"Datuen adierazpen grafikoak pertsona gehiagori informazioa ulergarri egiten laguntzeko tresna oso baliagarriak dira"

2025eko urriaren 16a

"Datuen adierazpen grafikoak pertsona gehiagori informazioa ulergarri egiten laguntzeko tresna oso baliagarriak dira"
Mikel Madina Ugartemendia eta Miren Berasategi Zeberio

"Eraldaketa Digitalerako gakoak" ikastaro-sorta jarri du abian lehenengoz UEUren GOI ikastegiak. Online modalitateko ikastaroak dira, 40 ordukoak eta azaroaren 5ean emango zaio hasiera bigarrenari: "Eraldaketa digitalerako gakoak: Datuen komunikazioa". Mikel Madina Ugartemendia (Donostia, 1974) eta Miren Berasategi Zeberio (Donostia, 1982) izango dira irakasleak eta haiekin izan gara ikastaroan landuko dutenaz hitz egiteko. Euskal Filologian lizentziatua da Madina eta Giza Zientzietan lizentziatua eta Komunikazioan doktorea Berasategi.

Zer erabilgarritasun izan dezakete grafikoek?

Geroz eta datifikatuago dagoen gizarte honetan, pertsona ugariri gerta dakioke zenbakietan oinarritutako informazioak ulertzeko zailtasunak izatea, edo haiek ulertzeko saiakerari uko egitea, zuzenean. Hau arazo larria da, izan ere gaur egun ia guztiaz biltzen dira datuak, eskura dugun datu kopurua geroz eta handiagoa da, eta behar-beharrezkoa da datu hauetan oinarritzea errealitatearen irakurketa egokia egin eta haren gaineko erabakiak hartzeko. Testuinguru honetan, datuen adierazpen grafikoak pertsona gehiagori informazioa ulergarri egiten laguntzeko tresna oso baliagarriak dira.

Erabilgarritasun-maila, hala ere, testuinguru zehatzaren araberakoa izaten da: ikertzaileen kasuan, adibidez, ondo diseinatutako grafiko batek datuetan egon daitezkeen patroiak azaleratzen lagundu diezaieke, eta, oro har, datuetan oinarritutako informazio konplexua hartzailearentzat prozesatzen errazagoa izango den moduan komunikatzeko balio du. Baina esparru ez espezializatuetan ere (komunikazioarekin lotutako edozein egitekotan, edo bestela, datuak eskura dituen edozein arlotan), datuetan oinarritutako edukiak helarazteko modu lagunkoiagoa eskaintzen dute.

Zer izan behar du kontuan grafiko ulergarri batek?

Grafiko bidezko komunikazio-prozesua bi testuinguru nagusitan kokatu daiteke. Batetik, grafikoaren sortzailea eta hartzailea pertsona edo talde bera izatea (inkesta baten bidez jasotako datuak aztertzen ari den ikerketa-talde bat, adibidez); horrelakoetan, datuen inguruko ezaupide sakona izanik, oinarrizko grafikoak sortzearekin nahikoa izaten da.

Bestetik, sortzailea eta hartzailea pertsona desberdinak edo talde desberdinetakoak izan litezke. Grafikoek gai konplexuak ulertarazten lagundu behar badute, edo erabakiak hartzen, hartzailearen ezaugarriak eta informazio-beharrak kontuan hartu behar dira, eta helarazi nahi den mezua ahalik eta garbiena izan dadin karga kognitiboa murrizteko hainbat teknika aplika ditzakegu: datuentzako grafiko-mota egokia aukeratzea, erabilitako elementu grafikoak behar bezala interpretatzeko gakoak eskaintzea, irisgarritasuna kontuan izatea...

Sortu daitezkeen arazoez ere hitz egingo duzue.

Bai, bai. Datuak lengoaia grafikora itzulita sortzen dira grafikoak, eta sistema grafikoak abantaila asko dituen arren, baditu bere mugak ere. Esku artean irudikatzeko datu asko dauzkagunean, adibidez, bata bestearen gainean ager daitezke, eta honek lehen aipatu ditugun patroiak ezkutatu egiten ditu; edo hartzailearentzat ezaguna edo ohikoa ez den forma grafiko bat erabiltzen badugu, ulermena oztopatu egin dezakegu.

Bestalde, gaur egun datutegiak oso handiak izaten dira, bai behaketa kopuruari dagokionez eta baita aldagai kopuruari dagokionez ere, baina datuak lengoaia grafikora ekartzeko baliabideak mugatuak dira: kokapena, tamaina, forma, kolorea... eta gutxi gehiago. Begiz atzeman dezakegunera mugatzen dira. Horregatik, grafiko bakoitza sortzerakoan, zer sartu eta zer baztertu erabaki beharko dugu.

Ikastaroa online emango da. Zein izango da metodologia?

Hasieran aurrez aurreko saio bat izango dugu, elkar ezagutu eta ikastaroan erabiliko dugun softwarearekin lehen kontaktu bat izateko, eta ikasle bakoitzak bere ordenagailuan arazorik gabe instalatzen duela ziurtatzeko.

Ikastaroaren lagungarri izango den materiala prestatzen ari gara, kontzeptuak landu ahala ariketa txikiak egiteko aukera ematen duena, baita galdera batzuk erantzutekoa ere.

Horrekin batera UEUren plataforma baliatuko dugu sor daitezkeen zalantzak partekatu eta argitzeko, landutako kontzeptuak finkatzen laguntzeko galdetegiak proposatzeko, ariketa gidatuak ebaluatzeko...

Datuen irudikatzearen printzipioak unibertsalak izanik, gure asmoa da ikasleek ikasitakoa norberaren interes eta esparrura ekarri ahal izatea. Horregatik, ikastaroaren amaierarako bere intereseko datuetatik abiatuta garatutako komunikazio-proiektu bat aurkeztu beharko du ikasle bakoitzak.

Nori dago zuzenduta?

Datuekin lan egin eta komunikatzeko grafikoak sortu behar dituen edonori, edo maiz grafikoak “kontsumitu” behar dituen edonori: ikertzaileak, analistak, kazetariak, ezagutzaren langileak... beraz, profil eta jatorri anitzeko jendeari zuzendua da. Nahikoa izango da matematikako eta estatistikako oinarrizko ezagutza edukitzearekin, eta ez da programatzeko gaitasunik behar aldez aurretik (nahiz eta, noski, lagungarria izan daitekeen).

Nabarmentzeko zerbait?

Hasieran esan dugun bezala, gizartea guztiontzat da datifikatua, eta beraz edonolako profiletako pertsonen interesekoa izan daiteke datu horiek prozesatu eta besteei modu errazagoan helarazteko gaitasuna lantzea. Tradizionalki ingeniaritzan kokatu izan den esparrua bada ere, uste dugu komunikaziotik gehiago duela datuen bistaratzeak (edo datuak ikusarazteko prozesatzeak), estatistika aurreratutik baino. Errealitatea nabigatzeko ezinbesteko gaitasuntzat daukagu hau, datuen komunikazioa.

Jakintza-arloak