Uxoa Iñurrieta Urmeneta: "Zabaldu behar den edozein testutan da garrantzitsua hizkuntza zaintzea, baina akademikoetan, zehazki, ezinbestekoa da"
2025eko apirilaren 8a

"Euskarazko komunikazio akademikoaren oinarriak: hizkuntza-zalantzak argitzeko baliabideak" ikastaroa emango du online UEUren Ikasgela Birtualetik Uxoa Iñurrieta Urmenetak (1990, Donostia). Itzulpengintza eta Interpretazioan lizentziatua eta Hizkuntzalaritza Konputazionalean doktorea da. Euskarazko itzultzaile automatikoen inguruan egin zuen doktoretza-tesia, HiTZ zentroko Ixa ikerketa-taldean (UPV/EHUn), eta hizkuntza-teknologiekin loturiko hainbat proiektutan parte hartu du. Irakasle ere aritzen da euskarazko komunikazioari, hizkuntzen irakaskuntzari eta hizkuntza-teknologiei buruzko ikasgai eta ikastaroak ematen, graduondoko mailan batez ere; Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan ibili zen irakasle lehenik, eta GOI ikastegian dihardu 2020tik, UEUn. UEUko Hizkuntzalaritzako sailburu ere bada, eta, akademiatik kanpo, Haur eta Gazte Literatura itzultzen du. Gaian interesa duen edonori zuzenduta dago ikastaroa, baina prezio berezia izango dute doktoretza egiten ari diren ikasleek.
Testu akademikoetan hizkuntza zaintzeari garrantzia eman behar zaio...
Bai, jakina! Zabaldu behar den edozein testutan da garrantzitsua hizkuntza zaintzea, baina akademikoetan, zehazki, ezinbestekoa da modu argi eta zehatzean idaztea. Testu akademikoak gai konplexuei buruzkoak izaten dira askotan, eta hizkera traketsa erabiltzeak, testua bera behar baino gehiago konplikatzeaz gain, gaizki-ulertuetarako bidea ematen du maiz. Idazten ari garenean, garrantzitsua da arretaz aztertzea ea idatzi duguna eta idatzi nahi genuena bat ote datozen, ohikoa izaten baita buruan gauzak oso argi izatea baina ez asmatzea hori paperera behar bezala ekartzen. Eta, horretan saiatzen garenean, zalantzak sortzen zaizkigu etengabe: kontzeptu jakin bat izendatzeko zein hitz erabiltzea komeni den, adibidez, edo zein joskera den egokiena... Erreferentziazko baliabideak ezagutzeak eta kontsultak ondo egiten jakiteak asko laguntzen du halakoetan.
Horretarako baliabide digitalak landuko dituzue... Zeintzuk?
Denetik landuko dugu pixka bat: hiztegiak, corpusak, zuzentzaileak, estilo-liburuak, kontsultaguneak... Euskarazko hizkuntza-kontsultak egiteko baliabideen abanikoa oso zabala da, eta horixe erakusten saiatuko gara bi astez. Itzultzaile automatikoei ere egingo diegu begiratua, baina, hain justu ere, erakusteko Adimen Artifizialeko tresnak ezin ditugula erreferentziazko hizkuntza-baliabideen zaku berean sartu, eta ezin garela berdin fio batzuek eta besteek ematen diguten informazioaz. Halakoetan arreta zertan jarri jakiteko pista batzuk ere eskainiko ditugu.
Zein izango da metodologia?
Ikastaroak UEUren eredu pedagogikoa izango du oinarrian, eta oso praktikoa izango da. Baliabide mota bakoitzeko, oinarrizko azalpen batzuk eman, eta kontsultak egiten trebatzeko jarduera txikiak proposatuko ditugu. Bi asteko ikastaroa denez, lanak bi bloketan banatuta egongo dira, bosna ordu asteko; hortik aurrera, ez da egun eta ordu jakinetan konektatu beharrik izango, eta nork bere erritmoan egin ahalko ditu jarduerak. Ikastaroaren amaieran, ikasitako guztiaren laburpen moduko bat egiteko eskatuko zaie ikasleei, eta, astia eta gogoa dutenentzat, jarduera osagarriak ere egongo dira.
Nori dago zuzenduta?
Ikastaroa, berez, GOI institutuak doktoretza-ikasleentzat eskaintzen duen prestakuntza-programan kokatzen da, baina interesa duen edonork har dezake parte, lanbidea, espezialitatea edo aurretiko ikasketak edozein direla ere.
Nabarmentzeko zerbait?
Ahalegindu garela material baliagarri eta praktikoa prestatzen, eta parte hartzera animatzen direnek benetan etekina ateratzea nahi genukeela. Ea lortzen dugun!