"Motrizitatearen eta eskuztatzearen garapenean, pertsonaren nortasuna ari gara eraikitzen"
2023ko urriaren 13a

"Haurraren jarduera autonomoak duen garrantzia 0-3 urteko etapan" ikastaroa emango da UEUren udazkeneko eskaintzaren barruan. Urriaren 18an hasiko da ikastaroa eta Ainhoa Aranburu (1971, Alegi) eta Jose Luis Macarro (1966, Donostia) izango dira irakasleak. Aranburu, Haur Hezkuntzako goi-mailako teknikaria da eta gaur egun haur-hezitzailea. Macarro, berriz, Magisteritzako eta Pedagogiako ikasketak ditu eta Haur Hezkuntzako Goi-mailako Heziketa Zikloan da irakaslea.
0-3 urte artean haurraren jarduera autonomoak duen garrantzia azpimarratuko duzue. Zergatik?
Heldua izango den haurraren bilakaeran eta eraikuntzan bizipenen eraginak duen garrantziaz ohartu garelako. Gizartean garai hauetan mezu kontrajarriak sortzen direla ikusten dugu, denak azkar behar du izan eta segurtasun handirik gabe. Motrizitatearen eta eskuztatzearen garapenean, pertsonaren nortasuna ari gara eraikitzen. Momentu horien lasaitasuna eta segurtasuna etorkizun bete eta osasuntsurako oinarri dira.
Emmi Piklerrek zioen “orainaldia bizituz, etorkizuna eraikiz” eta Rudolf Steinerrek “loreak fruitua iragartzen duen bezala, hala gizakiaren haurtzaroa bere etorkizuneko bizitzaren promesa da”. Horregatik haur txikien heziketan dihardugunean, hezitzaileok ezagupenak eta jokabide etikoa bereganatu behar ditugula uste dugu. Hauek dira, hain zuzen, gure ikastaroaren egitasmoak.
Mugimendu askea, jolas librearen garrantzia, espazioa, materialak... umearen garapenean eragiten duten esparruak aztertuko dituzue.
Arestian aipatu bezala, jarduera autonomoak duen garrantziaz ohartu eta hura ahalbidetzeko ezinbestekoa da aipatu dituzun esparru horiek ezagutzea eta kudeatzea. Garapen motorraren prozesua nolakoa den ezagutzea, eskuztatzearen garapena nola gertatzen den jakitea, haurra garatzen doan heinean materialaren eta espazioaren kudeaketa beraren beharrekin koherentea eta lagungarria izan dadin.
Baita haurraren garapenean helduaren esku-hartzeak dituen ondorioak.
Esate baterako, gure esperientziaren arabera, maiz ikusi dugu materialak ez direla haurren eskuetan egoten, eta helduaren esku-hartze horrek haurrari ekartzen dizkion ondorioak ere ikusi ditugu: inpultso epistemikoa galtzea, helduarekiko mendekotasuna areagotzea eta bere buruarekiko segurtasun falta izatea, liskar-egoerak areagotuz. Horretaz gain, ezin dugu ahaztu helduaren jarrerak errespetuzkoa eta behatzailea izan behar duela, haurra bere jardueratik distraitu gabe eta ozenki hitz egin gabe, esaterako. Profesionalaren lan pertsonala ere garrantzitsua izango da haurrak haren begirada senti dezan.
Haurren jarduera autonomoa izan dadin, zaintzen garrantzia ere ezin dugu ahaztu, ikastaro honetan landuko ez dugun arren.
Ikastaroa online izango da, baina aurrez aurreko bi mintegirekin uztartuko da. Zein izango da dinamika?
Mintegi hauek haur-psikologoa den Juanjo Kintelaren eskutik jasoko ditugu, bertan, izakiaren garapen kognitiboa nola gertatzen den ikusiko dugu eta prozesu hauetan profesionalak haurren taldeari gelako eguneroko bizitzan nola lagun diezaiokeen aztertuko dugu.
Nori dago zuzenduta?
Haur txikien garapenean interesa duen pertsona orori, bereziki, 0-3 adin-tartean lan egiten duten profesionalei.
Zer da ikastaroarekin lortu nahi duzuena?
Haurren beharrak eta garapen-prozesuak ezagutzeko garrantzia identifikatzea eta jarduera autonomoa ahalbidetzeko gakoak eta jarrerak lantzea. Profesionalok haurren eskubideak babesteko estrategiak eskuratzea eta pertsona bere osotasunean garatzeko aukera emateko profesionalak izatea, haurrak garapen orekatua, plazerezkoa eta baketsua izan dezan.