Olatz Uranga Barandiaran: "Minbizia detektatzeko baliagarria izan daiteke argiaren eta molekulen arteko interakzioa ezagutzea"
2024ko maiatzaren 28a

Olatz Uranga Barandiaranek (Donostia, 1991) Kimikako ikasketak hasi zituen Donostian 2009an. Erasmus programa egiteko atera zen lehen aldiz etxetik. Utretchen (Herbehereetan) izan zen eta orduz geroztik zenbait lekutan aritu da Kimika Teorikoan espezializatu nahian.
Kimika ikasketak egin eta ikerkuntzaren munduan barneratu zinen gero. Zergatik kimika? Zergatik ikerkuntza?
Betidanik gustatu zait zientzia. Batxilergoa bukatu nuenean Matematika ikasi nahi nuen, baina ez nuen etxetik atera nahi izan eta, beraz, Kimika ikastea erabaki nuen. Kimikan hasi eta berehala Kuantikak atentzioa eman zidan, planteatzen zuena sinestezina egiten zitzaidan eta kuriositate handia piztu zidan. Horregatik, unibertsitateko irakasle batek asko lagunduta Utretchera joan nintzen Kuantikan espezializatzen hasteko. Eta bertan hasi zen dena. Donostiako Unibertsitateko ikerketa-taldea ezagutzen hasi nintzen eta haiek bultzatuta hasi nintzen ibilbidean. Gainera, kuriositate handia izan dut beti eta ikerketan horregatik sartu nintzela esango nuke.
Molekulek argiarekin duten elkarreragina aztertu duzu. Nola sortu zen aukera?
Masterra egin ondoren, zalantza asko izan nuen doktoretza egin ala ez. Donostiako ikerketa-taldea ezagutzen nuenez, haietako batek argiaren eta molekulen arteko interakzioa aztertzeko aukera proposatu zidan Bordeleko beste talde batekin kotutelan; eta saltoa eman nuen.
Elkarreragina nolakoa den ordenagailuaren bitartez aztertzen duzu. Zein da prozesua?
Prozesu luzea da! Lehenik eta behin molekularen geometria optimoa zein den jakin behar da, energia zenbatekoa duen, bere bibrazioak eta abar aztertu. Ondoren, molekula hori kitzikatu egin behar da argiarekin eta sortzen diren egoeren energiak kalkulatu. Azkenik, molekula hori bera taldekatu egin behar da, hau da, bat izan beharrean, bi, hiru, lau… molekula berdin lotuta, eta berriro ere kalkulu berdinak errepikatu kasu hauetarako. Kalkulu horiek guztiak egiteko superordenagailuen beharra dago.
Batik bat agregatutako molekula horietan jarri duzu fokua. Zergatik?
Molekula agregatuetan posible delako aldaketak egitea. Molekula bat bestearekin lotzean erabiltzen diren zubiak alda daitezke edota egituran talde funtzionalak gehitu daitezke fotoluminiszentzia desberdina lortzeko.
Elkarreragina ulertzeak medikuntzari lagunduko liokeela diozu. Zer aplikazio izan litzake?
Minbizia detektatzeko baliagarria izan daiteke. Gaur egun, zianinak erabiltzen dira minbizi-tumoreak luminizatzeko. Hori kontuan hartuta, zianinen antzeko molekulak proposatu ditut.
Molekulek fluoreszentzia eman dezaten, argiarekin kitzikatu behar dira. Beraz, gizakiarentzat horren inbaditzailea ez den argia erabiltzea komenigarria da, hau da, argiaren energia txikiagotzea edo espektro elektromagnetikoan gorrirantz eramatea. Hori izan da, hain zuzen, sortu ditudan molekulekin lortu nahi dudana, zianinekin konparatuta argiztatzeko erabiltzen den argiaren energia txikitzea.
Zeintzuk dira esku artean dituzun erronkak?
Gaur egun, ikastola batean irakasle naiz. Ikerketa aldi baterako gelditzea erabaki nuen eta beste lanbide bat probatzeko gogoa nuen.
Txiotesian parte hartu zenuen. Zer-nolako esperientzia izan zen?
Esperientzia ederra izan zen. Horren konplexua dirudien gaia modu erraz eta dibertigarrian azaltzeko aukera eman zidan eta lagunartean tarte polita pasatzeko.