Ainhoa Delgado Iriondo: "Hizkuntza-teknologien garapenak eta ingurune digitalean euskarak duen presentziak eragin zuzena dute hizkuntzaren erabileran, prestigioan eta baita biziraupenean ere"

2025eko irailaren 15a

Ainhoa Delgado Iriondo: "Hizkuntza-teknologien garapenak eta ingurune digitalean euskarak duen presentziak eragin zuzena dute hizkuntzaren erabileran, prestigioan eta baita biziraupenean ere"

"Zuk, zergatik ez? Hizkuntza-hautua finantza entitateen zerbitzu digitaletan" Master Amaierako Lana aurkeztu du UEUren GOI ikastegian Ainhoa Delgado Iriondok (Ermua,1972). Kazetaritza eta Haur Hezkuntzako ikasketak ditu, baina azken 14 urteetan euskararen normalizazioan dihardu lanean. Euskara eta Digitalitatea graduondokoa egin du UEUren GOI ikastegian eta bertan aurkeztutako Graduondoko Amaierako Lanaren gainean galdetu diogu.

Finantza-erakundeen zerbitzu digitaletan jarri duzu fokua. Zehazki horietan euskararen presentzia eta erabilera zein den jakin nahi izan duzu. Nola sortu da ideia?

Ingurune digitalean euskarazko eskaintza eta eskariari buruz aritu gara “Euskara eta Digitalitatea” graduondokoan. Eskariari dagokionez, atentzioa eman dit euskarazko produktu eta zerbitzu digitalen kontsumoa hain eskasa izateak, eta, datuez haratago, eskari urri horren arrazoiak aztertu nahi izan ditut. Hipotesi honetatik abiatu naiz: zerbitzu digital batzuk, nahiz eta euskaraz ere eskaini, oso gutxi kontsumitzen edo erabiltzen dira, eta erabaki horiek ez dira neutroak, hots, hainbat faktorek baldintzatzen dute hizkuntza-hautua.

Jende askok eta maiz erabiltzen dituen zerbitzu digitalak aztertu nahi izan ditut, euskaraz ere eskuragarri daudenak. Gaur egun, 16 urtetik gorako herritar gehienok daukagu nolabaiteko harremana finantza-entitateekin, eta harreman hori, gero eta gehiago, digitala da. Horregatik aukeratu ditut finantza-entitateak. Entitate hauek herritarrekin duten harremana kontuan izanda, interesgarria iruditu zait egoera aztertzea, aurrera begirako neurriak hartu ahal izateko. Dena den, lan honetatik ateratako ondorioak, beste alor batzuetara ere estrapolatu daitezke.

Zeintzuk dira aztertu dituzun zerbitzu digitalak?

Sei finantza-entitateren zerbitzu digitalak aztertu ditut: kutxazain automatikoak, online banka eta mugikorretarako aplikazioak. Beste entitate batzuek ere jarduten dute EAEn eta Nafarroan, baina sei horiek presentzia handia dute lurralde hauetan eta euskararen normalizazioan urratsak eman dituzte, nahiz eta euren ibilbidean eta konpromiso-mailan aldea dagoen. Izan ere, entitate horiek euskararen erabilera areagotzeko helburua duen hitzarmena sinatu zuten Eusko Jaurlaritzarekin 2023an eta ordutik aurrera hainbat ekimen antolatu dituzte elkarrekin.

András Kornai hizkuntzalariaren teoriatik abiatu zara. Zergatik?

András Kornairen ikerketak erakutsi digu hizkuntza gehienek ez dutela bizitasun digital nahikorik, ez dutela presentzia esanguratsurik webguneetan, softwarean, adimen artifizialean edo komunikazio digitalean, eta horrek hizkuntzaren erabilera oro har gutxitzea ekar dezakeela. Beste hizkuntza askorekin gertatzen den bezala, euskararen bizitasun digitala ezinbestekoa izango da bere biziraupenerako. Bizitasun horretan bi faktorek eragiten dute: ingurune digitalean euskaraz eskaintzen den tresna eta eduki kopuruak, eta horiek zenbat erabiltzen diren. Euskarak bizirik irautea nahi badugu, biak indartu behar ditugu. Lan honetan eskarian jarri dut fokua.

Zein izan da lanerako erabili duzun metodologia?

Lehenik eta behin, finantza-erakundeen euskarri digitalak aztertu ditut, zerbitzu horietan euskararen presentzia eta erabilgarritasuna zelakoa den konprobatzeko. Elkarrizketak ere egin ditut finantza-erakunde batzuetako ordezkariekin, zerbitzu digitaletan euskararen erabilerari buruzko datuak jasotzeko eta hizkuntza-hautuetan eragina duten faktoreei buruz duten ikuspegia ezagutzeko. Azkenik, galdetegi bat zabaldu dut EAEko eta Nafarroako 16 urtetik gorako bezero euskaldunen artean, erabiltzaileen hizkuntza-ohituretan eta erabakietan eragina duten elementuei buruzko informazioa biltzeko. Jasotako informazio guztia uztartuz, sektoreko joerak eta erronkak azaleratu dira, hausnarketa eta estrategia garatzeko abiapuntu gisa.

Zeintzuk dira ingurune digitalean hizkuntza hautatzerakoan eragina duten faktoreak?

Mota ezberdinetako arrazoiak daude hizkuntza bat ala beste aukeratzeko. Hizkuntza-hautuetan eragina duten faktore batzuek entitateetako erabakietan dute oinarria, beste batzuek lurraldeko hizkuntza-politikan, edota digitalitatean, baita bezeroen jarreran edo jokabidean ere.

Lehenik eta behin, sistema digitaletan, oro har, gaztelania lehenesten da. Hala erabakitzen dute enpresek eta garatzaileek. Hori horrela, erabiltzaileak modu kontziente eta aktiboan egin behar izaten du hizkuntza-hautua, ezer adierazi ezean gaztelaniaz agertzen baitzaio informazioa. Zerbitzu digitaletan hizkuntza-aukera egon ohi da, baina batzuetan ez da hain erraza topatzea; kutxazainetan, esate baterako, bi edo hiru pauso eman behar izaten dira.

Euskarazko bertsioen kalitate faltak ere eragiten du. Gehienetan, informazioa gaztelaniaz sortzen da, eta itzulpenetan akatsak egon ohi dira. Kasu batzuetan, gainera, ez da guztia itzultzen, eta informazioa gaztelaniaz bakarrik aurkitu daiteke.

Zerbitzua eskaintzen duen entitatearen proaktibitateak ere baldintzatzen du hizkuntza-hautua. Erakundea euskararen erabilerarekin konprometituta badago, kalitatezko euskarazko zerbitzua eskaintzen badu eta hizkuntza-aukerei buruzko informazioa modu aktiboan ematen badio bezeroari, errazagoa izango da bezero horrek zerbitzua euskaraz jasotzeko hautua egitea. Gainera, aurrez aurreko zerbitzuan eta erakundearen irudian euskarak presentzia badu, ingurune digitalean ere euskara gehiago erabiltzeko aukera handiagoa izango da.

Euskarazko zerbitzua emateko betebeharrik ez izateak ere eragina du. Nafarroan ez dago arlo sozioekonomiko pribatuan euskarazko zerbitzuak bermatzeko lege-betebeharrik eta EAEn kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideak bermatzen dituen dekretua aspalditik dagoen arren, ez betetzeak ez du inolako ondoriorik, eta, hortaz, entitatearen borondatean araberakoa da euskararen presentzia eta erabilera bermatzeko neurriak hartzea. Hartzen dituztenen artean ere aldea dago; batzuek euskararen erabilerarako konpromisoa dute, eta beste batzuek, gutxieneko batzuk eginda nahikoa dela uste dute.

Digitalitatearekin lotutako faktoreei dagokienez, gailuetako nabigatzailearen edota mugikorraren hizkuntza-konfigurazioak hizkuntzaren erabilera baldintzatzen du, eta euskaraz dutenek zerbitzu digitalak euskaraz erabiltzeko joera handiagoa dute.

Dena den, hizkuntza-aukera ez dago beti erabiltzailearen esku. Adibidez, denda batean erosketa egiten dugunean, establezimendu horretako jabeak aukeratuko du datafonoaren hizkuntza, eta, jasoko dugun egiaztagiria hizkuntza horretan egongo da.

Azkenik, bezeroaren jarrerarekin edota gaitasunarekin zerikusia duten faktoreak ere badaude: euskararekiko interes falta edo kontzientziarik eza, euskaraz jarduteko gaitasun edota erraztasun falta, ohitura... Gaur egun, oraindik, jende askori zaila egiten zaio euskaraz aritzea finantza-kontuei buruz. Diglosia-egoera baten dagoen heinean, euskarak funtzioak eta espazioak irabazi behar ditu oraindik. Hala ere, hausnarketarako galdera bat: gutako askori ez al zaigu kostatzen gaztelaniaz jardutea diru-kontuei buruz?

Hauek, labur, gure hizkuntza-hautuan eragiten duten faktoreetako batzuk, baina... interesa izanez gero, lanean beste batzuk ere agertzen dira!

Ingurune horietan euskarazko edukiaren eskaria eta eskaintza handitzeko zeintzuk dira estrategiak?

Ingurune digitalerako estrategia behar dugu, adostua, erakunde publikoeneta pribatuen elkarlanaren ondorioz egina eta garatua; teknologia propioa garatzen ari gara eta horri eutsi behar zaio, burujabetza teknologikoa helburu; ikerkuntzan inbertitu behar da... Eta hori guztia, euskarak plaza publiko eta birtualetan dituen erronkak begi-bistatik kendu gabe. Euskararen erabileran eragiten duten faktoreak ezagutu eta mugak gainditzeko estrategiak diseinatu behar ditugu: hizkuntza-politika egokia eta eraginkorra behar dugu, araudia eguneratu kontsumitzaile eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideak berma daitezen, ezagutzan aurrerapauso sendoak eman, erabiltzaileak aktibatu...

Zeintzuk dira erronka nagusiak?

Oso komunitate aktiboa dugu, baina herri txikia gara. Teknologiari dagokionez baditugu gure mugak, esate baterako, teknologia hauek behar duten datu kopuru izugarriarekin lotuta. Herri-estrategia bat garatzea ezinbestekoa da, egoeraren kontzientzia hartzea eta aktibo bihurtzea, erakundeetatik hasita norbanako bakoitzeraino. Euskarak erronka handiak ditu plaza publiko nahiz pribatuan, eta erronka horiei aurre egiteko egoeraren larritasunaz jabetu eta elkarlanean jardun behar dugu, indarrak batuz. Azken aldi honetan sarritan entzuten ari gara euskararen normalizazioan erlaxatu egin garela...

UEUren GOI Institutuan egin duzu graduondokoa. Zer-nolakoa izan da esperientzia?

Oso ona! Ingurune digitalean euskal komunitateak hainbat esparrutan egin duen lana ezagutzeko aukera eman dit: hizkuntzaren kalitatea zaintzeko tresnak, hizkuntza-azterketarako tresnak, esparru ezberdinetan dauden euskarazko eskaintza.... Baina, batez ere, hausnarketarako oinarrizko ezagutza jaso dut, eta teknologiarekin zer egin daitekeen ikusteaz gain, zergatik, zertarako eta zelan erabili nahi dugun hausnartzearen beharraz jabetu naiz. Euskararen normalizazioan digitalitateak duen garrantziaz jabetzeko aukera ere eman dit graduondokoak. Kontzientzia eta kritikotasuna lantzea ezinbestekoa da; hizkuntza-teknologia eredu handiek noren esku dauden eta kultura eta hizkuntza gutxituak nola alboratzen dituzten ulertzeak egoeraren larritasuna ulertzen lagun gaitzakeela pentsatzen dut. Hizkuntza-teknologien garapenak eta ingurune digitalean euskarak duen presentziak eragin zuzena dute hizkuntzaren erabileran, prestigioan eta baita biziraupenean ere, eta berandu baino lehen heldu behar diogu erronka horri.

Jakintza-arloak