"Pertsona adingabe transek diskriminazio handiena jasaten duten eremua eskola da"
2025eko maiatzaren 13a

"LGTBI+ gorroto-delituak nerabezaroan: pertzepzioak, ondorioak eta neurriak" ikastaroa emango dute ekainean Uxue Diez-Guiralek (Urnieta, 1994) eta Maite Azabal Gallegok (Errenteria, 1996). Diez-Guiral Hezkuntzan doktorea da eta irakasle laguntzailea Euskal Herriko Unibertsitatean. Identitateak eta orientazioak ikasgela barruan duten eraginaren gaineko ikerketak egin ditu genero- eta queer-ikuspegiak txertatuz. Azabal Psikologiako doktoratu aurreko ikertzailea da, Psikologia Sozial eta Klinikoan aditua eta Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzailea. Espazio publikoan gertatzen diren gorroto-delituak eta diskriminazioa ikertzen ditu, bai eta segurtasun-pertzepzioa eta gai hauek gizarte-kolektibo zaurgarrietan duten eragina ere. Iruñeko Ezpeleta Jauregian emango da UEUk Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin antolatu duen ikastaroa, ekainaren 25ean eta 26an. Haiekin izan gara ikastaroaz hitz egiteko.
Gora egin dute nerabezaroan LGTBI+ diskriminazioek…
Hala da, sexu-orientazio eta genero-identitateagatik egiten den diskriminazioak, bazterkeriak eta, oro har, biolentziak gora egin du azken hamarkadetan eta hori ziurtatzen duten hainbat iturri ditugu eskura. Ditugun baliabideetan fidagarrienetakoa litzateke Giza Eskubideen eta Botere Publikoen UNESCO Katedrak (EHU) urtero jasotzen duen gorroto-delituen informea. Azken informean ikus daitekeen moduan, Euskal Autonomia Erkidegoan 2023an erregistratutako gorroto-delitu guztietan (ez soilik sexu-orientazioari eta genero-identitateari egozten zaizkienak) argiki nabarmentzen da adin-tarte hau. Horrela, erregistratutako gorroto-delitu guztietatik (guztira, 304 2023. urtean) % 40 18-29 adin-tartean gertatzen dira. Ikuspegi orokorra izate aldera, gorroto-delituen adin-tarte osoa 11 eta 78 urte bitartekoa da eta 18-29 tartean erregistratu dira delitu gehien. Aitzitik, biktimei erreparatuz gero, adin txikiko biktimak % 14 dira: % 36 11 eta 13 urte bitartekoak eta % 64 14 eta 18 adin-tarteko nerabeak. Gainera, 13 urteko 5 nerabetik 1ek baino gehiagok (% 21,43) gorroto-delituen biktima izan da. Informe horren arabera, nerabezaro eta gaztaroan gorroto-delitu gehien egiten dira eta hori historikoki hala izan da erregistro-informeen arabera.
Ildo horretan, sexu-orientazioa eta genero-identitatea gorroto-delitu guztien zerrendan bigarren postuan kokatzen dira Euskal Autonomia Erkidegoan. Babestutako kolektiboek 2023. urtean 46 gorroto-delitu salatu zituzten eta haietatik % 29,09 orientazio sexualari eta genero-identitateari lotzen zaizkie. Rankingaren lehenengo postuan arrazismo eta xenofobiako gorroto-delituak kokatzen dira (% 58,7). Nafarroako Foru Komunitateari dagokionez, lurralde honek Espainiako Estatuko gorroto delituen intzidentzia altuena du (Tomás et al., 2023). Espainiako Barne Ministerioaren arabera, 2023. urtean 59 delitu jazo ziren NFKn eta sexu eta orientazioagatiko gorroto-delituak zerrendan bigarren izan ziren. Harrotu elkarteak Iruñeko Udalarekin batera ateratako azken informearen arabera, Nafarroako hiriburuan sexu-orientazioari eta genero-identitateari loturiko gorroto-delituak totalaren % 24,83 dira. Adin-tarteei erreparatuz gero, EAEn gertatzen den egoerarekin alderatzen da: haurtzaroan, nerabezaroan eta gaztaroan delituen % 41 gertatzen da.
Aldi berean, Eraberean (2023) informeak nabarmentzen duen moduan, nerabeak dira praktika eta diskurtso diskriminatzaile eta baztertzaileak pairatzen dituen gizatalde nagusia, zeina hezkuntza-testuinguruetan gertatzen den gehienbat, eta hori kezkatzekoa da.
Ez dugu ahaztu behar zifra hauen atzean dauden errealitateak hezur-haragizko nerabeek bizitzen dituztela. Bizitzako etapa garrantzitsu horretan halako egoera diskriminatzaile eta bortitzak jasateak ondorio kaltegarri anitz ditu. Izan ere, etapa horretan pertsonak zaurgarriak gara eta gure identitateko hainbat aspektu finkatu eta osatzeko gure kideen zein gizartearen begiradak argiki baldintzatu gaitzake.
Osasun mental zein fisikoan ondorio larriak izan ditzake horrek.
Aipatu moduan, diskriminazioa (zuzena edota zeharkakoa) jasateak ondorio larriak izan ditzake nerabe eta gazteen ongizate psikologiko eta fisikoan. Izan ere, LGTBI+ gazteek jasandako diskriminazioa oso lotuta dago autoestimua gutxitu eta suizidio-arriskua handitzearekin (Adelson et al., 2016; Pickles, 2021; Prairie et al., 2022). Horrez gain, literaturaren arabera, drogen kontsumoa (alkohola, tabakoa eta marihuana) handitu daiteke diskriminazioa pairatu duten LGTBI+ gazteetan. Aldi berean, depresio- eta antsietate-sintomatologia eta osasun mental kaskarra izateko prebalentzia ere handiagotzen dira (Earnshaw et al., 2016).
Zer paper izan dezakete hezkuntza-eragileek?
Egun, nerabezaroan sortzen diren LGTBI+ diskriminazio-egoerek kezka sorrarazten dute hezitzaile zein hezkuntza-eragileengan eta gai honetan sakontzeko interes berezia dago. Izan ere, esan moduan, azken hamarkadan igoera nabaria egon da diskriminazio mota hauetan, eta gure eskolen egunerokotasunean argiki islatu da. Ezarritako arau sozialetatik era batean edo bestean aldentzen diren nerabeek LGTBI+ diskriminazioa pairatzeko arriskua dute eta hori jasateak osasun mental zein fisikoan ondorio larriak izan ditzake (Adelson et al., 2016; Pickles, 2021; Prairie et al., 2022; Ybarra et al., 2015).
Identitatea zein orientazio sexuala haurtzaroan eta nerabezaroan garatzen eta finkatzen dira. Horregatik, adin horretan normatibitatetik aldentzen diren gazteek diskriminazioa pairatzeko arrisku berezia dute. Diskriminazio hori gizartetik ez ezik, berdinen artetik eta familietatik ere erator daiteke araututako identitate eta orientazioarekin bat ez etortzeagatik.
Ildo horretan, hezkuntza-sistema sozializazio-agente garrantzitsua da eta bertan gizartean ematen den diskriminazioa produzitzen eta birproduzitzen da ezinbestean. Ikasleek 3 eta 16 urte bitartean (gutxienez) euren denboraren parte esanguratsua eskolan sozializatzen igarotzen dute eta, beraz, testuinguru horrek berebiziko garrantzia du haien bizitzetan. Aurretik aipatutako sexu-orientazio eta genero-identitateagatiko gorroto-delituak egunerokotasunean gertatzen dira eskolan (Diez-Guiral, 2024; Etxeberria-Perez-de-Nanclares et al., 2023). Esan moduan, gizarte-arauetatik at dauden nerabe eta gazteek jasaten dituzte diskriminazio-egoera hauek eta arau horietatik gehien aldentzen diren pertsonak dira zaurgarrienak. Etxeberria-Perez-de-Nanclares et al. (2023) autoreen ikerketaren arabera, pertsona adingabe transek diskriminazio handiena jasaten duten eremua eskola da. Zentzu horretan, hezkuntza-politika, eskola-arau eta eskola-giro aproposak beharrezkoak dira diskriminazio honi aurre egiteko. Hainbat ikerketak erakutsi dutenez, irakasleen jarrera eta ezagutzak eragin izugarria izan dezake diskriminazio mota honi aurre egiteko. Horrexegatik, irakasleei geroz eta ohikoagoak diren egoeretan eta errealitateetan esku hartzeko tresna egokiak eskaintzea ezinbestekoa da.
Nori dago zuzenduta?
Aurreko guztia kontuan izanik, gure ikastaroa etorkizuneko irakasleei, jardunean diharduten irakasleei zein hezkuntzako bestelako eragile garrantzitsuei zuzentzen zaie bereziki. Izan ere, talde horiek dira nerabe eta gazteengan eragiteko botere handiena dutenak. Aldi berean, euren egunerokotasunean bizitzen dituzte aurretik aipatutako datu horien guztien atzean dauden istorio indibidualak.
Zer da ikastaroarekin lortu nahi duzuena?
Ikastaro honen xede orokorra da etorkizuneko irakasleei, jardunean diharduten irakasleei zein hezkuntzako bestelako eragileei nerabezaroan izaten diren LGTBI+ diskriminazio-egoeren gaineko informazio eguneratua eta zientzian oinarritutakoa eskaintzea. Aldi berean, LGTBI+ (edota sexu-orientazio eta genero-identitate) gorroto-delituek nerabeengan eragiten dituzten ondorioak azaldu nahi dira, bai eta haien inguruko sentsibilizazioa bultzatu eta hezkuntza-eragileak erantzun egokiak emateko trebatu ere. Ikastaroan landu nahi diren helburu zehatzak honakoak lirateke: batetik, etorkizuneko irakasleei, jardunean diharduten irakasleei zein hezkuntzako bestelako eragile garrantzitsuei nerabezaroan gauzatu daitezkeen LGTBI+ gorroto-delituen gaineko informazio teoriko zein praktikoa eskaintzea. Bestetik, etorkizuneko irakasleei, jardunean diharduten irakasleei zein hezkuntzako bestelako eragileei LGTBI+ gorroto-delituek nerabeengan izan ditzaketen eragin kaltegarriak azaltzea eta haien inguruko sentsibilizazioa bultzatzea. Hirugarrenik, LGTBI+ gorroto-delituen testuinguruteoriko eta formala ezartzea egungo marko eguneratutik. Baita etorkizuneko irakasleak, jardunean diharduten irakasleak zein hezkuntzako bestelako eragileak trebatzea nerabezaroan gerta daitezkeen LGTBI+ gorroto-delituen aurrean erantzun egokiak izateko. Azkenik, eguneroko praktikotasunean ikasgela barruan egiten diren LGTBI+ gorroto-delitu eta ekintzen gaineko hausnarketa sakonak bultzatzea.