Osatze feminista. Gorputzak badaki.

Aurkezpena
Ikastaroaren datak eta ordutegia:
- Maiatzak 5, ostirala: 16:30-20:30
- Maiatzak 6, larunbata: 09:00-14:00
Osatze Feminista Bilgune Feministaren baitan sortzen den proposamena da. Zeharkatzen gaituzten zapalkuntzek eragindako gorputz sentsazio, memoria eta bizipenak arakatu eta ditugun min, zauri zein blokeoak askatu eta goxatzea helburu duen egitasmoa.
Gorputzetatik eta hauek dakarten bizipenetatik abiatzen gara, askatu beharreko lurralde direla ulertzen baitugu. Intimoa ere politikoa dela ulertzen dugu eta espazio seguru eta goxoak eskaini nahi ditugu osatze prozesuak eta bideak marrazten joateko.
Horretarako, baliabideak sortu eta eskaintzea da osatze lan taldetik eskaini nahi duguna: esperientzia, tresna eta esperimentazio guneak, bideak egiten joateko lagungarri izan daitezkeenak.
(Ikastaroaren inguruko xehetasun gehiago, elkarrizketa honetan)
Irakasleak
Helburuak
- Gorputzek dakarten indarkeria, ezinegon, beldur, eta abarrei osatze bidean dauzkaten beharrak bilatzeko tresnak eskaintzea.
- Pentsamendutik ez ezik, gogo eta gorputzen behar eta espresioei bide emateko metodologia eta funtzionamenduak sortzea.
- Osatze feministarako, elkar-zaintzarako, eta osatze bidea egiteko espazioak eta metodologiak eskaintzea.
- Osatze prozesuetan elkar sostengatzea, emakumeen arteko konplizitate eta sostengu-sareak sortzea eta jakintza eta esperientziak elkarbanatzea.
Edukiak
- Osatzea kontu kolektibo eta politikoa da.
- Elkarrekin egiteak duen indarra, taldearen sostengua eta konplizitatea.
- Intimoa politizatzea.
- Gorputzetik. Han sartzen da indarkeria, handik askatuko dugu.
- Gure gorputzak entzun eta hauen prozesuak sostengatzeko espazioak sortzea.
Metodologia
Osatze feministaren proposamena aurrera eramateko ezinbestekoa dugu gorputzetatik eta bizipenetatik abiatzea. Esperimentazio eta gorputzetik abiatutako bideak ireki nahi ditugu, tresna eta baliabideak sortu, moldatu eta berrasmatu.
Alde batetik, gorputzetatik eta bakoitzaren bizipenetatik abiatutako dinamikak proposatuko ditugu. Horretaz gain, V.Jardunaldi Feministetarako osatutako ponentziaren edukiak landuko ditugu, gaiaren inguruko hausnarketa eta eztabaida irekiz.
Horretarako, arte-terapia, gorputz espresioa, meditazioa eta talde bidelaguntzarako teknikak erabiliko ditugu saioetan zehar.
Nori zuzenduta
Emakumeei oro har, gaian interesa duenari, norbanako zein kolektibo lez, osatze prozesuetan murgilduta daudenei.