Oskar Arantzabal: "Pandemiak, gerrek eta klima-aldaketak oinarrizko burujabetza ekonomikoaz hausnartzera gonbidatu gaituzte"

2023ko urriaren 19a

Oskar Arantzabal: "Pandemiak, gerrek eta klima-aldaketak oinarrizko burujabetza ekonomikoaz hausnartzera gonbidatu gaituzte"

"Ekonomialari Euskaldunen III. Biltzarra (EEB2023). Oinarrizko burujabetza ekonomikoa" jardunaldia antolatu dute UEUk eta Ekonomisten Euskal Elkargoak lankidetzan Gasteizen, urriaren 27an. Oskar Arantzabal Iraeta (Eibar, 1967) da antolatzaileetako bat. Bera, Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziaduna da (Deustuko Unibertsitatea) eta Nazioarteko Marketinean masterduna (Strathclyde University, Glasgow, Scotland). UEUkoTalde Eragileko kidea eta Ekonomia Saileko sailburua ere bada. Aurreko bi biltzarretan ere antolatzaile lanetan aritua, harekin izan gara jardunaldiaz hitz egiteko.

Ekonomialari euskaldunen III. Biltzarra egingo duzue, inoizko babes handienarekin.

Halaxe da, Donostian egin genuen lehenengo edizioan (2019) lau logotipo agertzen ziren kartelean, bigarrenean Bilbon (2021) hiru—pandemia-garaiak—eta aurten bederatzi. Kontuan izanda lurraldetasunari ematen diogun garrantzia, aurrera begira Nafarroa Garaiko eta Ipar Euskal Herriko eragileen presentzia bermatu nahi dugu, datozenak bertan egitea aurreikusten dugulako. Babesean hazi eta hazi besterik ez zaigu gelditzen!

Oinarrizko burujabetza ekonomikoa jarriko duzue erdigunean oraingoan. Zergatik?

Aurreko bi edizioetan gaiak nahiko nahasiak izan ziren. Lehenengoan, itsu-itsuan, ez genekien masa kritikorik ote zegoen, baina berrogei lagun inguru elkartu ginenez, bigarrenerako erronka hartzea erabaki genuen. Pandemia zela-eta (nahiz eta streaming bidezkoari esker beste hamar entzule gehiago erantsi) ildo beretik abiatu ginen, lehentasuna euskaraz izateari emanez. Oraingoan gai monografiko hau plazaratzen dugu azken bi urteotako testuinguruak ezinbestean hala eskatuta: pandemiak, gerrak (edo gerrek) eta klima-aldaketak oinarrizko horietaz hausnartzera gonbidatu gaituzte (ingelesez “Basic economics” deritzona). Eta horretan, zoritxarrez, gure erabakitzeko ahalmen mugatuak.

Demografia, ura, klima-aldaketa, elikadura, energia... begirada desberdina duten adituak gonbidatu dituzue.

Pozik gaude jasotako baiezkoengatik, lehenengo aldiz Euskal Herria bere osotasunean ordezkatua izango da eta hizlarien maila ere jasoa dugu. Begirada desberdinak badu bere zentzua, gauzak gaizki badoaz ezin duzu espero aldatzea berdin egiten jarraituz gero. Adibidez, gure burujabetza elikadura- edota energia-kontuetan ez da % 10era ere iristen. Okerrenean jarrita, gure “paradisu gastronomikoa” ez da jasangarria. Alternatibak bilatu beharko ditugu, ezta? Ainhize-Monjolosen kokatzen den Euskal Herriko Laborantza Ganbarak herri honen zenbait paradoxa ekarriko digu. Kooperatibismoak, berriz, oligopolio energetikoei aurre egiteko modu demokratikoago bat.

Oinarrizko burujabetza ekonomikoaren gaineko eztabaida ere sustatuko duzue arratsaldeko tailerretan.

Azpititulu gisa “Prospekzio estrategikoak estatu-egiturak eraikitzeko” jarri diogu, bi multzotan sailkatuta: jendea eta baliabideak (hemen kasu praktikoak ikusiz, garraio-sektoretik hartuak). Adibidez, migrazioaren, gizarte-segurantzaren pentsioen, meteorologiaren eta abar luze baten eskumenak —berrogei urte eta gero— ez daude gure eskuetan. Nola landuko ditugu gure politikak beste gune batzuetan erabakitzen badira eta hemen horien kudeaketa besterik ez bada egiten? “Egonkinak” arazo larri bat dira herri honentzat.

Zer da biltzarrarekin lortu nahi duzuena?

Hasieran ekonomialari euskaldunok elkar ezagutzea eta unibertsitatearen eta profesionalen arteko zubi-lana egitea baziren helburuak, horiez gain, oraingoan kontzientzia sakondu nahi dugu bizi dugun ziurtasunik gabeko errealitateaz eta etorkizuneko gure erronkez, erabakiak hemen hartze aldera. Ponentziak eta bestelako eranskin osagarri batzuk liburu moduan argitaratu nahi ditugu, gure ondorioak eta aholkuak gizarteratzeko asmoz.

Zerbait nabarmentzerik nahi?

Urriaren 28an hasiko garela hurrengoak prestatzen, Biltzarraren izaera ibiltariari erantzunez. Ondo bidean, 2025ean Iruñean —euskal ekonomiaren nazioartekotzeaz— eta 2027an Baionan —ideologia ekonomikoez—. Horiek bai hemen eta guk erabaki ditzakegula!

Jakintza-arloak