Rakel Gamito: "Ikastaroarekin produktibitatean beste pauso bat eman nahi da"

2023ko urriaren 26a

Rakel Gamito: "Ikastaroarekin produktibitatean beste pauso bat eman nahi da"

"Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: produktibitatea hobetzeko metodoen oinarriak eta tresna digital lagungarriak II" ikastaroa emango du Rakel Gamito Gomezek (Arrasate,1984) UEUren ikasgela birtualaren bitartez. Hezkuntza Zientzietan doktorea da Gamito eta UEUren Pedagogia Saileko sailburua ere bada. Berarekin izan gara ikastaroaz hitz egiteko.

Denboraren kudeaketa hobetzeko estrategietan sakontzeko ikastaroa izango da oraingoa. Zein da abiapuntua?

Ikastaroaren abiapuntua izen bereko oinarrizko ikastaroa izango da. Bertan, GTD metodoa landu genuen, batik bat eta hori aurrera eramateko erabilgarriak izan daitezkeen tresna digitalak oso azaletik arakatu genituen: agenda digitala, oharrak gordetzeko aplikazioak, elkarlanerako tresnak eta aukerak… Hortik abiatuko gara, horiek guztiak sakontzeko eta, era berean, bestelako alderdi zein baliabide batzuk jorratzeko.

Ikasitakoan sakonduko duzue, baina metodo eta tresna berriak ere aurkeztuko dituzu.

Hori da, ikastaroaren hasieran aurretik landutakoak berreskuratuko dira, kontzeptuak eta aukerak gogoratzeko eta, posible den neurrian, horien erabileran sakontzeko. Dena den, ikastaroarekin produktibitatean beste pauso bat eman nahi da eta, horretarako, adibidez, denboraren kudeaketari buruz, bileren antolaketari buruz, ekintzen automatizazioa bideratzeko tresnei ere tartea eskainiko diegu.

Teoria eta praktika uztartuko dituen online ikastaroa da. Zein izango da funtzionamendua?

Uztartuko dira, bai, baina praktika izango da nagusi. Oinarrizko kontzeptu eta ideia batzuk landu ostean, metodoak aplikatzeko eta tresnak arakatzeko zenbait jarduera proposatuko dira. Hau da, eginez ikasiko da, gero norberak hausnartzeko eta erabakitzeko ea landutakoak egunerokotasunerako lagungarriak diren edo ez.

Nori dago zuzenduta?

Publiko zabalari. Gomendagarria da aldez aurretik oinarrizko ikastaroa egin izana, baina, ez da matrikulatzeko ezinbesteko baldintza edo muga izango.

Zer da ikastaroarekin lortu nahi duzuna?

Parte-hartzaileek eskura ditugun estrategiak eta tresnak ezagutzea eta horiek arakatzeko tarte bat eskaintzea. Ikastaroa laburra da, asmoa delako horiek ezagutzea, ideiak bezala. Gero, norberaren lana izango da ideia horiek egunerokotasunean aplikatzea. Gerta daiteke landutako baliabide guztiak parte-hartzaile guztientzat lagungarriak ez izatea, produktibitatearen ezaugarriak gure egunerokotasunak edota lanbideak markatzen dituelako, baina, aukerak ezagutu behar dira, gerora aplikatzeko eta euren baliagarritasuna neurtzeko.

Jakintza-arloak