"Zaintzak, kontu pribatu izatetik, erantzukizun kolektibo izatera pasa behar du ezinbestean"

2023ko ekainaren 24a

"Zaintzak, kontu pribatu izatetik, erantzukizun kolektibo izatera pasa behar du ezinbestean"
Alaitz Uriarte eta Maider Barañano

Maider Barañano (Algorta, 1999) eta Alaitz Uriarte (Mungia, 2000) soziologoek eskuratu dute Ikergazte kongresuko Euskal Herriko garapenean eragin handiena duen Udalbiltza saria Zaintzaren inguruko iruditegiak Zestoako Zaintza Ekosisteman ikerlanarekin.

Zorionak! Ikergazte kongresuko Udalbiltza saria eskuratu duzue.

Eskerrik asko, plazer bat izan da kongresuan parte hartu ahal izatea hainbeste ikertzaile gazterekin batera.

Zestoako Zaintza Ekosistema osatzen duten agenteen diskurtsoak aztertu dituzue. Zer da zehazki zaintza-ekosistema eta zergatik ikertu duzue Zestoako kasua?

Zaintza-ekosistemak eraikitze-prozesuan dauden zaintza-zerbitzuak kudeatzeko eredu berriak dira, zehazki zaintzan diharduten agenteen arteko koordinazioa dute helburu, baina tokian toki era ezberdinean ari dira garatzen. Maila lokalean, Gipuzkoako zenbait herritan eta gutxinaka zabaltzen ari den estrategia da, helburua pertsona nagusi eta mendekoen arretan eraldaketak gauzatzea da, pertsonalizazioaren eta gertutasunaren bidetik.

Zestoa aztertu dugu 2021ean Zestoako Zaintza Ekosistema garatzen ari diren agente batzuk gurekin harremanetan jarri eta egiten ari zirenari begirada zientifiko batetik aztertzeko eskaria egin zigutelako, ordutik eta 2023ko martxora arte bertan ibili gara proiektuaren jarraipena egiten.

Diskurtso hauek elkarrizketa eta talde-eztabaiden bidez aztertu dituzue. Nortzuengana jo duzue?

Zaintza-ekosistema garatzen ari diren agenteekin egin ditugu elkarrizketak, hau da, udaleko Nagusien Mahaia osatzen duten agente instituzional eta sozialekin. Zehazki Zestoako Udala, gizarte-zerbitzuak, kirol-teknikaria, Hirube kooperatiba eta herriko bi egoitzen zuzendaritzak elkarrizketatu ditugu eta talde-eztabaidak egin ditugu Jubilatuen Elkartearekin eta 3Z elkartearekin.

Zeintzuk dira hauteman dituzuen diskurtso motak?

Zaintzaz dihardugunean sarri ez dugu jakiten zehazki zertaz ari garen, gauza oso ezberdinei erreferentzia egiteko erabiltzen baitugu. Egindako elkarrizketetan argi ikusi dugu 4 diskurtso nabarmentzen direla, zaintza ulertu eta irudikatzeko markoa ezartzen dutenak. Lehena, zaintzaren ulerkera zabala, zaintza pertsona nagusiekin lotutako zerbait izateaz gain, elikadurarekin, lurraren eta biodibertsitatearen zaintzarekin ere lotzen duena. Bigarrena eskubideen diskurtsoa litzateke, zaintza eskubide gisa irudikatzen duena, zentzu horretan, herritar gisa dugun eskubide bat litzateke, publikoa eta unibertsala beharko lukeena eta baita gertukoa eta euskalduna ere. Hirugarrena aukeraren diskurtsoa edo pertsona ardatz duen arreta-eredua litzateke, diskurtso horretan ezinbesteko garrantzia hartzen du zaindua den pertsonaren ohiturak eta nahiak errespetatzeak eta pertsonalizazioarekin estuki loturik dago. Azkena ekintza txikietatik egindako zaintza gisa izendatu dugu, diskurtso horretan arreta berezia jartzen da zaintzaren detaileetan, adi egotean, elkarrizketa batean, auzokoarekin kafe bat hartzean edo erosketekin laguntzean.

Agente bakoitzak desberdin irudikatzen du zaintza. Definizio bateratu bat beharko litzateke?

Uste dugu ezinbestekoa dela definizio bateratu bat izatea baina zaintza-ekosistema bat sortzera bidean, zertaz ari garen ondo jakitea, definizio batek ez du bestea baztertzen, osagarriak izan daitezke, jakina, baina proiektu bat garatzeko momentuan, batez ere agente ezberdinen parte-hartze eta konpromisoa eskatzen baldin badu, ezinbestekoa da helburuak ondo finkatu eta elkar ulertzeko balio duten hiztegiak sortzea.

Zaintza-ekosistemen eraketan zestoarrak parte hartzera animatu nahi izan dituzue.

Zaintzak denon eskubide izan behar du eta ezinbestekoa da horretarako aldaketa sakonak egitea zaintza-sisteman. Zaintzak, kontu pribatu izatetik, erantzukizun kolektibo izatera pasa behar du ezinbestean. Geure buruei galdegin behar diegu nork zaintzen duen, eta, beraz, nork ez duen zaintzen, zer baldintzatan egiten ditugun zaintza-lanak eta denok zainduak izan nahi baldin badugu, zer erantzukizun dugun zaintzeko ere. Komunitateaz hitz egiten da azken aldian zaintzaz hitz egiten dugunean, baina arretaz begiratu behar dugu nortzuek osatzen duten komunitate hori, orain arte bezala jarraituko badugu, emakumeek dohainik zainduko duten tokia izango baita komunitatea. Gainera, garrantzitsua da administrazio publikoak horrekiko erantzukizunak hartzea eta denon ongizatea bermatzeko ezinbestekoak diren inbertsioak egin eta politikak garatzea.

Beste herri batzuetarako lagungarria izan daiteke zuen ikerketa?

Espero dugu batez ere zestoarrentzat baliagarria izango dela egin dugun ikerketa, proiektua martxan haiek jarri dute eta guk bidearen zati txiki bat egiten baino ez diegu lagundu, espero dugu hemendik aurrera bide luzea edukiko dutela egiteko. Zestoako testuinguru politiko eta soziala oso kontuan izan dugu ikerketa egiterakoan, beraz, emaitzak ezin dira era automatikoan orokortu. Hala ere, gainerako herrientzat ere baliagarria baldin bada, asko pozten gara, guretzat gizarte-ikerketak eraldaketarako tresna izan behar du eta zentzu horretan lan egiteko saiakera egiten dugu beti.

Ikergazte kongresuan parte hartu duzue. Zer-nolako esperientzia izan da?

Oso esperientzia aberasgarria izan da guretzat, ikertzaile gazte gisa gure baldintza antzekoetan lanean dabiltzan kideak ezagutzeko momentu bikaina izan da eta gure lanak euskaraz aurkezteko aukera ere eman digu. Euskaraz ikertu nahi dugu eta Ikergazte ezinbestekoa zaigu euskaratik zientzia egiten jarraitzeko.

Zeintzuk dira eskuartean dituzuen erronkak?

Aurtenzaintza-ekosistemak ikertzen jarraituko dugu, jakin nahi dugu nolako garapena duten Gipuzkoan, amaitu gabeko proiektua izanik eraldaketak ere gerta litezkeelako. Horrez gain, guk zaintza-lanak ikertzen jarraituko dugu, nork, zergatik eta nola egiten dituen jakin nahi dugu, horrek gure gizartearen inguruko informazio handia eskaintzen digulako.

Jakintza-arloak