Oihane Alustiza Calvillo: "Arreta kliniko integrala bermatzeko, ezinbestekoa da tratamendu klinikoaz gain, psikoonkologia eta gizarte-laguntza sistematikoki eskaintzea"
2026ko urtarrilaren 8a

"Minbiziaren diagnostikoa jaso duten nerabe eta heldu gazteen ezaugarri eta beharrak" ikerlanaren nondik norakoak argitaratu ditu Osagaiz aldizkarian Oihane Alustiza Calvillok (Urretxu, 1999). Alustizak Medikuntzako Gradua du eta mediku egoiliarra da Donostiako Unibertsitate Ospitaleko Onkologia Erradioterapikoa zerbitzuan. Harekin izan gara.
Zer da AYA?
AYA akronimoak “Adolescents and Young Adults” esan nahi du, eta onkologian 15 eta 39 urte bitartean minbiziaren diagnostikoa jaso duten pazienteei egiten die erreferentzia. Talde honek ezaugarri kliniko eta psikosozial bereziak ditu, eta horregatik arreta espezifikoa behar du. Adin-tarte honetan, minbiziaren epidemiologia, tratamenduaren erantzuna eta bizi-egoerak nabarmen aldatzen dira, eta horrek arreta pertsonalizatua eskatzen du.
Arreta onkologikoari lotutako taldearen ezaugarri espezifikoak aztertu nahi izan dituzue. Non jarri duzue fokua?
Arreta berezia jarri dugu AYA taldearen (15-39 urte) ezaugarri bereziak ulertzen, bai ikuspegi klinikotik bai psikosozialetik. Proiektuaren ideia eta orientazioa Izaskun Zeberiok eman zizkidan, EHUko irakaslea eta Donostia Unibertsitate Ospitaleko hematologoa izanik, bere laguntza funtsezkoa izan da ikerketa garatzeko; izan ere, hematologian nerabe eta heldu gazteetan minbizi kasu asko ikusten dira, eta horrek gure azterketari ikuspegi kliniko sendoa eman dio. Alde batetik, minbizi hematologikoen epidemiologia aztertu dugu, intzidentzia-tasak, biziraupen-datuak eta tratamendu-eskemak kontuan hartuz. Bestetik, pazienteen bizi-kalitatean eragin zuzena duten behar psikosozialak identifikatu ditugu, hala nola nortasun-galera, gizarte-isolamendua, ugalkortasun-kezkak eta eskola edo lan-aukeren galera. Helburua arreta integralaren garrantzia azpimarratzea izan da, pazienteen osasun fisikoaz gain, haien ongizate emozionala eta soziala bermatzeko.
Talde heterogeneoa da AYA. Zer erakutsi du egin duzuen paziente onkologikoen inguruko bilaketa bibliografikoak?
Bilaketa bibliografikoak agerian utzi du AYA taldearen heterogeneotasuna, adinaren eta bizi-egoeraren arabera. Nerabeek (15-24 urte) hauskortasun emozionala, ikasketak eta gizarte-harremanak dituzte ardatz, eta horrek tratamendu-prozesuan eragin handia du. Helduek (25-39 urte), berriz, ugalkortasuna, karrera profesionala eta egoera ekonomikoa dituzte kezka nagusi. Horrek erakusten du arreta pertsonalizatua beharrezkoa dela, azpitaldeen ezaugarriak kontuan hartuta, bai tratamendu klinikoan bai laguntza psikosozialean.
Nerabe eta heldu gazteen ezaugarri biopsikosozialak ezberdinak dira…
Minbiziaren diagnostikoak bizitzako etapa kritikoan eragiten du eta ondorioak sakonak dira. Paziente askok nortasun- eta independentzia-galera bizi dute, mendekotasun-sentsazioarekin batera. Gizarte-isolamendua ere ohikoa da, berdinen taldean desadostasuna eta harreman-zailtasunak sortzen direlako. Horri gehitzen zaizkio antsietatea eta emozio-kudeaketaren erronkak, berrerortzearen beldurra eta etorkizunarekiko ziurgabetasuna tarteko. Ugalkortasun-kezkak eta eskola edo lan-aukeren galera ere nabarmenak dira, produktibitatearen jaitsiera eta ikasketetan etenak direla eta. Horregatik, arreta biopsikosoziala ezinbestekoa da pazienteen bizi-kalitatea bermatzeko.
Arreta klinikoa osoa izan dadin zer hartu beharko litzateke kontuan?
Arreta kliniko integrala bermatzeko, ezinbestekoa da tratamendu klinikoaz gain, psikoonkologia eta gizarte-laguntza sistematikoki eskaintzea. Komunikazio egokia funtsezkoa da: pazientearen ahalduntzea bultzatzeko informazio argia eta kanal egokiak (idatzizko planak, bideoak) erabili behar dira. Ugalkortasunaren babesa ere kontuan hartu behar da eta tratamendua hasi aurretik hura bermatzeko aukerak aintzat hartu. Gainera, espazio propioak eta laguntza-komunitateak sortzea lagungarria da isolamendua murrizteko. Azkenik, entsegu klinikoetan parte-hartzea sustatzea beharrezkoa da, tratamendu-protokolo egokiak garatzeko eta emaitzak hobetzeko.
Minbizidun nerabe eta heldu gazteentzako gidaliburua sortu da. Zer helbururekin?
Gidaliburuaren helburua da pazienteei informazio eskuragarri eta ulerterraza eskaintzea, euren egoera biopsikosozial bereziari erantzuteko. Dokumentuak ahalduntzea, isolamendua murriztea eta tratamendu-prozesuan orientazioa ematea bilatzen du, gai garrantzitsuak jorratuz: ugalkortasuna, gizarte-laguntza, komunikazioa eta bizi-kalitatea hobetzeko baliabideak, besteak beste. Horrekin pazienteen autonomia eta konfiantza indartzea izan da helburua.
Zer da ikerketarekin lortzea gustatuko litzaizuekeena?
Ikerketaren bidez, bi helburu nagusi lortu nahi ditugu: alde batetik, kontzientziazioa handitzea, AYA taldearen ezaugarri bereziak eta beharrak ezagutaraziz eta arreta integralaren beharra azpimarratuz; bestetik, arreta hobetzea, entsegu klinikoetan parte-hartzea sustatuz eta osasun-zentroetan espazio propioak sortuz, pazienteen bizi-kalitatea eta ahalduntzea bermatzeko.
Osagaiz aldizkarian argitaratu dituzue ikerketaren emaitzak. Garrantzitsuak dira horrelako plataformak?
Bai, oso garrantzitsuak dira. Horrelako plataformek aukera ematen dute ezagutza zientifikoa zabaltzeko, profesionalen arteko elkarlana sustatzeko eta gizartean kontzientziazioa handitzeko. Gainera, euskarazko dibulgazioak komunitateari hurbiltzen dio informazioa. Horrek guztiak etorkizunean pazienteen bizi-kalitatean eragin zuzena izan dezake.