Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: produktibitatea hobetzeko metodoen oinarriak eta tresna digital lagungarriak II (sakontze ikastaroa)

Aurkezpena
Denboraren kudeaketak gure helburuen arrakastaren eta porrotaren arteko aldea markatu dezake. Horregatik, askok prokrastinazioa alde batera utzi eta produktibitatearen oinarrizko ikastaroa sakontzeko gogoa adierazi duzue, inpaktu erreala lortzeko asmoz.
Ikastaroan, aurreko edukiak eta aukerak berreskuratuko ditugu, gogora ekartzeko eta, gainera, horiei buruzko bestelako funtzionalitate batzuk denbora gehiagorekin sakontzeko. Horrez gain, badira egunerokotasunean bereziki korapilatsuak diren zenbait alderdi, besteak beste lehentasunak markatzea edota bileren eraginkortasuna, eta, horregatik, ikastaroan horiek bideratzeko estrategiak landuko dira, norberaren hazkunde eta ongizatean inbertitzeko.
Irakasleak
Helburuak
- Banakako zein taldeko zereginak antolatzeko metodo ezagunenen ideia nagusiak gogora ekarri eta horiek bideratzerakoan korapilatsuak izan daitezkeen zenbait alderdi kudeatzeko irizpide estrategikoak eskaintzea.
- Aldez aurretik landutako tresnen oinarrizko erabilera zein funtzionalitate berriak sakontzea eta aurreko helburua lortzeko osagarriak diren tresna berriak arakatzea.
Edukiak
0. Sarrera: Martxan jartzen gara!:
- Ikastaroaren nondik norakoak.
- Aurkezpenak.
- Hasierako autoebaluazioa.
1. gaia: Oinarriak berreskuratu eta sakondu:
- GTDaren ideia nagusiak.
- Zereginen zerrenda.
- Egutegia.
- Inbox 0ren ideia nagusiak.
- Posta elektronikoa.
- Kanban-en ideia nagusiak.
- Lan-fluxua kudeatzeko tresnak (Trello eta beste batzuk).
2. gaia: Alderdi korapilatsuetarako irizpideak eta tresnak
- Denbora eta lehentasunak.
- Komunikazioa eta bilerak.
- Informazioaren kudeaketa.
- Sinplifikazioa eta automatizazioa.
Autoebaluazioa eta ikastaroaren balorazioa:
- Ebalua ezazu zure burua.
- Amaierako autoebaluazioa.
Metodologia
Ikastaroa online motakoa izango da, UEUko ikasgela birtualaren bitartez. Bertan, ikasleek ikastaroko informazio, eduki eta jarduera guztiak eskura izango dituzte, eta komunikatzeko bestelako tresnak ere bai (foroak adibidez). Tresna horiek ikasleen arteko elkarrekintza, eta ikasle-irakasle komunikazioa erraztuko dute.
Ikastaroak momentu oro teoria zein praktika uztartuko ditu, ikaskuntza-prozesuari eta gaitasunei garrantzi handia eskainiz. Horretarako, oinarri kontzeptualak ikus-entzunezko materialen eta adibide zehatzez landuko dira eta gailu digitaletan egin beharreko praktikak proposatuko dira. Era berean, ikastaroan zehar norberaren iritzi, hausnarketa, esperientzia edota zalantzak ikaskideekin partekatzeko aukera izango dute parte-hartzaileek, taldeari modu eraikitzailean eraginez. Beraz, ikasleen parte-hartzea zein praktika izango dira ikastaroaren funtsa.
Ikasleek momentu oro irakaslearen jarraipena eta tutoretza izango dute, baita UEUko lantalde pedagogiko eta arduradun teknikoaren sostengua ere bai. Ikastaroak jarraituko duen ikaskuntza-prozesua autonomoa eta esanguratsua izan arren, irakaslearen lankidetza eta laguntza izango dute, sortzen zaizkien zalantzei eta zailtasunei aurre egiteko.
Nori zuzenduta
- Publiko zabalari
- Zereginak ondo antolatu, taldeko koordinazioa bermatu eta, horrela, denbora hobeto aprobetxatu nahi duen edonori.
- Etapa guztietako irakasleei