Euskal literatura eta arte garaikideen irakurketa feministak eta queerrak. Espazioak, afektuak eta erresistentziak.

Aurkezpena
Euskal literaturaren eta ikusizko arteen inguruko ikerketa feminista eta queerrak ezagutaraztea eta topagune bat sortzea da jardunaldi honen asmoa. EHUko "Hariak. Literaturaren eta arteen inguruko ikerketa feministak" ikerketa-taldeak proposatutako jardunaldia da, eta bertako kideek azken urteotan egindako ikerketak plazaratuko dituzte bertan.
Diziplinarteko ikuspegi batetik, harremanetan jarriko dira hala ikusizko arteen inguruko ikerketa-bideak nola literaturaren ingurukoak. Euskal sorkuntza artistiko garaikidearen inguruko genealogia feministak eraikitzea izango du xede, horretarako metodologia berriak proposatuz (afektu eta emozioen inguruko ikerketak, espazioaren inguruko ikerketak, edo egiletzaren ingurukoak).
Hitzaldi laburrez gain, gogoeta eta hausnarketa kolektiborako tarteak izango dira jardunaldian zehar, obra eta egile zehatzez harantzago ikerbide feminista eta queerrez elkarrekin hausnartzeko.
Jardunaldi hau UEUk eta EHUko "Hariak. Literaturaren eta arteen inguruko ikerketa feministak" ikerketa-taldeak elkarlanean antolatu dute.
Helburuak
- Euskal literaturaren eta ikusizko arteen ikerketa eta interpretazio feminista eta querrak zabaltzea.
- Literaturaren eta arteen analisirako tresna eta metodologia feministetan sakontzea.
- Ikerketa feminista eta queerren inguruko euskal ikertzaileen sarea sendotzea.
- Unibertsitate-mailako ikerketak euskaraz eta modu dibulgatiboan publiko zabalaren eskura jartzea.
Nori zuzenduta
- Artearen edo literaturaren esparruko ikertzaile eta irakasleei.
- Ikerketa eta metodologia feministetan interesa duen edonori.
- Artean eta literaturan interesa duen edonori.