Oihana Etxarte: "Berdintasunera heltzeko hezkuntzak erantzun antolatu bat behar du"
2023ko urriaren 23a

"Hezkidetza, hezkuntza irauli dezakeen begirada" ikastaroa emango du Oihana Etxarte Buezok (Agoitz, 1989) Iruñean. UEUren udazkeneko eskaintzaren barruan. Etxartek ikasketak ditu Musika Hezkuntzan, SKOLAEko formakuntza jaso zuen eta tutore-lanetan ibili eta gero, egun, talde teknikoko kidea da. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Sexu Hezkuntzako Titulu Propioa du eta baita Camilo José Cela Unibertsitateko Sexologia eta Sexu Hezkuntzan Masterra.
Hezkidetzaren gaia jarriko duzue erdigunean. Zergatik?
Gure gizartea patriarkala da eta jaiotzen garenetik, sozializazioa, gure sexu edota generoaren arabera, modu batean edo bestean egiten da. Sozializazio-prozesua testuinguru matxista, LGTBI+-fobo, arrazista, klasista eta kapazitistetatik bideratzen da. Ondorioz, mailakatuta dagoen gizartea sortzen da, hau da, alde batetik, arau hegemonikoa betetzen duten pertsonak, eta horrenbestez, “erdigunean” edo “barruan” daudenak, eta bestetik, “gainerakoak”, “besteak” edo “kanpo” daudenak, bigarren mailakoak gaude. Beraz, desberdintasunean oinarritutako gizartea mantentzen jarraitzen dugu.
Hezkuntza gizartearen isla den aldetik, gure ikastetxe eta geletan ere, aipatutako desberdintasunak erreproduzitzen ditugu, mantentzen ditugu, eta, beraz, nekez aldatuko ditugu aipatutako desoreka eta berdintasunik eza ez baditugu identifikatzen. Hor dago gakoa: lehenik, errealitateaz jabetu behar dugu, oinordetzan jasotako berdintasunik ezaz jabetu behar dugu, eta, behin kontzientzia hartuta, desoreka gainditzeko neurriak hartuko ditugu.
Berdintasunera heltzeko hezkuntzak erantzun antolatu bat behar du. Berdintasuna ikasi behar da eta desoreka mantentzen duten egoerak, arrazoiak, etab. kolokan jarri behar dira hausnarketa kritikoa sustatuz; izan ere, gure ikasleek genero-arauan, estereotipoetan, roletan, harreman hierarkizatuetan, sexualitate-eredu normatiboetan errotutako desberdintasunekin hezten dira.
Berdintasun gabezia hori ezabatzeko lan egin behar dugu, eta prozesu horrek des-ikasketa eskatzen du. Kritikaren bitartez lantzeaz gain, gure ikasleei eredu berriak, alternatibak eman behar dizkiegu. Ikasleekin aurretik berdintasunik ezaz ikasitakoa des-ikasi behar dugu, hau da, berdintasunik eza identifikatzen ikasi behar dugu; oinordetzan jasotako pribilegioak antzematen ikasi behar dugu; indarkeriak ikusten ikasi behar dugu haietatik babestu eta baztertu ahal izateko; eta horretarako tresnak eta baliabideak ez ezik, espazio eta denbora ere eskaini behar zaio.
Hezkidetza, beraz, tresna bat dela diogu, bakarra ez bada ere, neskatoen, emakumeen eta sexu-identitate edo -orientazio ez-hegemonikoak dituzten pertsona guztien aurkako genero-indarkeriak prebenitzeko tresna. Are gehiago, denontzat bidezkoak eta osasuntsuak diren ereduak sustatzen dituen tresna ere badela esan dezakegu.
Nafarroan hasieran irakasleen banakako ekimena zena orain hasi da modu sistematizatuan egiten. Zerk ahalbidetu du hori?
Argi dago hezkidetza ez dela gaurko kontua. Diozuen bezala, berdintasunean hezi duten irakasleak egon badira. Irakasle iraultzailetzat har ditzakegu; izan ere, hezkuntza iraultzearen aitzindariak izan dira. Baina esan bezala, ez da praktika orokortua izan eta irakasle gutxi batzuk izan dira aipatutako bideari jarraitu ziotenak, modu indibidualean, dena beren gain hartuz, eta traba guztien gainetik.
Egun, ordea, egoera ez da berdina. Nafarroako egoera, 2017/2018 ikasturtean aldatu zela esan dezakegu. Ikasturte horretan apustu politiko argia egin zen hezkidetzaren alde. SKOLAE hezkidetza-programa diseinatu eta ikastetxeetan martxan jartzen hasi zen. Geroztik, hezkidetza saretuz eta sistematizatuz joan da.
Derrigorrezkotasuna izan da sistematizazio horretan gakoa. Hezkidetzak gure hezkuntza-praktika eraldatzea dakar, baita ikastetxeen eraldaketa garatzea ere. Kontuan hartu behar da, beraz, alde batetik, ikastetxearen prozesua eta, bestetik, irakasle moduan egindako prozesua. Hau da, ikastetxe bat programan sartzen den momentutik 4 fase igaro behar ditu, eta fase horiek dirauten bitartean, bertan dauden irakasleek urtero ordu kopuru zehatza eskaini behar dute hezkidetzan formakuntza egitera. Formakuntza horiek, batzuetan, modu indibidualean egiteko diseinatuta daude eta teoriko-praktikoak dira, hau da, lan pertsonala eta ekintza praktikoak dituzte oinarri, betiere, ikasleenganaino ailegatzeko helburua presente izanik. Beste batzuetan, ordea, ikastetxe-mailan egiteko diseinatutako formakuntzak dira, ikastetxearen eraldaketan denon inplikazioa behar baita.
Ikasturteekin batera, egonkortuz joan da eta ezinbestekoa den egitura sendoa errotu da: ikastetxe guztiek hezkidetza-koordinatzaile bat eta talde sustatzaile bat izan behar dute, formakuntzaren ibilbidea, ikastetxeen arteko saretzea, etab.
Ikastetxe hezkidetzailea eraikitzeko norantz eman behar dira pausoak? Horren gainean hausnartu nahi duzue.
Hezkidetzaren alde ematen diren pausoak inoiz ez dira nahikoak. Hezkidetzak, tipulek bezala, kapa asko dituela deritzogu. Denok formazioz gainezka gaude, baina jakin badakigu, gure hezkuntza-praktika egiten ditugun prestakuntzez baino haratago doala. Esango nuke ikastaroak gure praktika eraldatzeko abiapuntua izan daitezkeela. Benetan hezteko modua aldatzeko denbora behar da, egiteko beste modu batzuk integratu, gauzatu eta sistematizatu arte prozesua luzea da.
Hezkidetzan, beraz, berdin geratzen da. Lehenik, kontzientzia hartu behar dugu, eta gaiarekin sentsibilizatu behar dugu, hortik abiatuta neurri eta erabakiak hartzeko, gure praktika heziketzailea izan dadin. Arreta eremu ezberdinetan jar dezakegu: ikasleekin lantzen ditudan edukietan, adibidez, zer-nolako adibideak agertzen dira? Zer erreferente agertzen dira? Zeintzuk ez? Espazio eta denborari dagokionez, nola erabiltzen dira gelan dauden txokoak? Nork okupatzen ditu? Eta patiokoak? Arreta espazio akustikoan jartzen badugu, nork okupatzen du espazio gehien? Ikasle guztiek modu orekatuan parte hartzen dute edo badago ahotsen bat espazio eta denbora gehien okupatzen duena? Liburutegiari begira, ba al dago hezkidetza eta sexu-hezkuntzarekin lotutako balioak lantzen dituen libururik? Familiekin berdintasunarekin zerikusirik duen garapenaz hitz egiten dut? Galderekin jarraitu nezake, aipatu bezala, tipularen kapa bat kentzeak hurrengora garamatza. Argi dago patriarkatuan oinarritutako gizartean murgilduta egoteak etengabe hetero-araua arnastea dakarrela, hori dela eta, gure hezkuntza-praktika, praktika hezkidetzaile jarraitua eta etenik gabekoa izatearen beharra. Mireia Delgado-k dioen bezala, “xirimiri feminista” da beharko genukeena.
Nori dago zuzenduta?
Tailerra gaian interesa duen edonori zuzenduta dago, hezkidetzan hasia den edozeini bere hezkuntza-praktika kolokan jarri nahi duenari, irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesu feministak praktikan jarri nahi dituenari, bere burua hezkidetzaren ikuspegitik auto-behaketa egin nahi duenari, nahi bai baina nola egin ez dakienari, dagoeneko egiten duenari baina sakondu eta bestelako praktika eta esperientziak ezagutu nahi dituenari, SKOLAE programa ezagutzen duenari eta ezagutzen ez duenari. Bere hezkuntza-praktika eraldatu nahi duenari. Bere hezkuntza-praktika gizarteko eredu cis-hetero-patriarkaletik aldendu eta horri buelta ematen dion hezkuntza-praktika nahi duenari.
Zer da ikastaroarekin lortu nahi duzuna?
Tailerraren helburu nagusia, SKOLAE programa ezagutzeaz gain, praktika hezkidetzaileak ezagutzea da. Ikasleen erreferente bezala, geure burua aztertuko dugu eta, zergatik ez, kolokan jarriko dugu. Horretarako espazio segurua sortuko dugu, eta hausnarketak partekatzeko konfiantzazko espazioa sortuko dugu. Gustatuko litzaidake, tailerra bukatzean, parte-hartzaileengan hezkidetzan jarraitzeko edo sakontzeko gogoak piztea, eta, noski, landutakoa praktikan jartzeko gogoak izatea. Gure egitekoaren garrantziaz jabetzea eta irakasle edo hezitzaile bezala dugun arduraz jabetzea. Hezkuntza baita gizartea aldatzeko giltza.