"Euskal kulturaren inguruko kritika feministan sakontzeko tresnak eskaini nahi ditugu"

2025eko uztailaren 10a

"Euskal kulturaren inguruko kritika feministan sakontzeko tresnak eskaini nahi ditugu"
Irati Majuelo eta Ibon Egaña

"Euskal literatura eta arte garaikideen irakurketa feministak eta queerrak. Espazioak, afektuak eta erresistentziak" jardunaldia egingo da gaur Eibarren, UEUren Udako Ikastaroen barruan. Antolatzaile-lanetan aritu dira Ibon Egaña Etxeberria (Urnieta, 1981) eta Irati Majuelo Itoiz (Iruñea, 1993) eta haiekin izan gara jardunaldiaz hitz egiteko. Egaña Euskal Filologian lizentziatua da eta Literaturan doktorea. EHUko Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika Saileko irakaslea da, Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean. UEUkidea ere bada eta Hariak Literaturaren eta Arteen inguruko ikerketa feministak taldeko ikertzailea ere bai. Majuelok Itzulpengintza eta Interpretazioko Gradua ikasi zuen eta Literaturan da doktorea. Gaur egun, EHUko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Saileko irakaslea da Letren Fakultatean. Hariak Literaturaren eta Arteen inguruko ikerketa feministak taldeko ikertzailea da.

Euskal literaturan eta ikusizko arteetan egindako ikerketa feminista eta queerretan jarriko duzue fokua. Zergatik?

Garrantzitsua iruditzen zaigu euskal artearen eta literaturaren historiek bigarren planoan edo ahaztuta utzi duten hori lehen lerrora ekartzea, eta bestelako kontakizun batzuk, beste historiografia batzuk proposatzea, sortzaile kanonikoen figuretatik harantzago joango direnak, eta arteen inguruko kontakizun nagusiak ezbaian jarriko dituztenak. Norabide horretan, sorkuntza artistikoei buruzko kritika, ikerketa eta historia feminista eta queerra azken urteotan ibilbidea egiten ari da unibertsitatean eta handik kanpo. Guk ere, kasu honetan EHUtik, Hariak ikerketa-taldea jarri dugu martxan duela urte pare bat, helburu horiek gogoan izanda, eta interesgarria iruditu zaigu topagune bat sortzea ikerketa-lan horiek plazaratzeko, eta elkarrizketa bat sortzeko hala beste ikertzaile batzuekin nola gaian interesa duten arte eta literaturazaleekin. Euskal kulturaren inguruko kritika feministan sakontzeko tresnak eskaini nahi ditugu, finean, ikastaroaren bidez.

Ikerketa-lan desberdinak aurkeztuko dira bertan. Zeintzuk?

Esan bezala, ikertzaile ugari ari dira gaur egun euskal literatura edo arteei buruz ikuspegi feminista eta queerretatik pentsatzen, eta ikastaro honetan Hariak ikerketa-taldean egin ditugun lanak aurkeztuko ditugu. Ikerlan askotarikoak dira, baina badira batzen dituzten hari metodologiko, teoriko eta tematikoak (esaterako, desira, gorputza, espazioa eta egiletasuna), eta lotura-hari horien arabera antolatu dugu jardunaldiaren egitaraua.

Hiru mahai izango ditugu uztailaren 10eko jardunaldian. Lehen mahaian, desira eta disidentziari jarriko diogu arreta, arte-adierazpen desberdinen testuinguruan: Geu Emakumeok aldizkariak iruditeria hegemonikoaz egin zuen erabilera aztertuko du Maite Luengok; Elena Olavek Elena Sarasolaren argazki-artxiboaz hitz egingo du, desira disidentearen eta memoriaren arteko loturak esploratuz, eta Ibon Egañak Lizar Begoñaren poesia aztertuko du, bertan gorputzak, pantailak eta desira disidenteak nola lotzen diren aztertzeko

Bigarren mahaian, literatura eta arteak lotuko dira berriro, eta gorputzen eta espazioaren arteko harremanaz hausnartuko dugu. Amaia Mariezkurrenak 36ko gerrari buruzko eleberrigintzan ageri diren gorputz-erresistentziez hitz egingo du, eta Jone Rubiok eta Irati Majuelok gorputzaren eta espazio publikoaren arteko harremanaz hausnartuko dute, arteak eta literatura elkarrizketan jarriz.

Hirugarren eta azken mahaian, aldiz, hiru artistaren inguruan mintzatuko dira Haizea Barcenilla, Ane Lekuona, Enara Iratzagorria eta Garazi Ansa. Duela gutxi Donostian erakusketa zabala komisariatu ostean, Mari Paz Jimenezen egiletasunaren eraikuntza aztertuko dute Lekuona eta Barcenillak; Mari Dapenaren kartzelako esperientzia aztertuko du Iratzagorriak, haren adierazpen plastikoen eta literarioen bidez, eta Ansak, aldiz, Juana Cimaren obraren eta ekofeminismoaren arteko loturez egingo du hausnarketa.

Literaturaren eta arteen analisirako tresna eta metodologia feministetan sakonduko duzue. Zergatik da garrantzitsua?

Ezinbestekoa iruditzen zaigu pentsatzea nondik eta nola egingo ditugun irakurketa feministak. Hau da, kontua ez da soilik sortzaile emakumezkoen edo queerren ekoizpen artistiko eta literarioak ikusaraztea, eta horiei leku bat egitea historiografian. Garrantzitsua da pentsatzea hori egiten dugunean zein metodologia, zein ikuspegi, zein tresna erabil ditzakegun, ekoizpen artistikoen ikerketa-marko androzentrikoetatik kanpo pentsatzeko. Bide horretan ale bat jarri nahi du ikastaro honek, eta hainbat ikuspegi metodologikotatik egindako lanak aurkeztuko dira. Esaterako, afektuen inguruko teoriak erabili dira hainbat lanetan, hain zuzen, emozio edo afektuak ikerketaren erdigunean kokatzen dituen metodologia, azken urteotan ibilbidea egiten ari dena artearen zein literaturaren inguruko ikerketetan. Bestetik, ikuspegi feminista batetik egindako irakurketek gorputza erdigunean jartzea eskatzen dute, gorputzen irudikapenez arduratzea, eta baita zein gorputz-erresistentzia garatzen diren ere. Azken ildo bat aipatzearren, egiletasunaren analisiak aukera ematen du gizon artista “jenialaren” ideia ezbaian jartzeko, bestelako egiletasun-eredu batzuk pentsatzeko feminismotik, eta ikerketa-lerro hori ere landuko da ikastaroan.

Gogoeta eta hausnarketa kolektiboak ere izango du bere lekua.

Hitzaldi laburrek osatuko dute jardunaldiaren muina. 20 minutuko aurkezpenak egingo ditugu, baina mahai bakoitzaren ostean tarte zabala hartu nahi dugu solasaldirako eta hausnarketa kolektiborako. Batetik, aurkezten ditugun lan horiek elkarrizketan jartzeko aukera izango da, arteak eta literatura ondoz ondo irakurtzeko, eta garai eta testuinguru desberdinetako artistak harremanetan jartzeko. Bestetik, inportantea iruditzen zaigu ikerketa-lan hauek akademiaren mugetatik haratago zabaltzea, eta gaian interesa duten irakurle, kulturazale edo ikertzaileekin partekatu, aberastu eta kontrastatzea. Eta, azkenik, uste dugu funtsezkoa dela kritika eta gogoeta feminista eta queer hauek dimentsio kolektibo bat izatea, banakako lanez harantzago. Horregatik eman nahi izan diogu tartea hausnarketa kolektiboari.

Zerbait nabarmentzeko?

Jardunaldiaren ostean, bertso-paseo bat egingo dugu Eibarren, Markeskoa jauregian abiatuta, Oihana Arana eta Maider Arregi bertsolariekin. Jone Rubio arituko da gai-jartzaile. Espazioari buruz jardungo gara ikastaroan, espazio publiko-pribatuaren arteko bereizketa auzitan jartzeaz, besteak beste, eta interesgarria iruditu zitzaigun ikastaroari amaiera jartzeko espazio publikoan barrena ibilbide hori egitea, eta bertan ikastaroan landuko ditugun gaiak bertsotara ekartzea. Ikastaroko partaideak ez ezik, edonor dago gonbidatuta bertso-paseora.

Jakintza-arloak