Onintze Azpitarte Lopez: "Alderdi politiko abertzale eta gazte-erakunde abertzaleentzat beharrezkoa da Estatus Politiko Berriaren eztabaida subiranotasunean sakontzen jarraitzeko"
2025eko azaroaren 27a

Uztaro aldizkarian argitaratu ditu Onintze Azpitarte Lopezek (Elorrio, 2001) "Euskal Autonomia Erkidegorako Estatus Politiko Berria: alderdi politiko eta gazte-erakunde abertzaleen ikuspegiak eta proposamenak" ikerlanaren nondik norakoak. Politika Zientzia eta Kudeaketa Publikoan da graduatua (EHU) eta Subiranotasuna Europako Herrietan du Masterra (EHU). Harekin izan gara.
EAErako Estatus Politiko Berri baten diskurtsoak alderdi abertzaleen diskurtsoetan indarra hartu duela diozu. Zein testuingurutan?
EAErako Estatus Politiko Berri baten diskurtsoak alderdi abertzaleen diskurtsoetan indarra hartu du edo agenda politikoan hizpide eta eztabaida-gai bilakatu da, batez ere, 2024ko EAEko hauteskunde autonomikoen osteko testuinguruan. Izan ere, hauteskunde-kanpainan, bi alderdi abertzale nagusiek (Eusko Alderdi Jeltzaleak —EAJ— eta EH Bilduk) adierazi zuten gai honetan aurrerapauso bat emateko beharra eta nahia. Behin hauteskunde horiek igarota, alderdi abertzaleek berriro berretsi zuten behar eta nahi hori.
Ildo horretan, hainbat faktore hartu behar dira kontuan. Alde batetik, 2024ko hauteskundeetako emaitzek honako eszenatoki hau utzi zuten: lehen aldiz, Legebiltzarra gehiengo abertzalez osatua dago. Bestalde, Espainiako Estatuari begira, eskuineko alderdiekin itunik egin nahi ez badu, Espainiako Gobernuak nahitaez negoziatu behar du EAJrekin eta EH Bildurekin, baita gainerako indar subiranistekin ere. Beraz, nolabait, egoera horrek aukera ematen du Espainiaren izaera plurinazionalari buruz hitz egiteko eta eztabaidatzeko. Azkenik, esan bezala, EAJk, EH Bilduk eta gazte-erakunde abertzaleek uste dute Gernikako Estatutua berritzeko beharra dugula, egungo erronkei eta aldaketei aurre egin ahal izateko eta burujabetza-prozesuan beste urrats bat emateko.
Estatu Politiko Berriaren inguruan euskal alderdi abertzaleek duten iritzia jaso nahi izan duzu. Nortzuek hartu dute parte?
Helburu hori lortzeko, EAJren ordezkari batek eta EH Bilduren beste batek parte hartu dute ikerketan, bi alderdiek abertzale gisa definitzen baitute euren burua. Horrez gain, azterlanean EGIko kide baten eta Ernaiko beste baten iritziak, helburuak eta proposamenak ere jasotzen dira. Interesgarria eta aberasgarria izan da azken kide horiei entzutea; hain zuzen ere, EGI eta Ernai EAJ eta EH Bildu alderdi politikoen gazte-mugimendua edota gazte-antolakundea direlako, eta egiaztatu ahal izan dugu gazte-erakunde abertzaleek eta alderdi politiko abertzaleek bat egiten dutela beren proposamenetan, iritzietan eta helburuetan gai honi dagokionez.
Alderdi edo mugimendu bakoitzaren ordezkari bana elkarrizketatu duzu. Non jarri duzu fokua ? Zein izan da prozedura?
Ikerketaren helburuek fokua leku batean edo bestean jartzera eraman naute. Kasu honetan, alderdi politiko abertzaleen eta gazte-erakunde abertzaleen EAErako Estatus Politiko Berriari buruzko iritziak, helburuak eta proposamenak aztertzea zen xedea. Hori lortzeko, zenbait gai jorratu ditugu, hala nola subiranotasun politikoaren definizioa, une politikoaren azterketa, Estatus Politiko Berriaren inguruko edukiak edo proposamenak eta etorkizunera begirako bide-orria. Horrela, hainbat ondorio atera ahal izan ditugu.
Elkarrizketa horien oinarria gidoia izan da. Kasu honetan, bi gidoi-eredu landu ditugu, bat alderdi politiko abertzaleen ordezkarientzat eta bestea gazte-erakunde abertzaleen ordezkarientzat. Zentzu horretan, oro har, analisia errazteko asmoz, galdera gehienak berdinak izan diren arren, zenbait galdera berariaz egin dizkiegu gazte-erakunde abertzaleetako kideei. Gainera, elkarrizketetan beharrezkoa izan denean, gidoi hori unean uneko egoerara egokituz joan gara.
Galderei dagokienez, helburu espezifiko bakoitzari lotutako galdera batek edo bik osatzen dute gidoia. Horrez gain, lau ordezkarien prestutasuna eta eskuzabaltasuna eskertzekoa da, elkarrizketa bera egiteko prest agertu zirelako eta egindako galdera guztiak erantzun zituztelako. Azkenik, aipatzekoa da elkarrizketatutako pertsonen hautaketan kontuan hartu direla genero-oreka eta EAEko hiru lurraldeak bere osotasunean ordezkatzeko irizpideak, besteak beste.
Puntu batzuk partekatzen dituztela erakutsi dute emaitzek.
Bai, guztiek puntu batzuk partekatzen dituztela ondorioztatu dugu, eta hori balioan jartzea garrantzitsua da. Alde batetik, EAEk gaitasun politiko gehiagoren beharra duela uste dute guztiek, azken urteetan erabaki-ahalmena murriztuz joan baita botere zentralarekiko, Espainiarekiko alegia. Testuinguru horretan, nahiz eta azken helburua Euskal Estatua lortzea izan, denek ulertzen dute prozesu luze baten ondorioz baino ez dela lortuko. Horregatik, beharrezkotzat jotzen dute urratsez urrats aurrera egitea, hots, ahalik eta eremu gehienetan subiranotasun-maila handiagoak lortzea. Ikuspuntu horretatik, Estatus Politiko Berriaren eztabaida beharrezko aurrerapausotzat jotzen dute subiranotasunean sakontzen jarraitzeko.
Bestalde, abertzaleen arteko akordioari ere funtsezkotzat deritzote, eta lehen pausoa izan behar duela diote: bi alderdi abertzaleen arteko akordioa gauzatzea, gero gainerako indar politikoekin negoziatu ahal izateko. Horren haritik, Estatus Politiko Berriaren edukiari dagokionez, denak bat datoz ideia honetan: besteak beste, nazio-aitortza eta erabakitzeko eskubidea jaso behar ditu. Hortaz, bi alderdiek elementu eta ideia batzuk dituzte komunean, eta horrek, printzipioz, akordio batera iristeko bidea erraztu dezake.
Ez hori bakarrik, Kataluniako prozesua gogora ekarriz, aldebakartasunaren estrategia alde batera utzi eta adostasunean jartzen dute begirada. Ondorioz, abertzaleen arteko akordioaz gain, gainerako alderdiekin eta baita Espainiako Estatuarekin ere eztabaida ireki behar dutela uste dute.
Desadostasunak ere agerian geratu dira.
Adostasun-puntu batzuk identifikatu ditugun bezala, zenbait desadostasun ere antzeman ditugu. Puntu honetan, gogoratu behar dugu Gernikako Estatutua berritzeko azken saiakera 2018an egin zela, eta hasieran nolabaiteko akordioa lortu bazen ere, azkenean, alderdi abertzaleek testu ezberdinak aurkeztu zituztela. Gauzak horrela, nahiz eta EH Bilduko kidearentzat hasierako testu artikulatu hori gaur egun bi alderdien arteko negoziazioa hasteko abiapuntua izan daitekeen, EAJren ordezkariak ez du uste ezinbestean abiapuntua izan behar duenik.
Lurralde ikuspegiari dagokionez ere, aldeak nabaritu daitezke. Izan ere, ikerketa EAEn zentratzen den arren, EH Bilduko kideak Euskal Herria bere osotasunean hartzen du gogoan, eta hiru lurraldeen artean (EAE, Nafarroa eta Ipar Euskal Herria) harremana finkatzea eta sendotzea egin beharreko lanetako bat dela dio. EAJkoak ez du hainbeste aipatzen gai hori.
Gainera, EAJren eta EGIren ordezkariak ez bezala, EH Bilduko eta Ernaiko kideek Espainiako Estatuan momentu honetan “aukera-leihoa” zabalik dagoela uste dute, eta aukera hori aprobetxatzearen garrantzia azpimarratu dute, egoera aldatu baitaiteke.
Zein izan beharko luke hurrengo urratsa(k)?
Hurrengo urratsa(k) EAJren eta EH Bilduren arteko akordioa izan behar du. Esan bezala, eta ordezkariek adierazitakoaren arabera, akordio horrek ezinbestean barne bildu beharko ditu nazio-aitortza eta erabakitzeko eskubidea, besteak beste. Ikerketa hau 2024an egin genuen, eta badirudi gaur egun bi alderdiak ari direla lanean. Beraz, ikusi beharko da zein den emaitza.
Horrekin batera, beharrezkoa da gehiengo sozialak artikulatzea eta gizarte-mobilizazioa indartzea. Horretarako, gutxieneko akordio bat egin beharko da ahalik eta pertsona gehien batzeko.
Azkenik, esango nuke gero eta argiago ikusten ari garela hauteskunde-ziklo baten atarian gaudela. Horrek areagotu egin dezake EAJren eta EH Bilduren arteko lehia, eta eragin negatiboa izan dezake Estatus Politiko Berri baten negoziazioan. Beraz, hauteskundeetatik eta alderdi lehiatik harago, gakoa da herri gisa pentsatzea eta herriaren ikuspegia alderdiaren gainetik jartzea.
Uztaro aldizkarian argitaratu dituzu ikerketaren emaitzak. Garrantzitsuak dira horrelako plataformak?
Bai, Uztaro bezalako plataformak oso garrantzitsuak dira. Unibertsitatean egiten diren lan asko hor geratzen dira, askotan ez dira gizarteratzen edo sozializatzen, nahiz eta gizartearentzat interesgarriak eta baliagarriak izan. Uztarok azken hori ahalbidetzen du. Era berean, herri gisa horrelako plataformak behar ditugu, hemen egindako lanak eta pilatutako ezagutza euskal gizartearen esku uzteko. Arlo honetan ere burujabetza behar dugu eta Uztarok euskal gizarteari eragiten dioten gaiak eta lanak ezagutarazteko aukera ematen du, bertako marko, ikuspegi eta tresnekin garatuak.