxean Pedagogia Feministak txertatzeko estrategiak" ikerketa-lana aurkeztu du Garazi Lopez de Lacalle Larreinak (Gasteiz, 1985) UEUren GOI ikastegiak ematen duen Hezkidetzatik Pedagogia Feministetara: Euskal Curriculuma iparrorratz graduondokoan. Lopez de Lacalle Hezkuntza Bereziko irakaskuntzan (EHU) eta Jarduera Fisiko eta Kirol Zientzietan da lizentziatua (EHU). Gaur egun Donostiako Bideberri BHI ikastetxean "Hezkidetza" arduraduna eta Heziketa Fisiko eta Osasun Fisiko eta Emozionala arloetako irakaslea da. Aurkeztutako ikerlanaz gehiago jakiteko izan gara berarekin.

Zergatik da garrantzitsua pedagogia feministak derrigorrezko hezkuntzan txertatzea?

Sistemak sortzen dituen diskriminazio eta desabantailak orekatzen laguntzeko eta sistema bera zalantzan jartzeko aukera ematen dutelako. Pedagogia feministak justizia sozialerantz egiteko ezinbesteko praktikak dira, begirada eta diskurtso androzentriko, patriarkal, heteronormatibo eta kolonialekin hausteko konpromisoa bilatzen dutelako. Ikuspegi hau txertatu ezean, ikastetxeek hegemoniak ezkutatzen dituen zapalkuntza eta diskriminazio estrukturalak betikotzen dituzten instituzioak izaten jarraituko dute.

Hezkidetzaren arloan pausoak eman diren arren, hezkidetza-praktika konbentzionalak gainditzeko beharra dagoela diozu.

Hezkidetzak jokatu duen papera garrantzitsua eta ezinbestekoa izan da, baina gaur egungo erronka askori erantzuteko muga batzuk ditu. Bizi dugun egoera soziopolitikoari (ultraeskuinaren gorakada, neoliberalismoa) aurre egiteko motz geratzen da honen markoa, generoen arteko berdintasuna eta LGTBIQ+ kolektiboaren eskubideak aitortzera mugatzen baita. Hezkidetzak ez du feminismoarekin lotura zuzenik, ez du araua bera zalantzan jartzen, molde sozial eta kulturalak birproduzitu ohi ditu.

Pedagogia feministek pentsamendu kritikoa eta justizia soziala bultzatzen dute, sistemak betikotzen dituen zapalkuntzak eta diskriminazioak generotik haratago doazela adierazten du begirada intersekzionala txertatuz. Honen helburua ez da, besterik gabe, arautik urruntzen diren sexualitateak legitimatzea, baizik eta horiek eraikitzen dituen logika dikotomikoa eta dikotomien artean (klasea, etnia, adina, generoa, erlijioa edo gaitasuna) ezartzen den botere-egitura zalantzan jartzea. “Aniztasuna” eskubide gisa jartzen du balioan, arreta eta inklusiotik haratago. Hezkidetzak ezinbesteko papera jokatu du hezkuntzan, hobe da hezkidetzaren begiradatik lan egitea ezer ez lantzea baino, baina saltoa emateko garaia da.

Zeintzuk dira ikastetxeetan Pedagogia Feministak txertatzeko estrategiak?

Proposatutako esku-hartze posiblean hiru mailatan ezberdindu ditut: orokorrak, zuzendaritzei zuzendurikoak eta irakasleei zuzendurikoak.

Orokorrei dagokienez, lehenik ikas-komunitatearen sentsibilizazioa aipatu daiteke, “berdintasunetik ekitatera” begirada intersekzionala txertatuz. Egiturazko desberdintasunek markatutako mundu batean bizi gara, non pertsonen esperientziak identitate-dimentsio ugarik zeharkatzen dituzten: generoa, arraza, gizarte-maila, sexu-orientazioa eta desgaitasuna, besteak beste. Errealitate horiek ulertu eta jorratzeko, ezinbestekoa da begirada intersekzionala hartzea, identitateen eta zapalkuntzen konplexutasuna ulertzeko. Ikasle guztiei berdina eskaintzeak ez du, beraz, egiturazko diskriminazio edo desabantaila desagerraraziko. Bigarrenik, harremanak, alegia, “boterea eta botere-harremanak” lantzea, dominazioaren logikatik harreman parekideetara. Eta azkenik gatazka eta begirada errestauratzailea. Gatazken konponketaren testuinguruan, prebentzioan zentratu beharrean pertsonak gatazkei aurre egin diezaieten gaitzea da, ahalduntzea ikaslea subjektu aktibo izan dadin, erremintak gara ditzan laguntzea.

Ikastetxeetako zuzendaritzei lotutakoei dagokienez batetik egiturazko bermeak aipatu daitezke. Ikastetxeko sistemaren zaintza, antolaketa, eta ardura duten heinean, eta hezkuntza-administrazioarekin lotura zuzena, zuzendaritza-taldearen esku egongo da PFak txertatzearen aldeko hautua egitea eta hezkuntza-komunitateari estrategiak eskaini, praktikara eramaten direla bermatu eta ikastetxeko parte diren egiturazko ataletan eraldaketak egitea. Eta bigarrenik ikastetxeko planen eguneratzea eta begirada feminista txertatzea.

Eta azkenik irakasleei zuzenduriko esku-hartzeari dagokionez, batetik irakaslearen rola: erreferentzialtasuna eta lidergo feministak. Curriculum ezkutuan arreta jarri behar dugu, nahi gabeko hainbat jokabide zein pentsamendu sexista, arrazista, klasista, homofobo, transfobo, lodifobo... eta abar transmititzen ditugulako. Bigarrenik, curriculuma zalantzan jarri. Iratxe Retolazaren hitzekin bat eginez, Euskal curriculuma birpentsatzeko eta gaurkotzeko une mugarri batean gaude eta funtsezkoa da (trans)feminismotik elikatzea. Liburu eta argitaletxeen azterketa kritikoa egitea funtsezkoa izango da eskaini nahi dugun mezua aukeratzeko. Bi modu daude pentsamendu kritikoa garatzeko: iruditegi plural eta inklusiboa erabiltzea edo dagoena eta, aldatu ezin badugu, zalantzan jarri eta irakurketa kritikoa egiteko erabiltzea. Beraz, ez dugu zertan materialetako irudi guztiak aldatu. eta azkenik, espazio seguruen sorrera. Zaintzen Pedagogiatik (Aguado, 2018) sozializazio-espazioan norberarentzat esanguratsuak diren beste batzuk zaintzea erabakigarria da pertsonen ongizaterako eta giza ikaskuntza-gaitasunei ahalik eta etekinik handiena ateratzeko. Segurtasun- eta babes-behar afektiboak betetzen ez badira, ikasteko dugun gaitasunean eta gure ongizate fisiko eta emozionalean ezintasunak sortuko dira, ezer ez baita garrantzitsuagoa gutako gehienontzat lotura egonkor afektiboak baino. Abusuzko egoerek eragin negatiboa izaten dute garapenean eta ikaskuntzan.

Zeintzuk dira horiek ikastetxeetan txertatzeko traba nagusiak?

Irakasle eta zuzendaritza askoren agendan pedagogia feministak txertatzea ez da lehentasuna. Denbora asko inbertitzen dugu kontu burokratikoetan, lana digitalizatzen eta egiten dugun guztia argudiatzen... Baina elkarrekin hausnartu, gorputza inplikatzen duten esperientzia kolektiboak bizi eta komunitatea eraikitzeari oso denbora gutxi eskaintzen diogu. Elkarrizketa eta hausnarketa interesgarrienak askotan espazio informaletan sortzen dira, kafe baten bueltan.

Bestalde pribilegioak galtzeko beldurra sumatzen da, norberaren pribilegioen eta botere-desoreken inguruko errebisio eta autokritika egiteko nahi eza. Ezjakintasuna, zalantzak eta dudak ere askotan agertzen dira, nahikoa formakuntza ez izatea eta hanka sartzeari beldurra. Azken arrazoi hori batzuengan “zintzoagoa” sumatzen da, beste batzuek erresistentzia adierazteko aitzakia kontziente edo inkontziente bezala erabiltzen dutela uste dut.

Zein izan beharko luke hurrengo pausoa? Zein jomuga?

Etorkizuneko irakasleek pedagogia eta praktika feministen ezagutza eta esperientzia hauek lanean hasi aurretik garatzeko aukera izango balute, bidea errazagoa litzateke, justizia sozialarekin sentsibilizatuta egoteak eta norberaren pribilegioen kontzientzia hartzeak kritikoagoak eta eraldaketa sozialarekin konprometituagoak egongo diren profesionalak prestatzen lagunduko luke. Beraz, irakasle izateko graduan derrigorrezko ikasgai bezala ezartzea izugarria litzateke.

Bestetik, ikastetxeei pedagogia feministak txertatzeko bidea irekitzen lagunduko dieten pauso eta estrategia sistematizatuak eskaintzeak aukera eman lezake ikastetxe batzuetan adierazten den ezjakintasun hori gainditzeko. Aholkulari edo aditu figuren bitartez ikastetxe ezberdinetan prozesu bat martxan jartzea izan beharko litzateke hurrengo pausoa. Horretarako, zuzendaritzaren benetako konpromisoa ezinbestekoa izango da eta prozesua babestuko duten foro, mintegi eta sareak eraikitzeak asko lagunduko luke. Jomuga ikastetxe zein ikas-komunitateek euskal curriculuma zalantzan jartzeko baliabide nahikoak garatzea izango da, sistema bera zalantzan jartzeko estrategiak ezagutuz curriculuma begirada transfeministaz elikatu eta gure praktikak feministak bilakatuz.

UEUren GOI Institutuan egin duzu graduondokoa. Zer-nolakoa izan da esperientzia?

Esperientzia oso baliagarri eta aberasgarria izan da maila pertsonal nahiz profesionalean. Ezagutzak aberasteaz gain nire barruan bizi den barne-kritika pizten lagundu didalako eta eraldaketarako borrokatzen jarraitzeko indarra eman didalako. Euskal Herri mailan erreferente gehiago ezagutzeko aukera eman dit eta euskal curriculumaren garapen historikoa ezagutzeko aukera eman dit gaurko egoera aztertzeko erremintak eskainiz. Ikaskuntza-prozesu partekatu bat bezala bizi izan dut, irakasle zein ikaskideekin denbora gehiago fisikoki elkartzeko gogoz geratu arren, taldean lan egin eta elkarrekin saretxo bat sortzeko aukera eskaini dit graduondokoak.



Jakintza-arloak