Haurraren jarduera autonomoak duen garrantzia 0-3 urteko etapan

Aurkezpena
Haurraren jarduerak duen garrantzia ulertzeko, bitartekoak nola kudeatu jakiteko zein hausnarketa espazioa sortzeko, marko teorikoa sortuko dugu hainbat jarduera egiteko proposamenak diseinatuz. Guzti hau talde hausnarketa eginez, praktika kontzienteak identifikatuz eta idatziz jasoz egingo dugu.
Ikastaro honetan 0-3 adin tarteko haurren inguruko jarduera autonomoa zertan datzan landuko da. Horretarako, autonomiaren kontzeptuan sakontzeaz gain, haur txikiaren garapen motorraz eta honek mugimendu askea sustatzeko duen paperaz hausnartuko da. Adin tarte honetan jolas librea eta eskuztatze garapena (garapen manipulatiboa) ahalbidetzeko oinarriak jarri eta horrek duen garrantziaz ohartzen saiatzea izango da xedea. Bestalde, espazio eta materialen eskaintzaren inguruko gogoeta bideratuko da, helduaren rolean ere arreta jarriz.
Ikastaroa online izango da, nagusiki, UEUren Ikasgela Birtualetik.
Aurrez aurreko 2 saio izango ditu, UEUren Ikastetxe Nagusian (Otaola hiribidea, 1, Eibar):
• Azaroaren 9an, osteguna, 17:30-19:30.
• Azaroaren 16an, osteguna, 17:30-19:30.
Aurrez aurreko saio hauetara etortzea beharrezkoa izango da.
Irakasleak
Helburuak
- Haurraren jarduera autonomoak duen garrantzia ulertzea.
- Bitartekoak kudeatzeko hausnarketa egitea.
- Espazio eta materialen egokitasuna identifikatzea.
- Helduaren rola definitzea.
Edukiak
- Biologia eta kultura ikuspegitik, haurraren garapenean helduaren esku hartzeak dituen ondorioak.
- Jarduera autonomoa, garapen global harmoniko baterako oinarri.
- Mugimendu askea.
- Jolas librearen garrantzia.
- Espazioa eta materialen/ekipamenduaren kudeaketa koherentea.
- Hezitzailearen rola.
Metodologia
Ikastaroa online izango da eta, horretarako, Moodle irakaskuntza-plataforma batean oinarrituta dagoen UEUren Ikasgela Birtuala erabiliko da. Ikastaroak metodologia parte-hartzailea eta aktiboa izango du eta aurrez aurreko bi mintegirekin uztartuko da. Gainera, gai bakoitzaren bukaeran tutoretza saio birtualetarako aukera egongo da, nahi duenarentzat.
Edozein kasutan, ikasleek momentu oro irakasleen jarraipena eta tutoretza izango dute, baita UEUko lantalde pedagogiko eta arduradun teknikoaren sostengua ere. Ikastaroak jarraituko duen ikaskuntza-prozesua autonomoa eta esanguratsua izan arren, irakaslearen lankidetza eta laguntza izango dute, sortzen zaizkien zalantzei eta zailtasunei aurre egiteko.
Ikastaroak alde teorikoa eta praktikoa uztartuko ditu. Zehazki, jarduera autonomoaren garrantzia ulertzeko, bitartekoak kudeatzen ikasteko zein hausnarketa espazioak sortzeko marko teorikoa garatuko da, hainbat jarduera egiteko proposamenak diseinatuz. Guzti hau talde mailako gogoetak eginez eta praktika kontzienteak identifikatuz eta idatziz jasoz egingo da.
Horretarako, irakurketak, lanketak, hausnarketak, praktikak... diseinatuko dira. Lan indibiduala egiteaz gain, taldeko hausnarketak bultzatuko dira eta aurrez aurreko mintegiekin tresna esanguratsuak eskainiko dira.
Nori zuzenduta
0-3 urte bitarteko haurrekin lanean dabiltzan hezitzaileei zein arloan irakasle edo ikasle gisa dabilen orori (Haur Hezkuntzako graduko irakasle-ikasleak, Lanbide Heziketako Haur Hezkuntzako irakasle-ikasleak, etab.).