Eñaut Aiartzaguena: "Arte plastikoak balioan jartzea da nire helburua"
2023ko urriaren 24a

"Aire zabaleko akuarela ikastaroa" emango du Eñaut Aiartzaguena Bravok (Iurreta, 1988) UEUren udazkeneko eskaintzaren barruan. Arte Ederretan lizentziatua (UPV/EHU) da Aiartzaguena eta marrazketa- eta pintura-eskolak ematen ditu Zornotzako "Estudio 2" akademian. Akuarela- zein komiki-tailerrak ere ematen ditu zenbait eskolatan eta enkargu eta proiektu ezberdinekin tartekatzen ditu ezagutzan transmititzeko tarte horiek. Gainera, denbora librean naturaz gozatuz, Urluma proiektua ere elikatzen jarraitzen du.
Arte plastikoez gozatzea eta sormena sustatzea sarritan albo batera uzten diren alorrak direla diozu. Erdigunera ekarri nahi izan dituzu?
Hori da, bai. Sormena landu behar dela boladan dagoen kontua da gaur egun, bai hezkuntzan eta bai lan-munduan ere, baina ez da horretarako baliabiderik jartzen. Egia da sormena modu askotara landu daitekeela, baina denbora eskaini behar zaio, bitarteko egokiak bai eta giro aproposa ere. Akuarela-tailer honekin sormena lantzeko beharrezko ezaugarri horiek guztiak batu nahi izan ditut arte plastikoen inguruan. Giro atseginean, beharrezko denbora hartuta, gure sormenari bide emango diogu inoren epaiaketa kritikak alde batera utzita.
Zehazki, akuarelen teknikan jarriko duzu fokua. Zergatik?
Akuarela teknika zailtzat hartua izan da margolarien artean, gainerako tekniken aldean ezberdintasun handi bat duelako. Akuarelan urak beste edozein teknikatan baino garrantzi handiagoa du eta ura kontrolatzea ez da erraza… Alabaina, akuarelak erraztasun handiak ere ematen ditu inguru naturalean margotu nahi dugunean. Ez da material asko behar eta erraz garraia daitezke alde batetik bestera, ez dugu oliorik edo bestelako gai kutsagarririk behar, eta margotzerakoan, teknika hezea izanik, eremu handiak erraz bete ditzakegu denbora aurreztuz. Urari eta hezetasunari buruzko kontzeptu batzuk barneratuta teknika benetan zirraragarria da akuarela.
Materiala ezagutu, koloreen nahasketak praktikatu... Zer da lehenengo saiorako prestatu duzuna?
Aurrez esan bezala, akuarelak gainerako teknikekiko alde nabarmena du. Ohituta gaude koloretako arkatzekin edo margoekin margotzen. Tenpera margoak ere ezagunak egingo zaizkigu haurtzaroan eskolan erabili izanagatik, adibidez. Olio eta akrilikoek ere, beren berezitasunekin, antzera egin dezakete lan margo-orban batekin beste bat estalita… Baina akuarela gardena da eta ura behar du, gainera, nahitaez. Lehenengo saio honetan akuarela-teknikaren ezaugarri nagusiak barneratzen saiatuko gara: material ezberdinek hezetasuna nola jasaten duten ezagutu, kolore-nahasketak nola egin ikasi, ur-orban eta geruza ezberdinak erabilita paisaia bat nola margotu… Aire zabalean aritu aurretik, akuarelak nola erabili ikasiko dugu.
Aire zabalean margotzeko hitzordua, berriz, Urkiolan izango da. Zer eskainiko du inguruneak?
Urkiolako inguruak paisaia pribilegiatuak eskaintzen dizkigu beti. Toki zoragarria da naturaz gozatzeko eta, beraz, baita akuarelaz ingurua margotzen aritzeko ere. Anboto, Alluitz, Astxiki, Untxillatz, Mugarra… mendien ikusmira zoragarriak eskaintzen ditu Urkiolak, eta baita baso eta berdegune atseginak ere. Irisgarritasunaren aldetik ere erraztasunak eskaintzen dituenez, ikastaroko ikasleen lehen ekinaldietarako gune aproposa dela irizten diot.
Nori dago zuzenduta?
Ikastaroa akuarela-teknika ezagutu nahi duen orori eskainita dago. Irakasleek etekin handia aterako diote, nik uste, margo-nahaste ezberdinen ezagutzari, materiala nola zaindu ikasteari eta, nola ez, baita ohiko estresetik kanpoko egonaldi lasai horri ere. Hala ere, bere sormena sustatu nahi duen edozeini zuzendutako ikastaroa da. Beste teknika batzuk menderatu arren, akuarela-teknikan barneratu nahi duen artista horri, seme-alabekin bestelako jarduera batzuk egiteko ideia bilatzen ari diren gurasoei edo besterik gabe akuarelez gozatu bitartean, giro lasaian, gozatu nahi duen horri. Guztiei dago zuzenduta.
Zer da ikastaroarekin lortu nahi duzuna?
Ikastaro honekin arte plastikoak balioan jartzea da nire helburua. Arte plastikoek jendarte honetan eskaintzeko asko dutela iruditzen zait, baina alboratuak izaten dira sarri. Arte plastikoak ez dira produkzioan oinarritzen eta, beraz, gehienetan, ez dira errentagarriak, bere horretan, gizarte-sistema honen begiradatik erreparatuta. Baina jendearen buru-osasunerako, autoestimurako, behaketa-gaitasunak hobetzeko, sormena lantzeko… balio handia dute. Helduok beldur edo lotsagatik uzten ditugu teknika hauek albo batera askotan. Ikastaro honen helburua lotsa eta beldur horiek usatuta gune seguru eta lasai bat sortzea izango da, ikasleek esperientzia gozagarri bat izan dezaten.