"Plano politikoan kokatu behar dugu gure gorputzetan gertatzen dena"

2023ko martxoaren 20a

"Plano politikoan kokatu behar dugu gure gorputzetan gertatzen dena"

“Osatze feminista. Gorputzak badaki” izeneko ikastaroa antolatu du UEUk Iruñean maiatzerako. Osatze feminista Bilgune Feministan sortutako proposamena da. Osatzeko lantaldeko Begoña Merino Otaegiren eta Maite Zabala Idigorasen esanetan, helburua gure gorputzekin daukagun harremana aztertzea da, “gurutzatzen gaituzten indarkeria horiek guztiak nola kokatzen diren gure gorputzetan, eta agindu patriarkala gure espazioetatik ez ezik, gure gorputzetatik ere nola atera dezakegun”. Merino Publizitate eta Harreman Publikoetan lizentziatua da eta Arteterapian zein BBLHn masterduna. Zabala, aldiz, Fisioterapia eta Gizarte Hezkuntzan diplomatua da eta osteopatian formatua.

Gorputzak badaki, baina entzuteko tarterik hartzen dugu?
Esan daiteke batzuetan, gaur egungo bizi-ereduak eta erritmoak ez duela tarte handirik uzten gorputza entzuteko. Gainera, ez gaude gorputza entzutera ohituak: inork erakutsi ez digulako, egin daitekeenik ere ez genekielako, edo egunerokotasunean beste gauza batzuek lehentasuna hartzen dutelako. Gorputzak uneoro hitz egin arren, askotan gorrarena egiten dugu.

Horrez gain, naturatik eta gure etapa/prozesuetatik ere aldenduak gara. Horregatik, geure lekuak hartzea garrantzitsua dela deritzagu, gauden horretan, bizitzen ari garen horretan. Eta hortik abiatzea, kontzientzia hartzea eta lekua egitea, geure gorputzetan dauden min eta zauriez ez ezik, geure botereaz ere jabetzea.

Horregatik guztiagatik, garrantzitsua da ikastaro hau bezalako espazioak sortzea, gorputzaren kontzientzia lantzeari balioa eta lehentasuna emateko, eta elkarrekin logika kapitalista heteropatriarkaletik kanpoko logikak eta harremanak sortzen eta ehuntzen joateko.

Norbere zauriez, norbere gorputzez ari gara, baina intimoa ere politikoa da...
Bai, hori da. Feminismoak aspaldi erakutsi zigun gure bizitza pribatua, gure desioak, gure gorputzetan gertatzen dena politikoa dela. Indarkeriak gure gorputzetan sartzen dira, gorpuztu egiten ditugu, egunerokoan bizi ditugu desbalorizazio, ikusezintasun, sinesmen zein zauriak. Hau guztia intimitatean bizi dugu, geure buruekin-gorputzekin dugun harremana baldintzatzen du... Guk diogu hau ere politikoa dela, plano politikoan kokatu behar dugula gure gorputzetan gertatzen dena. Izan ere, askotan, pentsamenduak askatzen saiatzen gara, baina gure gorputzetan jarraitzen dute mugek, minek...

Eta gure baitan daude baita ere askapenerako giltzak. Gure baitan ditugu plazera sentitzeko gaitasuna eta bizitzaren bulkada eta indarra. Baina askotan zaila egiten zaigu horiek aurkitzea, egunerokoan presente izatea. Eguneroko erritmoak, kanpora begira bizitzeak, lan eta zaintzen zamak zein presio sozialek gure baitatik ateratzen gaituzte, behar eta nahi ez ditugun gauzak egitera eramaten gaituzte eta hor agertzen dira ezinegonak, frustrazioak, antsietate zein depresioak, gero eta ugariago edo azalerago ikusten ditugunak.

Honi guztiari dimentsio politikoa eman behar diogu, kolektiboki eutsi, intimoa ere azaleratu eta hortik beste modu batera harremanak izaten hasi geure buruekin, ingurukoekin, naturarekin.

Eta osatze feministak kolektiboa izan behar du...

Indarkeriak gure gorputzetan sartzen dira, eta hauek bertatik ateratzea ez da lan erraza. Ezinegonak, minak zein bizitzen ari garen egoerak geuk geure kabuz sostengatu behar izaten ditugu, eta askotan oso bakarrik egin behar izaten ditugu prozesuak. Elkarrekin zaintzan oinarritutako taldeetan, aldiz, behar dugun babesa eta goxotasuna izan dezakegu, elkarren bidelagun izan eta elkar sostengatu. Kolektiboak babesa eta indarra eman ditzake, eta osatzerako lagungarri izan daitezkeen tresnak sortzera eraman gaitzake.

Gainera, badakigu ez dagoela sakoneko aldaketarik ez bada kolektiboan egiten. Mugimendu feministak ongi erakutsi digu hori, ezin dela norbera bere kabuz askatu, askapena kolektiboa izango dela, baita boteretzea eta ongi bizitzea ere.

Bilgune Feministan sortutako proposamena da osatze feministarena. Zeri erantzuteko?
Bilgune Feministan aspaldidanik landu izan den kontua da. Gure bizitza indibidual zein kolektiboetan parte hartzeko orduan, militantzia modu ezberdinek eragindako zamak zein eguneroko indarkerien aurrean geure buruak eta ingurukoak zaintzearen garrantziak aspalditik izan du bere lekua mugimenduan. Hortik atera ziren Bilgune barrura begira egindako lehenengo osatze-egonaldiak: norbera eta elkar zaintzeko, atseden hartzeko, gorputzei arreta jartzeko... Honekin, ildo bat zabaldu zen alor honetan, eta Durangon egin ziren Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministetan aurkeztu genuen gure proposamena. Ordutik, egonaldi zein tailer formatuan lantzen aritu gara.

Duela urte asko autodefentsa feministaz hasi ginen geure gorputzak defendatzen, limiteak jartzen eta elkarrekin konplizitatez jarduten. Osatze feministarekin pauso bat haratago, edo hobe esanda, barrurago egin nahi izan dugu. Geure gorputzekin daukagun harremana aztertu, gurutzatzen gaituzten indarkeria horiek guztiak nola kokatzen diren gure gorputzetan, eta agindu patriarkala gure espazioetatik ez-ezik, gure gorputzetatik ere nola atera dezakegun.

Zer da zehatz-mehatz ikastaroan landuko duzuena eta zein izango da metodologia?
Osatze feminista taldeak berak sorturiko ariketa/metodologia erabiltzen dugu. Taldekide bakoitzak bere jakinduriatik ekarritako apurrekin sorturiko osotasuna da. Gorputzak ardatz hartuta, bidaia bat egingo dugu, non gorputz-mugimendua, meditazioa eta artearen bidezko espresioa erabiliko diren, besteak beste. Ariketa ezberdinen bidez, gorputzaren kontzientzia hartzea, jakituria propioa eta kolektiboa, eta osatze-bidean lagungarri izan daitezkeen tresnak bilatu eta elkarbanatuko ditugu.

Nori begirako ikastaroa da?
Emakume* orori. Etapa edo prozesu konkretu batean dagoena, zein egunerokoan bere burua zaintzeko hautua egin nahi duen hori. Tarte batez gelditu eta gure gorputzek dakarten informazioaz jabetu, dauzkagun baliabideen kontziente egin eta hau guztia taldeko epeltasun eta goxotasunean egiteko gogoz dagoen orori.

Jakintza-arloak