"Gaitasun handiko haurren gaia mahai gainean jartzea funtsezkoa da haien inklusiorako eta garapen osorako"
2025eko urriaren 1a

"Adimen-gaitasun handiko haurren hezkuntza-arreta haien familien ikuspegitik" ikerlanaren nondik norakoak argitaratu dituzte Uztaro aldizkarian Iratxe Redondo Rodríguezek (Bilbo, 1983) eta Eider Vallejo Barreirok (Bilbo, 2002). Redondo Bilboko Hezkuntza Fakultateko irakaslea da eta ikertzailea Bilakaeraren eta Hezkuntzaren Psikologia Sailean. Vallejo Lehen Hezkuntzako irakaslea da Pedagogia Terapeutikoko aipamenarekin. Haiekin izan gara.
Adimen-gaitasun handiko haurrek eskola-testuinguruan dituzten beharrizanak aztertu dituzue. Zergatik? Ez da aztertu? Nola sortu da aukera?
Bai, gaia hautatu genuen ikasle hauen inguruko ikerketa urria zela ohartu ginelako, eta haien hezkuntza-premiak askotan ez direlako behar bezala identifikatzen edo asetzen. Gaitasun handiko haurrek askotariko profilak dituzte, eta horrek diagnostikoa eta esku-hartzea zailtzen ditu. Hezkuntza-sisteman sarri ahaztuta edo oharkabean geratzen dira, eta horrek haien garapen osoa mugatu dezake.
Ideia sortu zen Eiderrek akademia batean klaseak ematen zituelako eta, bertan, adimen-gaitasun handiko haur bat ezagutu zuelako. Berehala konturatu zen haren portaera eta beharrak ohikoak ez zirela. Ikasle eta etorkizuneko irakasle gisa, zalantza asko sortu zitzaizkion, eta orduan, gaia sakonago aztertzea erabaki genuen. Era berean, hezkuntza inklusiboaren ikuspegitik, garrantzitsua iruditu zitzaigun ikasle guztien beharrak kontuan hartzen dituen ikuspegia zabaltzea.
Gurasoen ikuspegitik aztertu dituzue beharrizanak? Zergatik?
Bai, ikerketa familien ikuspuntutik burutu zen, haiek baitira haurren ezaugarrien behatzaile nagusiak eta haien garapenean eragin zuzena duten hezkuntza eragilerik inportanteenetarikoak (irakasleekin batera). Gainera, ikastetxeekiko harreman estua duten heinean, haien esperientziak lagungarriak izan dira ikasleen premien identifikazio- eta kudeaketa-prozesuak hobeto ulertzeko. Errealitate hau gurasoen ikuspegitik aztertzea funtsezkoa izan da eskolaren funtzionamendua, kasu hauekin egiten den esku-hartzea eta irakasleen prestakuntza-maila benetan nola bizi izaten duten ulertzeko.
22 gurasok hartu dute parte ikerketan. Zein izan da dinamika?
Parte-hartzaileak elur-bolaren teknika erabiliz lortu genituen Aupatuz elkartearen laguntzari esker, eta elkarrizketa erdi egituratuak prestatu genituen. Elkarrizketok aurrez aurre nahiz online egin ziren, eta guztira 22 familiari buruzko informazioa jaso zen. Elkarrizketak grabatu, transkribatu eta gero analizatu genituen, datu kualitatiboetan oinarritutako interpretazio sakona egiteko. Gurasoek askatasunez adierazi zituzten beren esperientziak, kezkak eta proposamenak, eta datu aberatsak jaso ahal izan genituen.
Dinamika benetan aberatsa izan zen, eta amaieran giro oso berezia sortu zen. Gurasoak eroso sentitu ziren, eta oso gogotsu partekatu zituzten beren esperientziak. Gainera, askok eskertu zuten guk errealitate honen inguruan interesa plazaratu izana eta ikerketa garatzea, askotan ahaztuta edo ulertu gabe sentitzen baitira. Beraz, elkarrizketak ez ziren datuak biltzeko espazio hutsak izan, baizik eta gurasoen ahotsa entzuteko aukera ere bai.
Zeintzuk dira adimen-gaitasun handiko haurrek eskola-testuinguruan dituzten beharrak? Zer diote emaitzek?
Emaitzen arabera, haur hauek dituzten beharrak askotarikoak eta bereziak dira: erronka intelektualak planteatzearen beharra, motibazioa mantentzeko ikaskuntza pertsonalizatua sustatzea, arlo emozionala garatzeko laguntza ematea… eta horretarako, ingurune ulertzaile bat behar dute. Gainera, oso profil desberdinak izaten dituzte: batzuk arlo logiko-matematikoan nabarmentzen dira, beste batzuk espazioaren ulermenean, memorian edo hizkuntzaren erabileran. Batzuek sormen handia erakusten dute, istorioak asmatzeko edota ideiak konbinatzeko gaitasun apartarekin; beste batzuk, aldiz, ez dira errendimendu akademikoan nabarmentzen, baina jakin-min bizia edo sentiberatasun emozionala dute bereizgarri. Haur batek, esaterako, talentu matematiko nabarmena zuen baina dislexia eta disgrafia ere bazuen (“salbuespen bikoitz” baten adibide garbia). Horregatik, ezin da estrategia bakar batekin erantzun; hezkuntza pertsonalizatua eta malgua beharrezkoa da.
Gurasoek azpimarratzen zutenaren arabera, eskolaren aldetik ez da beti egokitzapenik egiten, eta haur asko frustratuta sentitzen dira edota motibazioa galtzen dute. Gainera, sarritan ez dira detektatzen edo diagnosi-prozesua ez da nahiko argia.
Irakasleen formazio-beharra ere agerian geratu da...
Bai, oso agerian. Familia gehienek adierazi zuten irakasle askok ez dutela ezagutza nahikorik gai honi heltzeko, batzuetan inprobisatu egiten dutela edota adimen handiko gaitasunak dituzten haurren laguntzari bigarren mailako garrantzia ematen diotela, eta, horrek, eragin negatibo zuzena du haurraren garapenean. Izan ere, irakasle batzuek duten ideia da ikasle hauek gaitasun eta abilezia berezi batzuk erakusten dituztenez, ez dutela arreta edo hezkuntza-proposamen berezirik behar. Hortaz, prestakuntza espezifikoa eta jarraitua ezinbestekoa da gaitasun handiko ikasleen beharrei erantzuteko, bai haien identifikazioan bai estrategien ezarpenean. Unibertsitatean gaia gutxi lantzen da, adimen handiko ikasleak “hezkuntza-laguntza premia espezifikoak” dituzten haurren taldearen barnean dauden arren. Hala ere, azken urteotan gizarte- eta hezkuntza-mailan gai honekiko kontzientzia pizten joan da, ekimen batzuk martxan jarri dira (adib. Eusko Jaurlaritzaren Adimen-gaitasun handiko ikasleak identifikatzeko gida-protokoloa) eta horren guztiaren ondorioz, egoerak hobera joatea espero dugu.
Zeintzuk dira erronka nagusiak?
Alde batetik, gaitasun handiko ikasleen detekzio goiztiarra eta egokia egitea, hori baita haiei arreta egokia eman ahal izateko abiapuntua. Bestetik, irakasleen prestakuntza espezializatua eta jarraitua, lehen aipatu den bezala. Horrez gain, eskolaren eta familien arteko komunikazio eta lankidetza eraginkor bat sustatzea. Izan ere, bi norabideko komunikazioak lagundu egiten du haur bakoitzaren berezitasunak ulertzen, haien beharretara egokitutako hezkuntza-erantzuna diseinatzen eta eskaintzen, eta familiak entzunda, kontuan hartuta eta artatuta sentiarazten, irakaslearen aliatu bilakatuz. Beste erronka nagusi bat hezkuntza-neurri malgu eta pertsonalizatuak martxan jartzea izango litzateke: curriculuma aberastea (adib., intereseko gai batzuetan sakontzeko aukera eskainiz, hitzaldi eta tailerretan parte hartzea sustatuz, proiektu bidezko ikaskuntza edo arazoetan oinarritutako ikaskuntzaren bidez, etab.), curriculum egokitzapen esanguratsuak egitea, mentoretza-programetan sarbidea eskaintzea (aditu batek lagunduta beren intereseko gaiak ikertzen gidatuz). Amaitzeko, aurreiritzi eta mito sozialen aurka egitea garrantzitsua litzateke, gaitasun handiko ikasleei buruz dauden estereotipoak gainditzeko.
Uztaro aldizkarian argitaratu dituzu ikerketaren emaitzak. Garrantzitsuak dira horrelako plataformak?
Bai, oso garrantzitsuak dira. Halako aldizkari akademikoek aukera ematen dute ikerketaren emaitzak komunitate zientifikoan eta hezitzaile gehiagoren artean zabaltzeko, eta gaiari buruzko ikusgarritasuna handitzeko. Gainera, profesionalen arteko eztabaida eta hausnarketa sustatzen dute, eta praktikan aldaketak eragiteko tresna izan daitezke. Gaitasun handiko haurren gaia mahai gainean jartzea funtsezkoa da haien inklusiorako eta garapen osorako.