Oskar Arantzabal Iraeta: "Garai honetako jende askok ere ez die barkatzen Krutwig, Aginaga eta Txillardegiri orduko ausardia"

2024ko ekainaren 28a

Oskar Arantzabal Iraeta: "Garai honetako jende askok ere ez die barkatzen Krutwig, Aginaga eta Txillardegiri orduko ausardia"

"Krutwig, Aginaga, Txillardegi: askatasun-sortzaile madarikatu horiek!" ikastaroa egingo da Donostian, ekainaren 28an, UEUren 52. Udako Ikastaroen baitan. Oskar Arantzabal Iraeta ( Eibar, 1967) aritu da antolaketa lanetan, Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziaduna da (Deustuko Unibertsitatea) eta Nazioarteko Marketinean masterra du (Strathclyde University, Glasgow). Esportazio-lanetan jardunean dabil eta UEUko Ekonomia sailburua ere bada. Berarekin egon gara.

"Krutwig, Aginaga, Txillardegi: askatasun-sortzaile madarikatu horiek!" izanburua du ikastaroak. Zergatik ikastaro oso bat haietaz hitz egiteko?

Goiz bateko jarduera da hiru pentsalari horien ideia sakonak erreibindikatu eta mahai-inguru baten bueltan askatasun osoz askatasunaz aritzeko. Beharbada Txillardegi kenduta, beste biak aski ezezagunak dira publiko zabalarentzat (bereziki Aginaga) eta, zinez, askoz gehiagorako ere emango luke. Lozorroak astinduz, soka luzea ekarriko duelakoan gaude.

Hiru izen hauek pentsalari apurtzaileak izan ziren eta garai hartako jende askoren mespretxua jaso zuten. Zergatik?

Erraietatik ari zirelako statu quo osoa kuestionatzen: estatu propio baten beharra inperialismoari aurre egiteko, hizkuntza eta historiaren auzia. Horregatik madarikazioaren ironia. Zoritxarrez, garai honetako jende askok ere ez die barkatzen orduko ausardia. Ustez gureak diren erakundeak ezkutatu eta baztertzen ari dira, kolonialismo mentalaren lekuko.

Euskararen aldarrikapenaren buru izan ziren. Haiek aldarrikapen hori ez baldin bazuten egin, gaur egun, gauden lekuan egongo ginateke?

Aginagari kritikatzen zaio ez zuela euskaraz idatzi, baina beste biak euskaldun berriak izanik ere, adibidez Krutwigek euskara Euskaltzaindian sartu zuen eta Txillardegik literatura modernoan. Aitzindari izan ziren garai zailetan, baina hizkuntzaren konkistak-edo kolektiboak izaten dira beti. Are gehiago, gauden lekutik duintasunez nora joan nahi dugun erabaki beharko genukeenean.

Ikastaro honetan jendeak zer ikastea gustatuko litzaizuke?

Haiek luzatutako galdera heterodoxoek indarrean jarraitzen dutela, hortik gaurkotasuna birpentsatzeko garai hauetan. Gehiegizko ortodoxiak herria aspergarri bihurtzen du. Ez da kasualitatea Jon Mirande bera ere berriz itzuli dela agendetara. Hizkuntza bat debekatzen duen Konstituzioa demokratikoa al da? Errege-erregina katolikoen jarduna bizikidetzaren aldekoa izan al zen? Oso oinarrizko kontzeptuak dira, erantzunen zain, geure errelatoa idazteko.

Jakintza-arloak