Asier Barandiaran Amarika: "Amerika gure literaturan ez da soilik kanpoko gertaleku bat, baizik eta gure nortasunaren eta irudimenaren parte"

2025eko abenduaren 2a

Asier Barandiaran Amarika: "Amerika gure literaturan ez da soilik kanpoko gertaleku bat, baizik eta gure nortasunaren eta irudimenaren parte"

Amerika eta diaspora euskal literaturan liburua argitaratu berri du UEUrekin eta EHUrekin koedizioan Asier Barandiaran Amarikak (Galdakao, 1970). Egilearen hitzetan euskal literaturaren, diasporaren eta kulturaren arteko harremanak ulertu nahi dituen irakurle orori zuzenduta dago liburua, izan ere ""Amerika” ez da urruneko eszenatoki bat soilik, baizik eta euskaldunaren barne-bidaia baten lekuko poetikoa". Barandiaran, Euskal Filologian da doktorea (EHU) eta bere ikerlerro nagusiak euskal literatura garaikidea, ahozkotasuna eta diasporaren literatura dira. EHUko irakasle atxikia da eta Hizkuntza eta Literaturaren Didaktika Saileko irakaslea. Harekin izan gara liburuaren inguruan hitz egiteko.

Amerikako euskal diasporak atzean utzitako istorioak bildu nahi izan dituzu. Zergatik?

Ez bakarrik Amerikako euskal diasporak utzitako istorioak jaso nahi izan ditut —hori ere bai, noski—, baita Euskal Herrian egiten den euskal literaturan Amerikak izan duen lekua eta, bereziki, euskal diasporaz nola egiten den literatura aztertzea ere. Angloamerikar literaturan asko aztertu da euskaldunen irudia, baina sarritan ez gara konturatu nola islatu dugun guk geuk, euskal kulturan bertan, gure Amerikarekiko harremana. Izan ere, emigrazioa euskal esperientziaren funtsezko osagaia da, gure nortasuna ulertzeko ezinbestekoa. Horregatik, beharrezkoa ikusi dut gai hau modu monografikoan lantzea, euskal literaturan zer arrasto eta iruditeria utzi dituen aztertuz.

Zer material mota izan duzu helburu? Eta nora jo duzu haren bila?

Edozein genero literario izan daiteke iturri baliagarria, baina azkar konturatu nintzen Amerikaren presentzia bereziki nabarmena dela bertsolaritzan, batez ere bertso jarrietan. Bertsook ematen dute informazio zuzen eta herrikoia: joatearen arrazoiak, bidaien zailtasunak, edo Ameriketan egindako bizitzaren esperientzia. Geroago, narrazio laburrak, eleberriak eta testigantza idatziak gehitu zaizkio ikerketari, literatura unibertsalago baten osagai gisa.

Zer material da biltzea lortu duzuna?

2016an argitaratu nuen Diasporako bertsoak liburua Ekin argitaletxean, eta han-hemenka sakabanatuta zeuden bertso-sorta ugari bildu nituen. Ordutik hona, Ameriketan bizi diren Basque-Americans batzuei esker bertso-sorta argitaragabe ugari jaso ditut, eta bigarren edizioak tamaina bikoitza izango du. Horrez gain, aurkikuntza interesgarria izan da Urruneko Mendebaldean artzain liburua: Mattin Etchamendy ezterenzubitarrak idatzia, Bakersfielden bizi denak, bere bizitza literatur kutsu handiz kontatzen du bertan.

Liburua oroitzapen-bildumatik haratago doala diozu.

Asmoa ez da izan bilduma soil bat egitea, baizik eta euskal literaturan Amerikak eta diasporak izan duten lekua interpretatzea, baloratzea eta aztertzea. Hau da, testigantza eta oroitzapenez harago, corpus literario bat nolabait zedarritzea eta haren bidez aztertzea nola islatzen diren gai unibertsalak eta, aldi berean, oso gureak direnak: identitatea(k), erbestea, lana, nostalgia edo erlijioa. Liburuak, azken batean, euskal esperientzia diasporikoaren irudikapena aztertzen du, literaturaren bitartez gure mundu-ikuskeraren parte bilakatzen den moduan.

Zertarako erabiltzen zuten diasporako euskaldunek idatzizko literatura hori?

Bertsoek eta idatzizko literaturak funtzio sozial eta, neurri batean, terapeutiko argia zuten: komunitatea lotu, nortasuna sendotu eta oroimen kolektiboa bizirik mantentzea. Erbestean bizi zirenek, askotan, idatziz edo kantuz adierazten zuten Euskal Herriarekin zuten lotura emozionala, eta horrek zubi bat eraikitzen zuen bi munduen artean. Euskaraz sortzeak berak, gainera, identitatearen zutabe bihurtzen zuen esperientzia hori, hizkuntza bera izanik komunitatearen biziraupenerako oinarria.

Nori dago zuzenduta?

Lan hau euskal literaturaren, diasporaren eta kulturaren arteko harremanak ulertu nahi dituen irakurle orori zuzenduta dago. Bai ikertzaile eta unibertsitateko irakasleentzat, bai euskal diasporaren fenomenoaren inguruan interesa duen irakurle zabalagoarentzat. Helburua da ikuspegi akademikoa eta dibulgatiboa uztartzea, irakurlea hausnarketara gonbidatuz baina, aldi berean, irakurketa atsegina eta eskuragarria eskaintzea.

Zerbait nabarmentzeko?

Azpimarratzekoa da Amerika gure literaturan ez dela soilik kanpoko gertaleku bat, baizik eta barne-paisaia bat ere badela: gure nortasunaren eta irudimenaren parte. Amerikak, euskal literaturan, gure izaeraren ispilua izan du askotan: mundu zabalarekiko irekitasunaren eta mugak gainditzeko gaitasunaren sinbolo. Horregatik, “Amerika” ez da urruneko eszenatoki bat soilik, baizik eta euskaldunaren barne-bidaia baten lekuko poetikoa.

Jakintza-arloak