Informatikaren oinarriak eta pentsaera konputazionala desentxufaturik: JolasMATIKA.

Hasiera - Bukaera data: 2025eko ekainaren 26a - 2025eko ekainaren 27a (Osteguna-Ostirala)
Ordutegia: 9:00-13:30
Modalitatea: Presentziala
Ordu kopurua: 10
Matrikula-epearen hasiera: 2025eko maiatzaren 5a
Matrikula-epearen bukaera: 2025eko ekainaren 25a
Ikastaro honek ez du irudirik, hau defektuzko irudi bat da.

Aurkezpena

JolasMATIKA ikastaroak informatikaren magia piztea du helburu, horretarako, ordenagailuak alde batera utzita. Pentsaera konputazionala, programazioa eta konputagailuen barne-funtzionamendua jolasaren bidez lantzen dira: estrategia, logika, problemen ebazpena eta algoritmoen oinarriak elementu ukigarriz, modu dibertigarri eta parte-hartzailean. Haurrek menderatzen duten eremuan, jolasaren eremuan, informatikaren elementu horiek ikasiko ditugu eta nola irakatsi ere aztertuko dugu, hori bai, bihotza eta irudimena piztuz.

Ikastaro honek hezitzaileei tresna erraz eta eskuragarriak eskaini nahi dizkie, ariketa praktikoen bidez, programazioko sekuentziak, baldintzak eta begiztak lantzetik konputagailuen barne-lengoaia den kodeketa bitarreraino, LH eta DBHra egokituak. Gainera, tailerraren helburuetako bat izango da jarduera horiek curriculumeko konpetentzietara nola egokitu daitezkeen aztertzea, hala nola matematikarekin, hizkuntzarekin, gorputz-adierazpenarekin eta beste edukiekin nola uztar daitezkeen aztertzea. Horrela, konputagailua kutxa beltz magiko bat izatetik, eguneroko bizitzarekin eta hezkuntzarekin uztar daitekeen tresna eta jolastoki berri bat izatera pasa dadin.

Helburuak

  • Pentsaera konputazionalaren oinarriak barneratzea jolasaren bidez, teknologiarik gabe eta modu esperimental batean, estrategia, logika eta algoritmoen ulermena garatuz.
  • Programazioaren eta informatikaren oinarrizko kontzeptuak modu ukigarri eta dibertigarrian irakasteko jarduera praktikoak ezagutzea eta esperimentatzea, hala nola sekuentziak, baldintzak, begiztak, aginduen barne-exekuzioa edo kodeketa bitarra.
  • Ikastetxeetako curriculumarekin lotura zuzena duten proposamen didaktikoak sortu eta aztertzea, informatikako jarduerak hizkuntzarekin, matematikarekin, gorputz adierazpenarekin edo beste edozein gairekin nola uztar daitezkeen ulertzeko.
  • Informatika esparru erakargarri eta eskuragarri bihurtzea haur eta gazteentzat eta haien irakasleentzat, jolasaren bidez beldurrak apurtuz eta irudimena piztuz, ordenagailua "kutxa beltz" izatetik ikasketa-aliatu bihurtuz.

Edukiak

Ikastaroan pentsaera konputazionalaren eta informatikaren oinarri funtsezkoak jorratuko dira, teknologiarik gabe, jolasaren bidez eta esperientzia partekatuaren bitartez.

  1. Pentsaera konputazionala: Arazoak zatika aztertzea, irtenbide logikoak diseinatzea eta estrategia eraginkorrak garatzea izango dira ardatz. Parte-hartzaileek jolas eta dinamiken bidez biziko dute pentsatzeko modu hau, haurrei nola transmiti daitekeen hausnartuz.
  2. Programazioaren oinarriak: Sekuentziak (aginduen ordena), baldintzak (aukera anitzeko erabakiak) eta begiztak (errepikapenak) izango dira ardatz nagusiak. Programazioaren logika barneratzeko, jolasak eta tresna manipulagarriak erabiliko dira.
  3. Konputagailuen barne-egitura eta funtzionamendua: Prozesadore baten lana, memoria, sarrera-irteera gailuak... elementu horien arteko harremanak aztertuko dira. Abstrakzio handia dago eremu honetan, horregatik hainbat aukera aztertuko dira eta maila bakoitzerako egokitasunaren inguruan hausnartuko da.
  4. Aginduen exekuzioa eta sekuentziazioa: Parte-hartzaileek ‘prozesadore’ bihurtuta jokatuko dute, aginduak pausoz pauso exekutatuz. Horrela ulertuko da programazio-lengoaia batean emandako aginduak nola gauzatzen dituen konputagailu batek.
  5. Kodeketa bitarra: Sistema bitarra aginduak eta datuak 0 eta 1en bidez adieraztean datza. Jarduera ludikoen bidez landuko da, ikasleek hainbat datu-mota (zenbakiak, testua, irudiak, aginduak,...) nola bihurtzen den uler dezaten.

Nori zuzenduta

Hainbat jarduera landuko da, zailtasun-maila ezberdinekin eta jarduera bakoitzaren eboluzio posibleen inguruan hausnartuko da, horregatik LH eta DBHko irakasleentzat eta oro har hezitzaileentzat egokia da.

Jakintza-arloak