Amaia Elizalde Estenaga: "Ulergaitza egiten zitzaidan Miranderen obrari buruzko tesirik argitaratu ez izana"
2025eko azaroaren 26a

"Miranderen berrirakurketa bere mendeurrenean" jardunaldia antolatu du azaroaren 28an UEUk. Bertan hartuko du parte Amaia Elizalde Estenaga (Donostia, 1988) filologoak "Haur besoetakoa, modernitate ukatua" hitzaldiarekin. Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak doktorego-programan Jon Miranderen Haur besoetakoa (1970), modernitate ukatua (2018) tesia burutu zuen EHU eta Université Bordeaux-Montagne arteko tutorekidetzan. Memoria Historikoa Literatura Iberiarretan Ikerketa Taldeko kide da eta euskal literatura nahiz kultur ikasketak dira bere ikerketa-arlo nagusiak. Egun Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko irakasle ikertzailea da Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika Sailean, Mikel Laboa Katedraren koordinatzailea da 2023. urteaz geroztik eta EHUko Kultura zuzendari izendatua izan da aurten. Harekin izan gara.
Doktoretza-tesian Jon Miranderen lana izan zenuen aztergai. Zergatik Mirande?
Euskal Filologia ikasten ari nintzela Baionan egonaldia egin nuen eta XX. mendeko euskal literaturari buruzko irakasgaia egin nuen Ur Apalategi Idirin irakaslearekin. Orduan izan zen Miranderen lana sakonki aztertu nuen lehen aldia eta interesgarria iruditu zitzaidan arrazoi askorengatik, baina batez ere haren idazlanak bere garaikoekiko oso diferenteak zirelako, beste literatura bat egiten zuelako eta euskal literatura eta jendartea interpelatzen zituelako zalantzaren eta probokazioaren bitartez. Argi zegoen euskal jendartearen bizkarrezurra zen kristautasunaren ezkutu morala pitzatzen ahalegintzen zela literatur testuinguruan; hori idazlanetan ez ezik, gutun edo aldizkari bidez izan zituen eztabaidetan ere ikusten zen, "lizunkeria" esaten zioten erotismoaz Piarres Lafitterekin izan zuen hartan, adibidez. Biziki interesgarria iruditu zitzaidan haren literatura eta horri buruzko pentsamendua, ordura arte landutako euskal klasikoetan topatu gabeko idazkera, sinbolo, espazio eta pertsonaia berriak ekarri zituen, baita are berriagoa zen diskurtso gordina ere. Ez dago giza adierazpide tolesgaberik, baina Miranderen literaturaz liluratu ninduena biluztasuna izan zen, eta ez naiz autoreaz ari, haren adierazpen literarioaz baizik, sakontasun estetikoaz, psikologikoaz eta kritikoaz. Horretaz gain, hunkigarria iruditu zitzaidan euskara, euskal literatura, eta finean, euskal kultura "salbatzeko" egiten zuen ahalegin intelektuala eta lehen urteetan agertzen zuen grina inozo hori. Mirande hark ez zekien non ari zen sartzen...
Haur besoetakoaren modernitate literarioa aztertu zenuen.
Testuinguruagatik uler nezakeen bere garaian Miranderen asmoei ateak ixtea, baina ulergaitza egiten zitzaidan Miranderen obrari buruzko tesirik argitaratu ez izana eta, are harrigarriagoa, bere narratibari buruzko ikerlan sakonik ez egotea. Baionan Haur besoetakoa irakurri genuen eta txundituta utzi ninduen, ordura arteko euskal literatur testu landuena eta literarioena iruditu zitzaidan, indar estetiko handikoa gaiagatik zein formagatik. Master-amaierako lanerako gai gisa aukeratzeko zalantzan nengoen eta ikertzaileek zer zioten bilatzeari ekin nion, beste literaturekin zer lotura topatu ziren, zer interpretazio egin ziren eta abar jakin nahian. Historiografiara jo nuen lehenik eta ikusi nuen presentzia bitxi samarra zeukala euskal literaturaren historietan, agertu agertzen baitzen, baina ez leku finko batean ezta deskribapen, balorazio edo kokapen literario finko batekin ere. Berehala ohartu nintzen lan kritikorik ez zegoela Haur besoetakoa ezaugarritu eta panorama orokor batean kokatuko zuenik, susmoa nuen garrantzitsua zela eta erabaki nuen neuk egitea.
Haur besoetakoaren azterketan modernitatea hartu nuen abiapuntu gisa, baina ez Ilustrazioari lotutako modernitatearen garai historikoa, maiz horren kontra agertzen den modernitate kultural heterodoxoaren adiera baizik, hegemoniari erresistentzia egiten diona, alegia. Agerikoa da Mirandek Haur besoetakoarekin ordura arteko euskal literatur kanonari kontra egiten ziola, baita mendebaldar literaturen estiloei, erreferentziei eta gaiei leihoa irekiaz egin ere. Oinarrian zegoen modernitate antimoderno horretan sakondu nahi izan nuen, idazlana behar bezala ulertzeko nahiz historiografian kokatzeko ezinbestekoa zelakoan.
Baita izan zuen harrera...
Tesirik eta estetikari nahiz mamiari eskainitako lan kritiko sakon garaikiderik ez egoteak ez du esan nahi Haur besoetakoari buruz idatzi ez zenik, guztiz kontrakoa baizik. Literatur lanaren edizio ezberdinen hitzaurreak nahiz kazetaritza-kritikak irakurtzen hasi nintzenean berehala ohartu nintzen historiografian ezleku bitxia zuen hori oso miretsia izan zela bere garaian gaur egungo euskal literatur sistemarentzat ezinbestekoak izan diren pertsonengatik. 11 urtez iraun zuen hasierako debekuaren, ondorengo miresmenaren eta osteko errefusaren zantzuak bilatzen eta aztertzen hasi nintzen eta bilakaera hori bera testuaren modernitate heterodoxoaren adierazle zenaz ohartu nintzen, sakondu beharreko ezaugarria.
Zeintzuk izan ziren ikerlanaren ondorio nagusiak?
Itxuraz egitura klasikoko eleberri laburra izanik ere, amaierak ematen dion egitura zirkularra, sinboloek eta metaforek zabaltzen dituzten irakurketa-aukerak eta hizkera literarioaren dentsitateak nouvelle baten planteamendura hurbiltzen du idazlana, Mirandek deitu zuen bezala: “ipuin-berri”a. Ordura arte landu gabeko genero literarioa eta gaiak ekarri zituen oso modu sinesgarrian, irakurlea harrapatzen eta barrena mugiarazten duen kontakizunaren bidez. Horretaz gain, idazlana mendebaldar literatura modernoen genealogian kokatzen duten ezaugarriak ere badaude: zuzenbide-estatu demokristau burgesarekiko kritika, denboraren lineartasunarekiko erresistentzia mitiko aurrekristaua, artearen ulerkera aterabide gisa eta zentsuraren errepresentazioa, besteak beste. Denak ala denak XX.mendeko estetika mendebaldar moderno antimodernoaren ildoan lerrokatzen diren ezaugarriak dira, oro har Haur besoetakoaz mintzatzerakoan kontuan hartu ez direnak.
Haur besoetakoaren modernitateak mendebaldeko beste literaturekin zeuzkan loturetan sakondu ahala geroz eta gehiago ohartzen nintzen idazlanak egin zuen ekarpenaren tamainaz. Harrerak berak ere horixe baieztatu zidan, ekarpena hainbestekoa baitzen ezen ez zen kabitzen 50-60etako euskal testuinguruan, euskal jendartean eliza katolikoak zuen indarragatik bereziki, ez frankismoagatik. 70etan Arestiren ekimenez argitaratu zenean zentsura frankista erraz pasa eta zarata gehiegirik egin ez zuen arren, ondoren itzal handiko idazle izango ziren Bernardo Atxagak, Joseba Sarrionandiak eta Koldo Izagirrek, besteak beste, ezagutu eta modu batera edo bestera bere egin zituzten Miranderen lana eta literaturaren ulermoldea, kritika eta irudimen askeari lotua. 80etan hiru berrargitalpen izan zituen Haur besoetakoak Hordagon, Ereinen eta Pamielan, hurrenez hurren. Garaiko hitzaurre, hitzoste eta kritikek idazlanaren edertasuna eta askatasuna goraipatzen zituzten, Arestiren ildotik. Alabaina, 90eko hamarkadatik aurrera eta milurteko berrian, bereziki, Miranderen nazismoan, pederastia-istorioan eta Haur besoetakoaren genero-indarkeriari lotutako irakurketetan nahiz Lolitarekiko antzekotasunean ipini da fokua, Nabokoven lana irakurri gabe zuela ere zalantzan jarriz. Idazlea eta bere obra moralki eta politikoki kondenatu dira nolabait berriz ere eta esango nuke horrek bihurtu zuela testuinguru akademikoan tabu, hau da, horregatik ez zela aurretik hari buruzko tesirik egin.
Miranderen mendeurrenaren harira antolatutako jardunaldian hartuko duzu parte. Zein da egin nahi duzun ekarpena? Eta zer jardunalditik jaso nahi duzuna?
Haur besoetakoaren modernitatea eta horrekiko erreakzioak ez dira soilik idazlanaz mintzatzen, euskal irakurleez eta kulturaz baizik. Miranderen orduko asmoak garaiko testuinguruaz mintzo dira, baita bere obraren harreraren bilakaera ere, euskaldunez eta gure kultur eskemez, mugez, zentsuraz. Miranderen pertsonaiaren eta bere obraren harrera neurri ona direla esango nuke euskaldunok euskal artistei eta, zehazkiago, idazleei, haien jardunean aske aritzeko ematen diegun baimena zenbaterainokoa den ikusteko. Gaur egun entretenimenduaz eta autokonplazentziaz harago, gai ote gara arteari adierazpen estetiko berezi, aske eta maiz ilun, deseroso gisako izaera aitortzeko eta, hitzez soilik ez baina ekintzez, zinez hori baimentzeko? Ala gure izaeraren zati horri ezikusia eta uko egin nahi diogu? Ez litzateke harritzekoa, Estatu Batuetatik datorren korrontea hori baita, kantzelazioarena, zuzentasun politikoarena, sensitivity readerena, klasikoen moldaketarena eta abar. Nolanahi dela ere, garai batean Miranderen idazletasuna eta idazlanak goraipatzen zituzten zenbaitek baztertzen dute gaur egun, akademiak ez dio jaramon handirik egin, baina haren literaturak ez dio hainbat artista eta kritikarirentzat inspirazio-iturri izateari utzi eta, gustatu ala ez, ezin uka daiteke hildako klasiko bizienetakoa dela bera. Horren guztiaren inguruko hausnarketa bultzatu nahi nuke, aurtengo ekainean Baionako unibertsitatean Egan aldizkariak antolatutako solasaldian egin zen bezala: Miranderen eta Haur besoetakoaren ispiluan gure kulturari begiratzeko gonbita luzatu.
Beste hizlariek Mirandez eta haren lanaz esateko dutena entzuteko gogotsu nago, ikasteko eta iritziak trukatzeko. Ez dut zenbait urtetan halako aukerarik izan eta oso pozik nago azken boladan Miranderen idazlanak biltzen eta aztertzen nahiz harekin lotutako ekoizpen artistikoak egiten ari diren ikertzaile eta artistekin gaiaz hitz egiteko parada izan dudalako. Horretarako abagune bikaina izango da jardunaldiarena ere.