Hizkuntzalaritza Klinikoko II. jardunaldia.

Aurkezpena
Hizkuntzalaritza Klinikoko lehen jardunaldia Baionan iragan zen 2020ko irailaren 4an. Horren helburua izan zen euskaldunengan aztertzen diren hizkuntza-nahasmenduei buruzko lan eta proiektuen aurkezpen bat egitea, modu dibulgatiboan, elkarren lanen berri hartzeko, saretzeko eta Hizkuntzalaritza Klinikoa euskaraz garatzeko. Lehen edizioak panorama plurala eskaini zigun, ikuspegi ezberdinak eta ikerketa eta lan-praktika ezberdinak aipatu ziren (mediku, ikerlari, ortofonista-logopeden artean). Lan horiek amankomunean izan zutena eta dutena euskaldunekin edota euskaldunentzat aritzea izan zen. Hizkuntzalaritza Klinikoko II. jardunaldiaren nondik norakoak berdintsuak dira.
Jardunaldi hau lankidetzan antolatu dute UEUk eta IKER taldeak.
Jardunaldiaren koordinatzaileak: Marie Pourquié, Joana Itzaina eta Kattalin Bidart.
Helburuak
Azken 5 urteetan, euskaldunengan aztertu diren hizkuntza-nahasmenduen inguruko (adb. afasia, autismoa, hizkuntza-garapeneko nahasmendua) ikasketa-amaierako lanen, bidean dauden ikerketa-proeiktuen eta ortofonia-logopedia arloarentzat garatzen ari diren tresnen berri ematea da helburu nagusia. Gainera, HK2 jardunaldiak ikerketaren eta pratika klinikoaren arteko zubia sendotzea du helburu, hizkuntza-nahasmenduen azterketarako ikerketa-tekniken (adb. Eyetrackinga, burmuinaren azterketa) baliagarritasuna azalduz.
Nori zuzenduta
Euskal Filologiako/Irakasle Ikasketetako/Logopedia-Ortofoniako/Medikuntzako/Psikologiako ikasle, profesional zein ikerlariei