Txarles Ranero Maruri: "Euskararen kudeaketak enpresei lehiakorrago izaten laguntzen die"
2024ko ekainaren 13a

"Lan mundua euskalduntzeko egungo mekanismoak eta etorkizuneko arauez" hitz egingo du Txarles Ranero Marurik (Bilbo, 1964) UEUk eta Euskalgintzaren kontseiluak Udako Ikastaroetan antolatutako "Lan eta bizi euskaraz. Eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko estrategia berriak arnasguneetatik" jardunaldian. Hezkuntzaren Teoria eta Historia Saileko "Euskalduntze eta Alfabetatzea" Diplomatura (EHU,1997) du Txarlesek. Lan-ibilbide osoa AEKn egin du, 1986an lanean hasi zen irakasle, eta segituan euskaltegiko arduradun, gerora enpresetako ikastaldeen antolatzaile... 2000. urteaz geroztik AHIZE hizkuntza-aholkularitzaren koordinatzaile-lanetan dabil. Denbora horretan guztian koordinazio-lanez gain, hainbat erakundetan aholkulari moduan ibili da eta Bai Euskarari zein Bikain ziurtagirietan ebaluatzaile aritu izan da.
Lan-mundua euskalduntzeko egungo mekanismo eta etorkizuneko erronkei buruz hitz egingo duzu Udako Ikastaroetan. Zein da gaur egungo argazkia?
Gure ustez, egoerak argi-ilunak ditu. Azken urteotan egindako azterketa eta ikerketetan, argi dago arlo sozioekonomikoa euskaldundu ezean ez dela euskararen normalizazioa erdietsiko.
Ahalegin eta inbertsio handiak egin dira hezkuntza-esparruan edota helduen euskalduntzean; alabaina, enpresa-munduaren egoera bestelakoa da.
Egun, ikasketak euskaraz egin dituen gazteak lanean gazteleraz integratu behar izateko aukera asko ditu. Horrek hezkuntzan euskalduntzen egindako inbertsioa galarazten du. Era berean, epe motz-ertainean errelebo handia emango da, eta hizkuntzak horretan pisu berezia izango du. Batetik, euskaraz lan egiten dakien arduraduna izango dugu, eta bestetik, migranteek gero eta leku handiagoa izango dute lan-munduan, euskararik gabe, beste neurririk hartu ezean.
Bestalde, lan-munduaz ari garela, eta zehazki euskalduntzeko urratsak egin dituztenen unibertsoaz, ikusten dugu unibertso oso txikia dela egoera eraldatu eta aurrera egiteko: enpresen % 1ek baino ez du euskararen erabilera normalizatzeko prozesu edo ekimenik.
Egoera hori eragiten duten faktore bat baino gehiago aipatuko genituzke. Finantzazioari dagokionez, Hego Euskal Herriko esparru administratibo bakoitzak bere sistema du, kasurik onenean. Ipar Euskal Herrian, ordea, ez dago arlo sozioekonomikoan egitasmoak finantzatzeko mekanismorik ere. Lege-markoak, gainera, oso prekarioak dira: azken boladan jasaten ari garen oldarraldi judiziala ikusi besterik ez dago.
Enpresen kalitate- eta kudeaketa-sisteman pisua duen eta laguntzekin lotura duen aitortza-sistema bera ere ez da batere homogeneoa: Euskal Herri mailako ziurtagiri bakarra, Bai Euskarari ziurtagiria, ez da ofiziala; EAEn baino ez dago ezarrita ofiziala eta homologatua den Bikain ziurtagiria. Euskara arrotza zaie enpresa gehienei, are gehiago haren kudeaketa, eta baliabideak ez dira nahikoak.
Horri erantsi behar zaio beste eragile batzuen hizkuntza-politiken norabidea, onerako zein txarrerako: sindikatuak, enpresa-elkarteak, herri-mugimendua...
Aholkularitzon sektoreari begiratuz gero, egoera gazi-gozoa bizi dugu. Oro har, geure burua formatu behar izan dugu, etengabeko eraldaketari aurrera egin, baliabide gutxirekin moldatu... baina gure bezero zein erakundeen aitortza jaso ohi dugu: egindako lanarekiko zein lortutako emaitzekiko. Halere, aholkulari-teknikari gehiago beharko ditugu aurreikusten dugun lan guztia aurrera aterako badugu.
Zer etekin lortu dezake enpresa batek euskara bere jardunean integratuz?
Bistakoa da euskararen kudeaketak enpresei lehiakorrago izaten laguntzen diela. Lehiakortasunean eragiten duten hainbat faktore daude.
Euskara egunerokoan integratzen duen enpresak hainbat ekarpen jasotzen ditu, besteak beste, gizarte-erantzukizunez jokatzea. Horrela, gizartearen ongizatea eta inguruaren garapena bilatuko ditu, helburu ekonomikoetatik harago. Gizartearekiko erantzukizunaren erakusle dugu hizkuntzen kudeaketa, eta berariaz, bertako hizkuntzari dagokion lekua ematea.
Hizkuntzen kudeaketan aintzat hartzekoak dira hizkuntza-eskubideak eta hautuak. Hortaz, bezeroen eta herritarren hizkuntza-eskubideak eta hautuak errespetatu eta kontuan hartuta, enpresak balio erantsia irabazten du. "Guk zerbitzua euskaraz ere ematen dugu". Enpresen posizionamendua hobetu, merkatu-aukerak ugaritu eta merkatu-balioa handitu egiten da. Horrez gain, barruko langileen hizkuntza-eskubideak eta hautuak gogoan hartzeak enpresa barruko lan-giroan eragiten du —harremanak hobetu eta kohesioa sendotu— eta emaitza hobeak lor litezke. Bide batez, langileen motibazioan eragiteko aukera eskaintzen digu hizkuntzak. Talentu euskaldunak kudeatu, erakarri eta mantentzeak enpresaren berrikuntza- eta sormen-aukerak zabaltzen ditu.
Bestetik, hizkuntza-kudeaketa kalitatearen adierazle garrantzitsua da. Euskara bitarteko bilaka daiteke bikaintasun-eredu bat gauzatu ahal izateko, batez ere, bezeroen eta langileen gogobetetzean edo enpresak gizartean lortzen dituen emaitzei dagokienez.
Horrez gain, konfiantza-, enpatia- eta gertutasun-elementua ere bada; lankide, bezero, hornitzaile eta abarrekin euskaraz eginda, konfiantza sortu eta handitzen da. Horrek guztiak balio erantsia ematen dio enpresari. Entitatearen irudia hobetu eta bezeroen aurrean sinesgarritasuna areagotzen du.
Norbanakook nola eragin dezakegu alor horretan?
Bezero moduan, euskarazko produktuak eta zerbitzuak kontsumituz eta enpresa eta establezimenduei euskaraz kontsumitzeko nahia berma dezaten eraginez. Hizkuntza-eskubideak urratzen dizkiguten establezimenduen aurrean kexa jarriz eta euskararekin erantzukizun sozialez jokatzen duten enpresak lehenetsiz.
Zerbitzu-erabiltzaile moduan, zerbitzuak euskaraz jasotzeko aukera dagoenean, hori baliatuz; ez dagoenean, eskaera luzatuz zerbitzu-emaile publiko zein pribatuei, eta gure nahia eta eskubidea betetzen ez dituztenak agerian utziz.
Langile moduan, enpresaren barrutik eragin dezakegu: euskaldunak bagara, euskaraz lan egiteko nahia plazaratuz eta horrek langileen kohesioan zein motibazioan izan dezakeen onura azalduz; euskaldunak ez bagara, euskara ikasteko eskubidea eta baldintzak aldarrikatuz.
Euskaraz lan egiteko eskubidea aldarrikatuz lan-hitzarmenetan, lan-jarduerak euskaraz garatzeko eskubidea gauzatzeko. Euskaraz lan egiteko eskubidea lankide guztiek izan dezaten, ezinbestekoa da lehen-lehenik beren burua euskalduntzea: euskararen ezagutzaz gain, lanerako trebakuntza bermatu ezean, oso zaila izango da euskaraz lan egiteko baldintza egokiak izatea.
Nagusi moduan, pentsatu beharra dago enpresaren etorkizunean hizkuntzen kudeaketak eragin handia izango duela, eta kontuan hartu beharko da pertsonen kontratazioan zein prestakuntzan, baita enpresaren parte diren guztien asebetetzean ere. Gizartearen parte den heinean, euskarari fokua eta baliabideak eskaintzea etorkizuneko inbertsioa da.
Koordinatzailea zara AHIZEn, zer da AHIZE? Zer egiten duzue?
AEKren hizkuntza-aholkularitza zerbitzua da AHIZE, eta gure egitekoa da Euskal Herriko herritarrek eta eragileek euskara ezagutzeko eta egunerokoan normaltasunez erabiltzeko proiektuak eta zerbitzuak sortzea eta garatzea. Euskararen ezagutzatik erabilerara salto egiteko, eta gizarteko hainbat eremutan euskara erabiltzeko guneak sortzeko: udaletan, enpresetan, gazteen artean, gizatalde espezifikoetan...
Euskal gizartearen sistema eragilean Klika egin nahi dugunez, eragin biderkatzailea duten produktu eta zerbitzuak jorratzen ditugu. Atzera-bueltarik gabeko emaitzak bilatzen ditugu, eta gure bezeroen autonomia bultzatzen dugu.
AEK gara, irabazi-asmorik gabeko erakundea. Gure sareari esker, Euskal Herri osora ailegatzen gara, herriak, pertsonak... errealitate ezberdinak bertatik bertara ezagutzen ditugu eta horietan eragiteko kodeak eta estrategia ezberdinak menderatzen ditugu.
Euskararen normalizaziorako eta hizkuntza-kudeaketa egokia egiteko zerbitzuak eskaintzen ditugu. Arlo sozioekonomikoan hizkuntzen kudeaketa sustatzeko proiektuak sortzen ditugu. Tokiko lan-munduan euskararen erabilera eta presentzia areagotzeko proiektuak dira, enpresa txiki, ertain zein handientzat eta horietan praktiketan ari diren ikasleentzat. Hobetzekoak identifikatzen lagundu, eta doako hizkuntza-aholkularitza zerbitzuak eskaintzen zaizkie enpresei. Enpresekin zuzeneko harremana duten erakundeekin batera bideratzen ditugu: mankomunitateak, fundazioak, udalak, garapen-elkarteak... eta Eusko Jaurlaritzak, aldundiek eta erakunde publikoek sustatzen dituzte. Horien barnean ere, tokiko sektoreetan eragiteko lanketa egiten dugu, sektore zehatzak jorratzeko eta egituratzen hasteko esku-hartzeak: turismoa, ostalaritza, automobilgintza, landa-garapena...
Enpresetan hizkuntza-aniztasuna kudeatzeko eta euskararen erabilera handitzeko aholkularitza ematen dugu. Neurrira egindako enpresa-planak, enpresen beharretara egokitutako esku-hartzeak, hizkuntza-irizpideak diseinatzeko, hizkuntza-ohituretan eragiteko, motibazioa areagotzeko ekintzak, laneko eginkizunetara bideratutako trebakuntza. Itzulpen- eta zuzenketa-lanak, dirulaguntzen kudeaketa, ziurtagiriak eskuratzeko laguntza...
Udal-erakundeetan: hausnarketa estrategikoak, AROAren markoan euskara sustatzeko ekintza-plana diseinatzeko eta garatzeko aholkularitza, euskara-zerbitzuen kudeaketa, arloetako plan espezifikoak: merkataritza, kirola, gazteak...
Motibazioa eta sentsibilizazioa lantzen dugu: eusLiderrak, hizkuntza-ohitura berriak sortzeko tailerrak, gazteentzat (DBH) eta Lanbide Heziketako ikasleentzat, kirol-hezitzaileentzat, zuzendaritza-taldeentzat... Baita euskAHALdun tailerra ere, euskaraz hitz egin eta ingurukoengan eragin nahi duten pertsonei zuzendua, tokian tokiko errealitatera egokitutako talde-dinamikak...
Azken urteotan martxan jarri ditugun tokiko sustapen-proiektuetan ikusten ari gara badaudela eragiteko aukerak; enpresentzat erreferentziazkoak diren eragileen eskutik joanda, enpresa batzuetako ateak zabaltzen ari zaizkigula; eta hainbat euskararekin konexioak eraikitzen hasi direla. Horretarako gakoa izaten ari da lidergo partekatua: erakundeak, lan-munduko erreferenteak eta euskalgintza enpresetan beste gaietan lortzen ez diren adostasunak eta aliantzak sortzen ari garela esan daiteke.
Lan-mundua euskalduntzeko, zer-nolako urratsak egin behar dira?
Aurrera egiteko garaia da eta jauzi kualitatibo bat ematekoa, hurrengo bi hamarkadetan jauzi berriak emateko aukera dugu. Euskararen erabilera erosorako baldintzak sortzeko beharrezkoa dugu:
Itun soziopolitiko berri eta sendo bat, —oinarrizko adostasunean euskara biziberritzeko aro berri baten oinarriak finkatuko dituena—, ikuspegi argi eta adostu batekin batera.
Administrazio publikoaren aldetik, euskararen aldeko estrategia eta legedia onartzea ere ezinbestekoa da. Araugintza jorratu, sustapena areagotu eta beharra sortu: hizkuntza-klausulak, pizgarriak..., berdintasun-planen antzera, enpresa guztiek gutxieneko betekizun bat bermatu. Erakunde publikoak sustatzaile/eragile rola bere gain hartu; hizkuntza-planak enpresetan txertatzeko dirulaguntza-sistema bakarra eta hurbila.
Era berean, diskurtsoak eguneratu eta kontakizun berri bat sortu beharra dago, atxikimendua gizartean zabaltzeko.
Aholkularion lana duin egiteko baldintzak bermatu eta euskararen biziberritzean diharduen ekosistema oso eta sendo bat, sektore egituratu bat.
Iparra argi dugu, etorkizuna erronkaz beteta dator eta aukera handiak ekarriko ditu. Eragile guztioi dagokigu aldaketetara egokitu eta prest egotea. Hori bai, etorkizuna guk eraikitzen dugu gure eguneroko erabakiekin.