Oskia Agirre Orbegozo: "Artxibozainik gabe artxiboak paper eta dokumentazio pila bat besterik ez dira"
2024ko uztailaren 4a
"Informazio eta Dokumentazio kudeatzaileen X. Bilkura” hartuko dute 52. Udako Ikastaroek. ALDEEk eta UEUk antolatu dute elkarlanean eta Oskia Agirre Orbegozo (Errezil, 1975) aritu da jardunaldiaren antolaketa-lanetan. Bibliotekonomia eta Dokumentazioa diplomatura egin zuen Zaragozako Unibertsitatean. 2012. urtean ikasketei berriro ekin eta Informazioa eta Dokumentazioan diplomatu da (Leongo Unibertsitatea) eta Dokumentazio Digitalean Masterra (UPF) egin du.
"Informazio eta Dokumentazio kudeatzaileen X. Bilkura: Artxiboen papera ikerkuntza prozesuan" izeneko ikastaroa antolatu duzu. Zergatik aukeratu duzue gai hau?
ALDEEko bazkideak hainbat profil profesionaletakoak dira: liburuzainak, dokumentalistak, artxibozainak, denak informazioa kudeatzen espezialistak. Aurreko urteetan liburutegi eta dokumentazio-zentroak izan ditugu hizketa-gai; artxiboei ere dagokien espazioa eskaini nahi genien. Euskal Herrian tipologia desberdinetako artxibo asko ditugu, handiak eta txikiak, publikoak zein pribatuak, baliabide asko dituztenak edo apenas baliabiderik gabekoak. Ikerketarako informazio-iturri ezinbestekoa dira eta ikerketa-prozesuan duten garrantzia azalarazi nahi genuen, artxibozainen ikuspegitik eta batez ere artxiboak erabiltzeko formakuntza berezia duten ikertzaileen ikuspegitik, berak baitira artxiboetan dagoen informazioa gizarteratzen dutenak.
Artxiboaz gain, artxibozainen papera ere ikerketan garrantzitsua da.
Artxibozainik gabe artxiboak paper eta dokumentazio pila bat besterik ez dira; artxibozainen lana nahitaezkoa da dokumentazioa antolatu eta bertan jasotako informazioa erabiltzaileentzat eskuragarri jarri eta erabilgarria izan dadin. Hori horrela, Ramon Martinen hitzaldia artxibozainak informazioa helarazteko orduan duten paperaz arituko da.
Kontutan izan behar da artxibozainen lana oso lan teknikoa dela; egungo teknologia berriek eta digitalizazioak hedapenerako aukerak izugarri zabaldu dituzte eta informazio- eta dokumentazio-arloko beste lanbide guztiak bezala, eraldatzen eta eguneratzen ari den profil profesionala da.
Horretaz gain, ikertzaileen eta artxibozainen arteko elkarreragina nahitaezkoa da artxiboetan jasota dagoen informazio andana berreskuratu eta ahalik eta ondoen ulertu ahal izateko.
Zergatik da garrantzitsua gai honetan formazio espezifikoa edukitzea?
Formazio espezifikoa garrantzizkoa da bai artxibozainen kasuan, bai eta ikertzaileen kasuan ere. Ez bakarrik informazioa kudeatu edota bilatzeko garaian, baita hura interpretatzeko orduan ere, garaian garaiko testuingurua ezagutu eta horren baitan interpretatu behar delako. Aurretik esan bezala, artxibozainen lana oso lanbide teknikoa da eta lanbide tekniko guztietan bezala formazio espezifikoa nahitaezkoa da, artxibo motaren arabera aldatu daitekeena.
Internetek eta artxiboen digitalizazioak edonoren eskura jarri dituzte artxibo askoren eduki eta bildumak, baina informazioaren eskuragarritasunak ez du erabilera egokia bermatzen. Informaziora iristea inoiz baino errazagoa bada ere, artxiboetara joan eta dokumentazioa fisikoki ikusi eta artxiboetako profesionalekin harremana izatea ezinbestekoa da informazioa bere osotasunean izateko. Ikertzaileek ere formazio espezifikoa behar dute informazioa bilatu eta aztertzeko garaian eta interpretatzean, gaizki ulerturik izan ez dadin.
Urteroko zita bihurtu duzue UEUren udako ikastaroena. Zergatik da garrantzitsua biltzea?
Foro garrantzitsua da euskaraz lan egiten duten profesionalak biltzeko. Informazio- eta dokumentazio-arloan ez dago euskarazko ikasketa espezifikorik eta batzuetan zaila izaten da gai teknikoak euskaraz lantzea. Alde horretatik garrantzizkoa da euskaraz lan egiteko nahia eta gaitasuna duten profesionalak biltzeko urteroko zita bat izatea; profesionalak saretzeko eta elkar ezagutzeko aukera paregabea da.